OLENTZEROREN
ASTOA
PERTSONAIAK:
Narratzailea Olentzero Prontsio astoa Postaria Bargotako Aztia Mikelats Argitxo
OLENTZEROREN ASTOA (Jatorrizko bertsioa) / Bertsio laburra ikusteko hemen klikatu
Narratzailea: Ezagutzen al duzue Olentzeroren astoa? Bai, ba duela urte asko, aspaldi-aspaldian, zuen gurasoak txiki-txikiak ziren garai haietan, Olentzero ohiko moduan bere asto Prontsiok lagundurik basora zihoan lanera.
Olentzero: Animo Prontsio, gutxi falta zaiguk eta. Gaur ez diat ba zama handirik jarri, zer gertatzen zaik?
Prontsio: Nekatuta nagok Olentzero eta tripak ere mugituak dizkiak, belar txarren batek kalte egingo zidan. Ia, ia, ia...
Olentzero: Ez nauk harritzen Prontsio, izan ere badaukak apetitua. Askotan, harrapatzen duan guztia jaten duk eta gero komeriak.
Prontsio: Ederrak hitz egin dik. Ia, ia, ia. Hik zer egiten duk ba Maridomingik prestatzen dian lukainka eta solomoekin gorde? Ia, ia ,ia.
Olentzero: Arrazoia daukak , nik ere denak barrura. Ñio, ederrak egoten dituk. Oraintse ere aurrean harrapatu ezkero.
Prontsio: Bai eta gu noiz iritsi txondarra daukagun lekura? Ia, ia, ia.
Olentzero: Egia duk, jarrai dezagun aurrera.
( Prontsiok puzkarra botatzen du)
Prontsio: Turmoiketan hasi duk Olentzero.
Olentzero: Moteil-moteil, kaka egin zak. Ez daukak sasoi txarra oraindik!Prontsio: Ez, hori zer duk ba, sasoi onaren seinale ala?
Narratzailea: Zuek ba al dakizute Olentzeroren lana zein den? Bai, txondarra egitea ikatza lortzeko. Ba azkenik iritsi ziren Olentzero eta Prontsio Txondarra zegoen lekura, hainbeste izerdi bota eta gero.
Olentzero: Iritsi gaituk. Egia esan egunero egiten diagun bide hau , baserritik urruti xamar geratzen duk, baina ez zagok horrelakorik, txondar eder bat egiteko.
Prontsio: Zer berezitasun dik ba leku honek besteek ez ditena? Baina hik nola ez duan zamarik eraman beharrik . . .
Olentzero: Gaur inoiz baina kexatiago somatzen diat Prontsio, zer duk? Gaixo al hago? Azkeneko gripe aldi honetan ez hintzen ba gaixotuko?
Prontsio: Ez nagusi, esan diat lehen ere oso nekatuta nagoela. Atsedenaren egarri ikaragarria diat.
Olentzero : Beno-beno! Ez zagok inguru hauetan hi bezalako sasoirik daukan astorik eta. Horrelakoak esaten haritzen ba haiz , lehenago zahartuko haiz.
Prontsio: Zahartu? Iada aspaldi zahartu ninduan ni.Olentzero: Nola esango duk ba hori? Hobea diat hiri kasurik egin gabe lanean serioski hastea.
Prontsio: Nik lo-kuluxka bat botako diat orduan, axola ez bazaik?
Narratzailea: Eguna aurrera zihoan eta iluntzen hasi zen. Maridomingin, Olentzero eta berarentzako afaria prestatzen ari zen, olentzeroren abestia abestuz.
Maridomingin: Olentzero joan zaigu mendira lanera, intentzioarekin ikatz egitera.( Abestuz)
Olentzero: Gabon Maridomingin, usain goxoak ditun gure baserrian orain ere. Zer dun afaltzeko? Gosez amorratzen nagon.
Maridomingin: Zopa pixka bat, lukainka eder bat eta arraultza fijitu pare bat. Baina, non duk Prontsio?
Olentzero: Larrean utzi diñat, ea asetzen den eta atseden hartzen duen. Egun guztia nekatuta dagoela eta nekatuta dagoela esaten pasatu din, iada ni ere arduratzen hasia naukan.
Maridomingin: Zahartu egin duk gure Prontsio Olentzero, urteek ez ditek barkatzen.
Olentzero: Zer esan nahi dun? Iada lanak egiteko gaitasunik ez diñala gure astoak? Ez horrelakorik esan! Inguru hauetan ez zagon Prontsiori jarraituko dion beste astorik.
Maridomingin: Egia esan diat nik, gu ere zahartzen ari gaituk eta gure astoak ere urte asko ditik. Urteak aurrera egin ahala indarra galtzen eta makaltzen joan duk. Gainera gabonen atarian gaudek.
Olentzero: Bazekiñat Maridomingin, baina nik aurten ere nire lagun Prontsiok lagundurik banatuko dizkiat opariak, urteroko legez.
Maridomingin: Zer soinu huan hori? Norbait zabilek kanpokaldean!
Olentzero: Prontsio izango dun, bapo-bapo eginda.
( Postariak atea jotzen du)
Olentzero: Nor haiz?
Postaria: Postaria nauk Olentzero.
Olentzero: Aurrera Postari. ( atea irekitzen duen bitartean)
Postaria: Gabon Maridomingin, gabon Olentzero. Barkatu ordu hauetan etorri izana, baina badakizue lanez gainezka gabiltzala Olentzeroren eskutitzekin.
Maridomingin: Lasai egon hadi, afaltzen ari gintuan. Eseri hadi hi ere gurekin.
Postaria: Eskertzen diñatt Maridomingin, baina joan egin behar diñat berehala. Eskutitz asko iritsi ditun Olentzerorentzat eta horiexek ekartzera etorri naun.
Maridomingin: Ene . . . euskal Herriko haurrak aztiak dituk benetan, begira bestela, orain ere berandutzerako hasi dituk eskutitzak idazten.
Postaria: Bai horrela dun Maridomingin. Ahazterako to eskutitzak Olentzero. Barkatu atrebentzia baina, erabat arduratuta ikusten haut, ondo al hago?
Olentzero: Egia esan, arazotso bat nian orain arte, baina ideia bat bururatu zaidak! Hik itsoin mesedez hemen unetso batez. ( oori eta arkatz baten bila joaten da)
Maridomingin: Ene, zer bururatu ote zaiok orain gizon honi?
Postaria: Lasai Maridomingin itsarongo zionat eta.
Olentzero: Zer bururatu zaidan? Bargotako Joanes Haztiari laguntza eskatzea. Prontsiok, nirekin opariak banatzeko zerbait egin baharra diat. Eskutitz bat bidaliko zioat, gertatzen zaidana kontatuz. Eramango diok ala?
Narratzailea: Esandako moduan Olentzerok eskutitz bat idatzi zuen eta postariari heman zion, berak eraman zezan. Oso arduratuta zegoen Olentzero. Hurrengo goizean, egunero bezala, gosaldu eta basorantz abiatzeko , Prontsioren bila joan zen larrera.
Olentzero: Egunon Prontsio, deskantsatu al duk batere?
Prontsio: Beno, zehozer bai, baina badakik behin zahartu ezkero alferrik duk, beti nekatuta egoten haiz.
Olentzero: Zeer, gaur ere atzoko moduan?
Prontsio: Gaur bakarrik ez, hemendik aurrera, gaur , bihar, etzi eta etziamu.
Olentzero: Beno-beno, ez duk hainbesterako izango.
Prontsio: Ez dela hainbesterako, ni ia ez nagok ibilera hauetarako, ez zeukiat abiadurarik.
Olentzero: Ja, ja, ja. Noiz izan duk ba abiadura hik?
Prontsio: Ez egin farrik, Olentzero. Laister asko banatzen genituan opariak duela urte batzuk.
Olentzero: Horrela duk Prontsio eta aurten ere ikusiko duk zer ederki moldatuko gaituken.
( Pauso otsa entzuten da)
Olentzero: Zer izan duk hori?
Prontsio: Lasai Olentzero, basuerderen bat izango duk aztarrika.
Olentzero: Harritzen zidak basuerdea guregana hainbeste hurbiltzea. Hor norbait zagok. Zein zebilek hor? Nor haiz?
( Joanes ateratzen da)
Joanes: Bargotako Joanes nauk Olentzero. Banekian txondar bat zegoela inguru hauetan eta pentsatu nuen moduan hirea duk. Asko poztu nauk gaur hire eskutitza jasotzean eta berehala etortzea pentsatu diat.
Olentzero: Ene lagun zaharra, eskertzen diat hain azkar etorri izana.
Joanes: Zer moduz Maridomingin? Ongi ibliko duk ala?
Olentzero: Ondo zebilek bai. ( Bizkarretik heltzen dio eta astoarengandik urruntzen dira) Prontsio zebilkiat erabat nekatuta, zahartuta zagokela besterik ez dik esaten.
Joanes: Bai, irakurri diat eskutitzean. Kanpotik ez zaukak ba hain itsura txarrik?
Olentzero: Ez horixe, baina beldur nauk gabon gauean nirekin ibiltzeko gai ez duala izango. Hik pentsatu al duk zerbait?
Joanes: Bai Olentzero. Gaztetzeko ukendu berezi bat prestatuko diat ondoren astoari gorputz guztian zabaltzeko, baina lehenik belarrak aurkitu beharko dizkiagu.
Olentzero: Neronek lagunduko diat. Zein belar aurkitu behar dituk?
Joanes: Barrabas belarra indartzeko, mentafiña azala luzatzeko eta berbena belarra baikorra izateko.
Olentzero: Ba gure baserri ondoan izugarri zagok, hantxe bilduko dizkiagu.
Narratzailea: Prontsio hartu eta baserrirantz habiatu ziren Olentzero eta Joanes. Olentzero oso alai zegoen, sinismen handia bait zuen Joanesengan. Horrela kontu-kontari, beraiek pentsatu baino lehenago iritsi ziren baserrira.
Olentzero: Hementxe zaudek hik aipatutako belarretako bi eta menta-fiña baserriaren atzean. Une batean Prontsio larrean utzi behar diat eta Maridomingini deituko zioat, berehala nauk.
Joanes: Ni bitartean belarrak biltzen geratuko nauk.
( Olentzerok astoa utzi eta Maridomingini deitzen dio)
Olentzero: Maridomingin, Maridomingin, begira zein etorri dun bisitan.
( Maridomingin agertzen da)
Maridomingin: Kaixo aspaldiko, zer moduz habil?
Joanes: Ondo, gaur goizean jaso diñatt Olentzeroren eskutitza eta zuei laguntzera etorri naun.
Olentzero: Prontsio gaztetuko dinn ukendua prestatzeko belarrak biltzen ari gaitun.
Maridomingin: Prontsio gaztetu, sartu zaik ba buruan hiri hori. Beno-beno, nik bitartean bazkaria prestatuko diat.
Narratzailea: Horrela Maridomingin bazkaria prestatzen ari zen bitartean Olentzerok eta Joanesek belarrak bildu zituzten. Belarrak hartuta, sukalderantz joan ziren ukendua prestatzera.
Maridomingin: Azkar bildu dituzue belarrak.
Joanes: Bai, badakin, bi pertsonen artean errezago egiten direla lanak.
Olentzero: Zein ontzi behart dituk ukendua prestatzeko Joanes?
Joanes: Lasai Olentzero, neronek ekarri dizkiat ontziak eta.
Olentzero: Beno ba ni Prontsiorengana noak orduan, ea zer moduz zagoken ikustera.
Narratzailea: Prontsio lasai zegoen, bapo-bapo eginda, larrean luze hainbe zabal, lotan. Hori ikusirik, Olentzero sukalderantz joan zen laisterka.
Olentzero: Prestatu al duk ukendua? Prontsio oraintse zagok lo, une honetaz baliatzea izango diagu onena, bestela komeriak egin beharko dizkiagu.
Joanes: Bai, prest zaukat eta nahi baduk oraintse emango zioagu gorputz guztian.
Olentzero: Goazen ba , baina ixil-ixilik egin behar diagu, Prontsio esnatzen baldin baduk bestela, ostikadaren bat emango ziguk.
( Olentzerok eta Joanesek ixil-ixilik ukendua ematen diote Prontsiori)
Joanes: ( Baju-baju) Listo, bukatu diagu, ikusiko duk esnatzen denean. Itsura berria izango dik, dantzan ere hasiko ez denik?
Olentzero: Hori duk eta, horrela behar diat nik Prontsio. Bazkaltzera joango gaituk eta ondoren etorriko gaituk nire Prontsio gaztetuta ikustera.
Narratzailea: Bapatean Prontsio esnatu eta zutik jarri zen.
Prontsio: Aaaaa, ia, ia, ia. Goizean baino nekatuago esnatu nauk, amets gaiztoren bat egingo nian. Marka duk gero eh! Etzatera noak berriro.
Olentzero: ( Eskuak burura eramaten ditu) Ez duk posible, honi ez ziok batere mesederik egin hire gaztetzeko ukendu horrek. Inoiz ez dik horrelakorik egin siesta eder bat egin ondoren.
Joanes: Ez diat ezer ulertzen Olentzero, zahartuegia egongo duk, nire ukenduak aldaketarik ez eragiteko. Bargotako neska gazte bati nire amonak eman zioan ukendua eta oraindik orain gazte asko zagok 100 urterekin.
Olentzero: Beno-beno, goazenbak behintzat bazkaltzera. Ene!
( Baserriruntz abiatzen dira biak ixil-ixilik)
Maridomingin: Zer gaztetu al duk gure Prontsio Joanes?
Olentzero: Gaztetu, atzo bezain zahartua zagok Prontsio ukendua eman ondoren ere. Zahartuegia zagokela esaten dik Joanesek. Zer egin behar diat aurten Prontsiorik gabe?
Joanes: Lasai Olentzero, bururatuko zaiguk zerbait bazkaltzen ari gaituken bitartean.
Olentzero: Eskerrik asko Joanes hire borondate onarengaitik, horixe egingo diagu.
Maridomingin: Tori, babarrunak hasteko eta on egin.
Joanes: Eskerrikasko Mari Domingin eta on egin zuei ere.
Olentzero: Bai on egin.
Narratzailea: Gure Olentzero triste-triste hasi zen bazkaltzen. Bazkalduta gero kontu-kontari hasi ziren hirurak, lehengo kontu zaharrak gogoratuz eta halako batean norbait atejoka hasi zen.
Olentzero: Nor haiz?
Mikelats: Mikelats nauk Olentzero.
Olentzero: ( atea hirekitzen duen bitartean) Gure Mikelats, Aralarko jentil laguna, sartu hadi barrura.
Mikelats: Zer moduz Maridomingin? Eta hi joanes? Ez daukazute itsura txarrik behintzat.
Maridomingin: Hik ere ez, baina eseri hadi lasai. Nahi al duk zerbait jateko?
Olentzero: Au poza Mikelats. Zer dela eta hurbildu haiz ba honera?
Joanes: Poz izugarria eman zidak niri ere, aspaldi egon gabe gintuan hirurok horrela.
Mikelats: Gaur goizean postaria joan duk gurera, hiretzako haurrek idatzi dizkiaten eskutitzak jasotzera eta hark kontatu zidak zein arazorekin habilen Olentzero. Eta guk badakit, garia ereiten diagu.
Olentzero: Bai Mikelats, gogoratzen nauk oraindik zuen mendietako ogi gozoarekin.
Mikelats: Ba entzun hau ondo Olentzero. Gari ale batzuk giharrak handitzen ditiztek eta bizitasuna ematen ditek, hori bai, hartu behar ditizkena astoa dukenez , ohikoan baino gehixeago beharko ditik.
Olentzero: Ene Mikelats, eskerrikasko, heuk gaztetuko duk azkenean gure Prontsio. Oraintse emango zizkioagu, horrela gabon gauerako bizi-bizi egongo duk.
Mikelats: Hik nahi duan moduan.
( Prontsiorengana hurbiltzen dira Olentzero, Mikelats eta Joanes)
Mikelats: Herorrek ematea izango duk onena. ( Gari aleak ateratzen ditu poltsatsotik eta Olentzerori ematen dizkio) Ikusiko duk, eguzkia izkutatzerako zaldi bat emango dik hire astoak.
Olentzero: Hori bai. Ze Prontsio egunaren erdia etzanda daramak. To, Aralargo gari ale gozoak, hauek jan ondoren ikusiko duk zein ederki sentituko haizen. Hireki ahoa. ( gari aleak ahoan sartzen dizkio)
Prontsio: Gari-aleak gurean, nondik-nora bildu dituk hik hauek Olentzero?
Olentzero: Ez al duk ikusten Mikelats, gure lagun zaharra, berak ekarri dizkik hiretzako, aurten ere opari banatzen biok iblitzeko.
Prontsio: Baina noiz eman behar didak atseden nagusi? Hainbeste urte lanean ibili ondoren, nik ere mereziko diat zerbait ala?
Olentzero: Egin ezak lokuluxkatxo bat gari ale horiek mesede egiteko. Gero ikusiko duk, erabat gaztetuta sentituko haiz.
Prontsio: Ba al zagok ba zaharrak gaztetzerik?
Mikelats: Utzi dezagun astoa lasai, gero etorriko gaituk eguzkia izkutatzerako.
Olentzero: Hori izando duk onena, ene. . . nire Prontsio gizarajoa. Ea oraingoan zorterik izaten diagun.
Narratzailea: Prontsiok, berehala hartu zuen lo larrean eta Olentzero, Mikelats eta Joanes Maridominginengana joan ziren Sukaldera. Arratsalde guztia bertan pasa zuten kontuak esan eta kontuak esan, ilundu zuenik ere ez ziren konturatu.
Maridomingin: Ene ilundu dik eta gu ezta konturatu ere, afaria prestatzen hasi behar diat lehen bait-lehen.
Olentzero: Gure prontsio gaztetuta egongo duk honezkero eta gu hemen lasai, berari kasurik egin gabe. Desiatzen nagok Prontsio ikusteko, joango al gaituk larrera?
Mikelats: Bai Olentzero, honezkero aldatuta aurkituko diagu Prontsio!
Joanes: Nik ere ikusi behar diat zer aldaketa eragin duten gari ale horiek.
( Hirurak larrerantz abiatzen dira eta Prontsio larrean etzanda topatzen dute zurrunka batean)
Olentzero: Zein soinu duk hori? Norbait zurrunkaka ari dukela ematen dik.
Mikelats: Prontsio izango duk, oraindik lo egongo duk eta esnatu egin beharko diagu aldaketarik eragin dion ikusteko.
Olentzero: Prontsio- Prontsio, esnatu hadi motel, honezkero nahikoak eginda egongo haiz eta.
Prontsio: Aaa. . . Ia,ia,ia. Zer duk orain nagusi? Ez al didak bake santurik eman behar orain?
Olentzero: Zer bake santu, esaidak, zer moduz sentitzen haiz? Egia esan kanpotik lehengo itsura berbera zaukak, ez al zaik horrela iruditzen Mikelats?
Mikelats: Horrela duk Olentzero, baina oraindik ez ziguk esan barrutik nola sentitzen duan.
Prontsio: Barrutik nola sentitzen nauken? Ba kanpokaldetik nagoken moduan, erabat zahartuta eta makalduta, nola nahi duk ba?
Olentzero: Zer gertatzen duk Mikelats, honi ez ziotek inongo eraginik egin gari ale horiek.
Mikelats: Ez zakiat Olentzero. Gure jentil gazteak erabat indartsu eta azti bihurtzen dituk gari ale hauek jan eta gero. Beharbada, zaharregia izango duk Prontsio gariak eraginik egiteko.
Joanes: Ni neu ere ondorio horretara iritsi ninduan Mikelats.
Olentzero: Hau ere niri gertatu behar, zer egin behar diat nik gabon gauean Prontsiorik gabe? Hau duk hau marka! Goazenbak sukalde aldera, hemen otza egiten dik. ( Hirurak sukalderuntz Oinez Abiatzen dira)
Mikelats: Patsadaz hartu Olentzero. Beste zerbait pentsatuko diagu hire astoa gaztetzeko.
Joanes: Hori, iada zahartuegia ez bazagok.
Mikelats: Ez zak horrelakorik esan moteil, bestela Olentzerok lur joko ziguk oraingoan.
Olentzero: Lasai niregaitik Mikelats. Latza egiten zaidak ordea hori onartu behar izatea, ez ote zagok beste irtenbiderik nire astoa gaztetzeko?
argitxo: Bai, bazagok. ( txintxarri otsa entzuten da)
Olentzero: Nork esan dik hori? Zuetakoren bat izan al duk?
Joanes: Nik ez diat ezer esan.
Mikelats: Nik ere ez lagun.
Olentzero: Zein zebilek hor? Nor haiz?
( argitxo ateratzen da)
argitxo: argitxo nauk Olentzero, ez al nauk ezagutzen?
Olentzero: Ezagutuko ez diat ba, ikusi ez nian egiten. Zer moduz bizi haiz?
argitxo: Ongi Olentzero eta zuek zermoduz? Etxean al duk Marido-mingin, asko gustatuko litzaidake berau ikustea. Kaixo zuei ere, poz handia duk niretzat zuekin egotea.
Olentzero: Guretzat ere bai hi hemen izatea. Maridomingin sukaldean arituko duk afaria prestatzen eta honena sartzea izango diagu, ustekabe ederra hartu behar dik. ( barrurantz sartzen dira)
Olentzero: Gabon maridomingin, bagatozen azkenean. Lagun zahar gehiago ere hurbildu zaizkigun gainera.
Maridomingin: Nor etorri duk ba orain? ( bizkarra emanez ari da janaria prestatzen)
Olentzero: Birarik ematen ez badun behintzat ez dun jakingo.
Maridomingin: ( bira ematen duen bitatrtea) Ea ba nor duken? argitxo! Hau poza, emaidak muxu parebat aspaldiko. Zer etorri haiz hi ere, Olentzeroren astoa gaztetzeko asmotan? Ba, berandu habilela usten diat.
argitxo: Nola jakin dun ba?
Maridomingin: Jakin-jakin ez zakiat, baina pentsatu egin diat,Joanes eta Mikelats ere horretara etorri bait dituk baina, ez zakiat zer egin diaten azkenean.
Joanes: Egia duk argitxo. Gu ere asmo horrekin etorri gaituk, baina ez batak eta ez besteak ez diagu Prontsio gaztetzerik lortu.
Olentzero: Eta hik zer pentsatu duk ba nire astoarentzat?
argitxo: Nire biramonaren gaztetzeko bertsoa ekarri diat, Prontsiori abesteko. Biramonak nire aitaren anai-arreba guztiei abestu omen ziean eta egun ikusi egin behar dituk, nola mantentzen dituken.
Olentzero: Oso ideia ona iruditzen zaidak eta eskertzen diat nitaz arduraturik etorri izana.
argitxo: Ez daukak eskertu beharrik, lagunak zerbaitetarako izaten dituk.
Olentzero: Eta noiz edo nola abestu behar zaiok ba?
argitxo: Esaten diatenez noiz berdin ziok, baina hori bai, nola oso garrantzitsua omen duk. Nire biramonak gozo-gozo belarrira abesten omen zian.
Olentzero: Hasi nahi duanean orduan, iada ez zagok denbora galtzerik. Larrean zagok Prontsio, haruntz joango gaituk.
Narratzailea: Beste aukera bat zuen Olentzerok bere Prontsio gaztetzeko. Ongi aterako ote zen oraingoan? Zarata handiegirik atera gabe, Prontsiorengana hurbildu ziren denak.
Olentzero: Esna al hago Prontsio? Esan zak zerbait.
Prontsio: Zer duk orain nagusi? Egun guztian ez didak pakean utzi eta orain ere ez al diat ba atseden hartzeko eskubiderik?
Olentzero: Nola ez ba Prontsio, baina argitxo etorri duk hiri bertso eder bat abestera eta ikusiko duk bertso hau entzun ondoren nola hartuko duan atseden, amets goxoak egiteko hago gero.
Prontsio: Beno ba , abestu dezala, entzungo zioat eta.
Olentzero: Jarri hementse argitxo belarri ondoan, Prontsiok ongi entzun dezan. ( argitxo Prontsioren belarrietara hurbiltzen da eta bertsoa abesten hasten da)
argitxo: Saiatzen ari gera
gaztetzen astoa
aurten falta zaiota
laneko gogoa
horregatik ozenki
esatera noa
hauxe da gaztetzeko
behar den bertsoa.Olentzero: Eta orain zenbat denbora itsoin behar diagu aldaketarik eragin dion ikusteko.
argitxo: Biramonak, gauean ohera joan aurretik abesten omen zian eta hurrengo goizerako errex igartzen omen zitzaiean.
Maridomingin: Hemen ezin egongo gaituk ba bihar goizerarte.
Olentzero: Nola ba emakumea? Martxa hortan geuri aterako zaigun horma zintzarriak. Sartu gaitezen barrura . Hemen geratuko zarete afaltzen eta lo egiten, iada berandu bait duk zuen baserri eta kobetara bueltatzeko.
Maridomingin: Bai horixe, afaria prestatuta zagok eta baserri zahar honetan bazagok zuek lo egiteko hainbeste leku.Mikelats: Ondo etorriko zaiguk bai.
Joanes: Lagun onak zarete horreatio.
argitxo: Bai, benetako lagunak.
Narratzailea: Denak goxo-goxo afaldu zuten sukaldeko berotasunean eta ondoren denak oheratu ziren. Joanes, Mikelats eta argitxo normalean hutsik egoten ziren geletan eta Olentzero eta Maridomingin beraien logelan. Hurrengo goizen, oilarrak abesten hasi ziren bezain pronto, Prontsioren ondoan zeuden bostak, handik eta hemendik begiratuz. Postaria ere orduantxe iritsi zen azken momentuko eskutitzak jasota.
Maridomingin: ( besteak astoari begira jarraitzen dute postariari kasurik egin gabe) Egunon postari, goiz habil gaurkoan. Olentzerorentzat azken eskutitzak ekartzera etorriko hintzen?
Postaria: Hala dun Maridomingin, badakin beti egoten ditunala azkenengo unerarte itsoiten dutenak. Eta zeri begira zauden ba olentzero eta bere lagunak?
Maridomingin: Ea gure Prontsio gaztetu duken begira, baina ez alferrik!
Postaria: Beno eta zuek zeer? Gaztetu al duk Prontsio Olentzero?
Olentzero: Ez zekiat ba moteil, honek lehengo itsura berbera zeukik, ez al duk horrela lagunok?
argitxo: Egia esan oso arraroa duk hau. Honezkero garbi nabarmendu behar genian aldaketa. Esnatu zak eta galdetuiok zerbait Olentzero.
Olentzero: Prontsio-Prontsio ondo al hago?
Prontsio: Aaaaa. Ia, ia, ia. Orain arte ederki ninduan baina orain berriro ere etzakiatba. . .
Olentzero: Bertsoak ere ez ziok inongo eraginik egin honi, ezin Prontsio gaztetu.
Maridomingin: Esan nian lehen ere Olentzero, urteak ditizten izaki eta objetuak dituken bezala onartu behar ditukela. Gainera hainbeste urte edukitzeak ere badik bere meritua eta gure Prontsiori atseden hartzeko garaia iritsi zaiok. Ez al dik hainbeste merezi gizarajoak?
Olentzero: Bai Maridomingin baina nik zer egin behar diñat gaur gauean Prontsiorik gabe? Ez naun iritsiko etxe guztietara. Ene. . . zer esan behar diten nire haur maiteak.
Maridomingin: Nork esan dik ez haizela iritsiko etxe guztietara? Hemen gaudeken guztien artean banatzen badizkiaugu opariak, denei iritsiko zaiek berea.
argitxo: Egia duk Olentzero, denok lagunduko diagu eta ikusiko duk zein ederki moldatuko gaituken.
Joanes: Hori duk, segituan hasiko gaituk opariak eramateko prestatzen, ez haiz damutuko.
Mikelats: Nik neronek nire indarrarekin opari mordoxka bat eramango dizkiat.
Postaria: Nik ere, lagunduko diat Olentzero, egongo duk nik egiteko moduko zerbait.
Maridomingin: Zer esaten duk ba? Hasiko al gaituk opariak prestatzen?
Olentzero: Bai Maridomingin, has gaitezen. Horrelako borandate ona ezin dun alboratu.
Narratzailea: Horrela urte hartan, Olentzerok, opariak, bere lagun eta emazteak lagundurik banatu zituen. Azkenean prontsio bere adinarekin onartu zuen eta larrean atseden hartzen utzi zuen. Beste urte batez oso zoriontsu egin zituen Euskal herriko haurrak Olentzerok eta hala bazan eta ez bazan sartu dedila . . . Bianako plazan.
© Ane Auzmendi - Erentzun Ikastola 2003
![]()