Urtarrilaren 18an, Pedro Miguel Etxenikek Nafarroako Ikastolen Elkartearen NIE Saria jaso zuen. Saria Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta zuzendariak eman zioten. Ekitaldian ordezkaritza instituzionala egon zen: Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria, Mikel Irujo; Jabi Arakama; eta Pedro Miguel Etxenikeren familia eta lagunak, baita Nafarroako Ikastolen ordezkaritza ere. Baita beste edizio batzuetan saritua ere izandako Carlos Garaikoetxea. Ekitaldian Paz de Zigandako haurren abesbatzak eta Ainhoa Egizabal dantzariak parte hartu zuten.
Luzea izango litzateke Pedro Miguel Etxenikeren curriculuma errepasatzea. Nafar hau Izaban jaio zen 1950ean, eta ikerketa fisikoaren zientzialari gakotzat jotzen da mundu mailan. Ibilbide luzea denboran eta espazioan, bilakaeran eta kausalitatean, eta tituluz, sariz, karguz eta argitalpenez, ideiez eta esperientziez, ziurtasunez eta zalantzaz jositako bidea du.
Batzuk aipatzearren, eta badakigunez jaiotzen ikusi zuen tokian egindako errekonozimenduak izateagatik ilusio bereziz jaso zituela: Vianako Printzea Kultura saria, Izabako Seme kutuna, Manuel de Irujo saria, NUPeko honoris causa Doktorea, Nafarroako Urrezko Domina. Eta, baita 1998an Euskaldun Unibertsala, Zientzia Zehatz, Fisiko eta Naturalen Errege akademiko numerarioa, Fisikako Max Planck Saria eta Ikerketa Zientifiko-Teknikoko Asturiasko Printzea Saria ere.
Pedro Miguel Etxenike Erronkari bailarako medikuaren eta Felisa Landiribar erretiroa hartu arte San Fermin Ikastolako andereñoaren semea da. Ikastolek egiten duten bezala, Pedro Miguelek mundura irekitzea aldarrikatzen du, baina sustraiak ahaztu gabe; edo aurrerapen zientifikoa “atzera begiratuz arraunean aurrera” egiten duen trainera dela; beti ere, iraganeko ezagutzan oinarritua.
Sarritan entzun diogu errepikatzen hezkuntza dela herrialde baten, gizarte baten eta gurea bezalako herrialde baten etorkizuneko inbertsiorik onena, eta munduan kalitatez eta hezkuntza lehenetsiz baino ezin duela lehiatu.
Bere esanetan, munduan badira teknologia eta ezagutza ekarri duten kulturak, baina Europak munduari egiten dion ekarpena giza eskubideak direla eta hor sartzen dela hezkuntzarako eskubidea. Hezkuntza etorkizunarekiko elkartasuna da. Eta ekitatea. Ekitatea eta etorkizunarekiko elkartasuna. 80ko hamarkadan, parentesi bat egin zuen bere ikerketa-ibilbidean, eta herrialdearekin zuen konpromisoak politikan sartzera eraman zuen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kulturako kontseilari gisa.
NIE Saria aitortza hau emateko arrazoiak asko dira. Besteak beste, Zientziari egindako ekarpen eta ikerketa-lan guztiagatik, Euskarari eman dion tokia eta erabilera bultzatzeagatik, Zientzia euskaraz ikasi, landu, ikertu eta honen erabilpena modu ausartean defendatzeagatik, Hezkuntzari eskainitako gogoeta eta artikuluengatik, ikasleen izaera kritikoa eta egungo ikasleen ikasketa prozesua modu errealean maisuki ezagutu eta adierazteagatik, eta ikastolen mugimenduaren aldeko bere konpromiso irmoagatik.
Honengatik guztiagatik Nafarroako Ikastolen Elkarteak, NIE Saria 2023 eman dio Pedro Miguel Etxenikeri. Zorionak Pedro Miguel Etxenike!
Etxenike irakasleak hunkituta esker solas hauek esan ziztuen: "Ohore handia da sari hau jasotzea. Esker onez, euskararen aldeko hitzak egin zituen: "Euskarak aurrera egiteko legeez gain, euskararekiko maitasuna kulturaren bidez sustatu behar dugu".