Lesakako Beti Gazte sokatira taldeak Irlandan lortutakoa ikaragarria izan da. Hemeretzi urte beranduago, berriz ere munduko txapeldun izan da. Hori gutti ez, eta lehen aldiz eman dio euskal selekzioari urrezko domina bat goma gaineko munduko sokatira txapelketan.
Herritarrek emandako harrera beroaren biharamunean, gure ikastolara hurbildu dira Beti Gazte sokatira taldeko lau tiratzaile: Karmele Pikabea, Julen Palenzuela, Ainhoa Etxegarai eta Iñigo Alzugarai. Irlandan lortutako dominaz eta kopaz gain, oroitzapen ahaztezinez kargatutako motxilarekin sartu dira ikastolako gimnasiora. Bertan, ikastolako ikasle eta irakasle guztiak gintuzten euren esperoan eta txalo zaparrada batez agurtu eta gero, guregana hurbildu dira gure galderei erantzuteko prest.
Nolako balantzea egin dezakezue 2023ko sokatira mundialari buruz?
Balantze hagitz positiboa egiten dugu. Egia erran, ez genuen inondik inora horrelako emaitzarik espero. Dominen borrokan sartzea espero genuen baina ez horrelako emaitza positiborik. Bederatzi domina lortu ditugu eta, erran bezala, hagitz balantze positiboa egiten dugu.
Nolakoak izan dira Irlandan pasa dituzuen egunak?
Irlandan pasa ditugun egunak nahiko intentsoak izan dira. Azkenean, kategoria aunitzetan tiratu dugu eta denetan lehiatu behar horrek, intentsitatea areagotzen du. Sentimendu pila bat eta emozio pila bat bizitu ditugu baina, azkenean, dena hagitz ongi atera da eta hagitz gustura egon gara Irlandan.
Zer izanen litzateke egun horietan bizitakotik nabarmenduko zenuketena?
Elkarren artean dugun harremana nabarmenduko genuke. Gure indarguneetako bat, taldeko kide guztien artean dugun giro ona da.
Non ibili zarete sokatiran munduan?
Euskal Herriko txoko aunitzetan ibiliak gara. Hortaz aparte, munduko leku aunitzetan egon gara. Hala nola, Irlandan, 2016ean Herbehereetako Volendanen egon ginen, Glasgown (Eskozia), Italian…
Zaila al da horrelako bidaietarako behar duzuen aurrekontua osatzea?
Bai, zaila da. Erraza ez da izaten, aunitz mugitu behar zara, pila bat ate jo behar dira, batzuk irekitzen dira eta bertze batzuk itxi. Nafar Gobernuak, Lesakako Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta partikular desberdinek gure proiektua diruz laguntzen dute. Baita Miguel Indurain Fundazioak ere. Fundazio honek eskaintzen dituen dirulaguntzetara sarbidea izateko, baldintza batzuk bete behar dira. Gure kasuan, Nafarroako eta Euskal Herriko txapeldun izatea.
Zergatik aukeratu zenuten sokatira eta ez bertze edozein kirol?
Bertze kirol batzuk ere probatu ditugu. Nik (Ainhoa Etxegarai), pertsonalki, bakarkako kiroletan jarduten nuen eta Lesakara etortzeko eta sokatiran aritzeko aukera eman zidatenean, ez nuen zalantzarik izan. Batez ere, talde giroarengatik aukeratu nuen sokatira, elkarren artean dugun harremana eta giro onagatik. Azken finean, hagitz ongi moldatzen gara denak eta horregatik, batez ere, sokatiraren aldeko hautua egin nuen.
Nolako ekipamendua behar du sokatiralari batek lehiatu ahal izateko?
Bi gauza nabarmenduko genituzke: kamisetari jartzen diogun goma eta zapatilak. Kamisetari paratzen diogun gomak funtzio bat du, soka ez irristatzea alegia. Garrantzitsuena oinetakoak dira. Erabiltzen ditugun zapatilek ez dute zola arrunta. Guk erabiltzen ditugunei, orain arte behintzat, kautxua jarri diegu. Kautxu horrek lortzen duena, goma gainean ez irristatzea da eta horrela indar gehiago egiten ahal dugu.
Nolakoak dira sokatiralari baten entrenamenduak?
Zenbat denbora eskaintzen diozue sokatirari astean? Soka astean bitan egiten dugu, astearte eta ortzegunetan, 19:30etatik 22:00ak arte. Gero, sokatik aparte eta bakoitzak ahal duenean, gimnasioa edota fisikoa lantzen dugu.
Sokatiran badugu Euskal selekzioa, nola osatzen da?
Euskal Herriko txapelketak banatzen ditu txartelak, horrela erabaki zuen Federazioak. Maila bakoitzeko txapeldunak, Munduko Txapelketan Euskal Herria ordezkatzeko eskubidea du. Txapelduna talde onena dela suposatzen da eta talde bereko kide guztiak tiratzeak, arrazoi desberdinak ditu: kideen arteko harremana, elkar ezagutzea, elkar ulertzea…
Pisuaren arabera, zenbat kategoria daude sokatiran?
Nesketan bi kategoria daude: 500 eta 540 kiloko kategoriak. Mutiletan, aldiz, lau maila desberdin bereizten dira: 680, 640, 600 eta 560 kiloko kategoriak. Eta azkenik, neskak eta mutilak elkarrekin egiten duguna, hau da, 580 kiloko kategoria mistoa. Taldeak aukeratzen ditu zer zortzi sartu behar diren lehian.
Eta hurrengo Munduko Txapelketa ez dute urruti. Izan ere, Munduko Txapelketa bi urtetik behin izaten da, urte bikoitietan. Aurten 2022koa jokatu dutenez, heldu den urtean izanen da hurrengoa, Suedia hegoaldean, Helsinborg hirian hain zuzen ere. Nahiz eta badakigun aurtengoa errepikatzea zaila izanen dela, zorterik onena opa diegu.