gaztain.gif (3340 bytes)OLENTZEROREN ASTOA

 

PERTSONAIAK:

Narratzailea Olentzero
Prontsio astoa Postaria
Bargotako Aztia Mikelats
Argitxo  

 

OLENTZEROREN ASTOA (Bertsio laburra) / Jatorrizko bertsioa ikusteko hemen klikatu

Narratzailea: Ezagutzen al duzue Olentzeroren astoa? Bai, ba duela urte asko, aspaldi-aspaldian, zuen gurasoak txiki-txikiak ziren garai haietan, Olentzero ohiko moduan bere asto Prontsiok lagundurik basora zihoan lanera.

Olentzero: Animo Prontsio, gutxi falta zaiguk eta. Gaur ez diat ba zama handirik jarri, zer gertatzen zaik?

Prontsio: Nekatuta nagok Olentzero eta tripak ere mugituak dizkiak, belar txarren batek kalte egingo zidan. Ia, ia, ia...

Olentzero: Ez nauk harritzen Prontsio, izan ere badaukak apetitua. Askotan, harrapatzen duan guztia jaten duk eta gero komeriak.

Prontsio: Ederrak hitz egin dik. Ia, ia, ia.

Olentzero: Benga berriketa gutxiago eta jarrai dezagun aurrera.

( Prontsiok puzkarra botatzen du)

Narratzailea: Zuek ba al dakizute Olentzeroren lana zein den? Bai, txondarra egitea ikatza lortzeko. Ba azkenik irtsi ziren Olentzero eta Prontsio Txondarra zegoen lekura, hainbeste izerdi bota eta gero.


Prontsio: Asko falta al zaiguk iristeko?

Olentzero: Ez moteil iada bertan gaituk. Gaur inoiz baina kexatiago somatzen diat Prontsio, zer duk? Gaixo al hago?

Prontsio: Ez nagusi, esan diat lehen ere oso nekatuta nagokela. Atsedenaren egarri ikaragarria diat.

Olentzero : Beno-beno! Ez zagok inguru hauetan hi bezalako sasoirik daukan astorik eta. Horrelakoak esaten aritzen ba haiz , lehenago zahartuko haiz.

Prontsio: Zahartu? Iada aspaldi zahartu ninduan ni.

Olentzero: Nola esango duk ba hori? Hobea diat hiri kasurik egin gabe lanean serioski hastea.

Prontsio: Nik lo-kuluxka bat botako diat orduan, axola ez bazaik?

Narratzailea: Eguna aurrera zihoan eta iluntzen hasi zen. Maridomingi, Olentzero eta berarentzako afaria prestatzen ari zen, olentzeroren abestia abestuz.

Maridomingi: Olentzero joan zaigu mendira lanera, intentzioarekin ikatz egitera.( Abestuz)

Olentzero: Gabon Maridomingi, usain goxoak ditun gure baserrian orain ere. Zer dun afaltzeko? Gosez amorratzen nagon.

Maridomingi: Zopa pixka bat, lukainka eder bat eta arraultza fijitu pare bat. Baina, non duk Prontsio?

Olentzero: Larrean utzi diñat, ea asetzen den eta atseden hartzen duen. Egun guztia nekatuta zagokela eta nekatuta zagokela esaten pasatu din, iada ni ere arduratzen hasia naukan.

Maridomingi: Zahartu egin duk gure Prontsio Olentzero, urteek ez ditek barkatzen.

Olentzero: Zer esan nahi dun? Iada lanak egiteko gaitasunik ez diñala gure astoak? Ez horrelakorik esan! Inguru hauetan ez zagon Prontsiori jarraituko zion beste astorik.

Maridomingi: Egia esan diat nik, gu ere zahartzen ari gaituk eta gure astoak ere urte asko ditik. Urteak aurrera egin ahala indarra galtzen eta makaltzen joan duk. Gainera gabonen atarian gaudek.

Olentzero: Bazekiñat Maridomingi, baina nik aurten ere nire lagun Prontsiok lagundurik banatuko ditiñat opariak, urteroko legez.

Maridomingi: Zer soinu huan hori? Norbait zebilek kanpokaldean!

Olentzero: Prontsio izango dun, bapo-bapo eginda.

( Postariak atea jotzen du)

Olentzero: Nor haiz?

Postaria: Postaria nauk Olentzero.

Olentzero: Aurrera Postari. ( atea irekitzen duen bitartean)

Postaria: Gabon Maridomingi, gabon Olentzero. Barkatu ordu hauetan etorri izana, baina badakizue lanez gainezka gabiltzala Olentzeroren eskutitzekin.

Maridomingi: Ene . . . euskal Herriko haurrak aztiak dituk benetan, begira bestela, orain ere berandutzerako hasi dituk eskutitzak idazten.

Postaria: Bai horrela dun Maridomingi. Ahazterako tori eskutitzak Olentzero. Barkatu atrebentzia baina, erabat arduratuta ikusten haut, ondo al hago?

Olentzero: Egia esan, arazotxo bat nian orain arte, baina ideia bat bururatu zaidak! Hik itxoin mesedez hemen unetxo batez. ( orri eta arkatz baten bila joaten da)

Maridomingi: Ene, zer bururatu ote zaiok orain gizon honi?

Postaria: Lasai Maridomingi itxarongo zionat eta.

Olentzero: Zer bururatu zaidanan? Bargotako Joanes aztiari laguntza eskatzea. Prontsiok, nirekin opariak banatzeko zerbait egin baharra zaukanat. Eskutitz bat bidaliko zionat, gertatzen zaidana kontatuz. Eramango diok ala?

Narratzailea: Esandako moduan Olentzerok eskutitz bat idatzi zuen eta postariari eman zion, berak eraman zezan. Oso arduratuta zegoen Olentzero. Hurrengo goizean, egunero bezala, gosaldu eta basorantz abiatzeko , Prontsioren bila joan zen larrera eta larrean zeudela . . .

( Pauso otsa entzuten da)

Olentzero: Zer izan duk hori?

Prontsio: Lasai Olentzero, basuerderen bat izango duk aztarrika.

Olentzero: Harritzen zidak basuerdea guregana hainbeste hurbiltzea. Hor norbait zagok. Zein zebilek hor? Nor haiz?

( Joanes ateratzen da)

Joanes: Bargotako Joanes nauk Olentzero. Banekian txondar bat zegoela inguru hauetan eta pentsatu nian moduan hirea duk.

Olentzero: Ene lagun zaharra, eskertzen diat hain azkar etorri izana.

Joanes: Zer moduz Maridomingi? Ongi ibiliko duk ala?

Olentzero: Ondo zebilek bai. ( Bizkarretik heltzen dio eta astoarengandik urruntzen dira) Prontsio zebilkiat erabat nekatuta, zahartuta zagokela besterik ez dik esaten.

Joanes: Bai, irakurri diat eskutitzean.

Olentzero: Hik pentsatu al duk zerbait?

Joanes: Bai Olentzero. Gaztetzeko ukendu berezi bat ekarri diat, ondoren astoari gorputz guztian zabaltzeko.

Narratzailea: Olentzero oso alai zegoen, sinismen handia bait zuen Joanesengan. Horrela Prontsiok lo hartu bezain pronto, ukendua ematen hasi ziren.

Olentzero: Maridomingi, Maridomingi, begira zein etorri duan bisitan.

( Maridomingi agertzen da)

Maridomingi: Kaixo aspaldiko, zer moduz habil?

Joanes: Ondo, betiko moduan.

Olentzero: Prontsio gaztetuko duen ukendua ekarri din eta iada eman zionagu, orain pixkatso bat itxoin behar dinagu.

Maridomingi: Prontsio gaztetu, sartu zaik ba buruan hiri hori. Beno-beno, nik bitartean bazkaria prestatuko diat.

Narratzailea: Horrela Maridomingi bazkaria prestatzen ari zen bitartean Olentzero eta Joanes Prontsiok emandako aldaketa ikustera itzuli ziren. Prontsio lasai zegoen, bapo-bapo eginda, larrean luze hainbe zabal, lotan. Bapatean Prontsio esnatu eta zutik jarri zen.

Prontsio: Aaaaa, ia, ia, ia. Goizean baino nekatuago esnatu nauk, amets gaiztoren bat egingo nian. Marka duk gero eh! Etzatera noak berriro.

Olentzero: ( Eskuak burura eramaten ditu) Ez duk posible, honi ez ziok batere mesederik egin hire gaztetzeko ukendu horrek. Inoiz ez dik horrelakorik egin siesta eder bat egin ondoren.

Joanes: Ez diat ezer ulertzen Olentzero, zahartuegia egongo duk. Bargotako neska gazte bati nire amonak eman zioan ukendua eta oraindik orain gazte asko zagok 100 urterekin.

Olentzero: Beno-beno, goazen behintzat bazkaltzera. Ene!


Narratzailea: Gure Olentzero triste-triste hasi zen bazkaltzen. Bazkalduta gero kontu-kontari hasi ziren hirurak, lehengo kontu zaharrak gogoratuz eta halako batean norbait ate-joka hasi zen.

Olentzero: Nor haiz?

Mikelats: Mikelats nauk Olentzero.

Olentzero: ( atea irekitzen duen bitartean) Gure Mikelats, Aralarko jentil laguna, sartu hadi barrura. Zer dela eta hurbildu haiz ba honera?

Mikelats: Gaur goizean postaria joan duk gurera eta hark kontatu zidak zein arazorekin habilen Olentzero. Eta guk badakik, garia ereiten diagu.

Olentzero: Bai Mikelats, gogoratzen nauk oraindik zuen mendietako ogi gozoarekin.

Mikelats: Ba entzun hau ondo Olentzero. Gari ale batzuk giharrak handitzen ditiztek eta bizitasuna ematen ditek, hori bai, hartu behar dituena astoa dukenez , ohikoan baino gehixeago beharko ditik.

Olentzero: Oraintxe emango zizkioagu, horrela gabon gauerako bizi-bizi egongo duk.

Mikelats: Hik nahi duan moduan.

( Prontsiorengana hurbiltzen dira Olentzero, Mikelats eta Joanes)

Olentzero: Ze Prontsio, egunaren erdia etzanda daramak. To, Aralargo gari ale gozoak, hauek jan ondoren ikusiko duk zein ederki sentituko haizen. Ireki ahoa. ( gari aleak ahoan sartzen dizkio)

Prontsio: Baina noiz eman behar didak atseden nagusi? Hainbeste urte lanean ibili ondoren, nik ere mereziko diat zerbait ala?

Olentzero: Egin ezak lokuluxka bat gari ale horiek mesede egiteko. Gero ikusiko duk, erabat gaztetuta sentituko haiz.

Prontsio: Ba al zagok ba zaharrak gaztetzerik?

Mikelats: Utzi dezagun astoa lasai, gero etorriko gaituk eguzkia izkutatzerako.

Narratzailea: Prontsiok, berehala hartu zuen lo larrean eta Olentzero, Mikelats eta Joanes Maridomingirengana joan ziren Sukaldera. Arratsalde guztia bertan pasa zuten kontuak esan eta kontuak esan, ilundu zuenik ere ez ziren konturatu.

Maridomingi: Ene ilundu dik eta gu ezta konturatu ere, afaria prestatzen hasi behar diat lehen bait-lehen.

Olentzero: Desiatzen nagok Prontsio ikusteko, joango al gaituk larrera?

Mikelats: Bai Olentzero, honezkero aldatuta aurkituko diagu Prontsio!

( Hirurak larrerantz abiatzen dira eta Prontsio larrean etzanda topatzen dute zurrunka batean)

Olentzero: Prontsio- Prontsio, esnatu hadi motel, honezkero nahikoak eginda egongo haiz eta.

Prontsio: Aaa. . . Ia,ia,ia. Zer duk orain nagusi? Ez al didak bake santurik eman behar orain?

Olentzero: Zer moduz sentitzen haiz barrutik? Egia esan kanpotik lehengo itsura berbera zaukak.

Prontsio: Barrutik nola sentitzen nauken? Ba kanpokaldetik nagoen moduan, erabat zahartuta eta makalduta, nola nahi duk ba?

Olentzero: Zer gertatzen duk Mikelats, honi ez ziotek inongo eraginik egin hire gari ale horiek.

Mikelats: Ez zakiat Olentzero. Beharbada, zaharregia izango duk Prontsio gariak eraginik egiteko.

Joanes: Ni neu ere ondorio horretara irtsi ninduan Mikelats.

Olentzero: Zer egin behar diat nik gabon gauean Prontsiorik gabe? Hau duk hau marka! ( Hirurak sukalderuntz Oinez Abiatzen dira)

Mikelats: Patsadaz hartu Olentzero. Beste zerbait pentsatuko diagu hire astoa gaztetzeko.

Olentzero: Ez ote zagok beste irtenbiderik nire astoa gaztetzeko?

argitxo: Bai, bazagok. ( txintxarri otsa entzuten da)

Olentzero: Zein zebilek hor? Nor haiz?

( argitxo ateratzen da)

argitxo: argitxo nauk Olentzero, ez al nauk ezagutzen?

Olentzero: Ezagutuko ez diat ba, ikusi ez nian egiten. Zer moduz bizi haiz?

argitxo: Ongi Olentzero.
( etxe barrura doaz)

Olentzero: Gabon Maridomingi, bagatozen azkenean. Lagun zahar gehiago ere hurbildu zaizkigun gainera, begira.

Maridomingi: ( bira ematen duen bitatrtea) Ea ba nor den? argitxo! Hau poza, emaidak muxu parebat aspaldiko. Zer etorri haiz hi ere, Olentze-roren astoa gaztetzeko asmotan?

argitxo: Nola jakin dun ba?

Maridomingi: Jakin-jakin ez zakiat, baina pentsatu egin diat,Joanes eta Mikelats ere horretara etorri bait dituk.

Olentzero: Eta hik zer pentsatu duk ba nire astoarentzat?

argitxo: Nire biramonaren gaztetzeko bertsoa ekarri diat, Prontsiori abesteko.

Olentzero: Oso ideia ona iruditzen zaidak. Eta noiz edo nola abestu behar zaiok ba?

argitxo: Esaten diatenez noiz berdin ziok, baina hori bai, nola oso garrantzitsua omen duk, gozo-gozo belarrira abestu behar omen duk.

Olentzero: Hasi nahi duanean orduan, iada ez zagok denbora galtzerik.

Narratzailea: Beste aukera bat zuen Olentzerok bere Prontsio gaztetzeko. Ongi aterako ote zen oraingoan? Zarata handiegirik atera gabe, Prontsiorengana hurbildu ziren denak.

Olentzero: Esna al hago Prontsio? Esan zak zerbait.

Prontsio: Zer duk orain nagusi? Egun guztian ez didak pakean utzi eta orain ere ez al diat ba atseden hartzeko eskubiderik?

Olentzero: argitxo etorri duk hiri bertso eder bat abestera eta ikusiko duk bertso hau entzun ondoren nola hartuko duan atseden.

Prontsio: Beno ba , abestu dezala, entzungo zioat eta.

argitxo: Saiatzen ari gara
gaztetzen astoa
aurten falta zaio ta
laneko gogoa
horregatik ozenki
esatera noa
hauxe da gaztetzeko
behar den bertsoa

(Bertsoa bukatu eta berehala jarriko dira denak Prontsiori begira ea aldaketarik somatzen dioten. Ez dago aldaketarik ordea.)

OLENTZERO: Ze Prontsio, zerbait somatu al duk?

PRONTSIO: Ze esango diat ba!

JOANES: Agian nahiko energiarekin bota ez dualako izango duk Argitxo...

OLENTZERO: Bai Argitxo, horregatik izango duk agian.

ARGITXO: Ea ba, probatuko diat berriro ere. (Energiarekin)

Gaztetzen astoa
Aurten falta zaio ta
Laneko gogoa
Horregatik ozenki
Esatera noa
Hauxe da gaztetzeko
Behar den bertsoa.

(Bertsoa bukatu eta berehala jarriko dira denak Prontsiori begira ea aldaketarik somatzen dioten. Ez dago aldaketarik ordea.)

MIKELATS: Hau ez duk gaztetzen ba!

JOANES: Ezer. Ez dago ezer egiterik.

ARGITXO: Ez zakiat Olentzero, zaharregia izango duk agian.

(Honetan ari direla, postaria etortzen da azken orduko eskutitzekin)

POSTARIA: Kaixo denoi. Olentzero hementxe azken orduko eskutitzak.

OLENTZERO: Azken orduko eskutitzak? Ez dakit aurten oparirik banatu behar dudan ere.

POSTARIA: Baina, zergatik diok hori Olentzero?

OLENTZERO: Nire astoa, postari, zahartuta zagok. Ezin izango dizkiat nik bakarrik opariak banatu...

MARI DOMINGI: Eta zertarako zaudek lagunak Olentzero? Hemen gaudeken guztien artean banatzen badizkiagu opariak, denei iritsiko zaizkiek bereak.

ARGITXO: Egia duk Olentzero, denok lagunduko diagu.

MIKELATS eta JOANES: Horixe!

POSTARIA: Eh, ni ez naiz atzean geldituko!

OLENTZERO: Argi dago bai benetako lagunak zaretela. Has gaitezen ba, berandu egingo zaigu bestela.

NARRATZAILEA: Horrela, urte hartan, Olentzerok, bere lagun eta emazteak lagundurik banatu zituen opariak. Azkenean Prontsio bere adinarekin onartu zuen eta larrean atseden hartzen utzi zuen. Beste urte batez, oso zoriontsu egin zituen Euskal Herriko haurrak.


(Denak bilduko dira eta Olentzeroren abestia kantatuko dute publikoak lagundurik)


© Ane Auzmendi - Erentzun Ikastola 2003

banatz1.jpg (6903 bytes)