Martxel Rodriguez Etxabide (Lesaka, Nafarroa, 1990) dantzari profesionala da. Tantirumairu Ikastolako ikasle ohiak, Nafarroako Ikastolen Elkartearen NIE Saria hartu zuen urtarrilaren 30ean. Martxelek zirrara handiz jaso zuen saria, eta, bertzeak bertze, ikastolako familiari ere eskerrak eman zizkion. Ikastola hagitz garrantzitsua izan zen dantzan hasteko erabakian, lehen urratsak Tantirumairu Dantza Taldean eman baitzituen.
Nolako oroitzapenak dituzu ikastolako garaiaz?
Hagitz oroitzapen onak ditut. Ikastola ez zen gaur egun den bezalakoa. Guk bertze ikastola bat ezagutu genuen. Azkeneko solairua, adibidez, aunitz aldatu da. Irakasle aunitz dagoeneko ez daude hemen, jubilatu direlako, baina, bertze batzuk, nire irakasle izandako batzuk, oraindik hemen daude. Guk patioaren aldaketa bizi izan genuen. Parkea ez da beti zuek ezagutu duzuen bezalakoa izan; desberdina zen. Parke berrian aukera berriak genituen jostatzeko, eta horietako bat oreka egiteko aparatua zen. Guretzat berrikuntza bat zen, eta niri, adibidez, beti ibiltzen nintzenez dantzan eta horrelakoetan, izugarri gustatzen zitzaidan bertan oreka ariketak egitea.
Noiz eta nola hasi zinen dantzan?
Nik ttikitatik etxean dantzatzen nuen egunero. Neretzat erreferenteak Tantirumairu dantza taldeko helduen taldeko neska-mutilak ziren. Haiek ziren nire ereduak, orduko helduen taldeko dantzariak. Gure garaian eskualdean telebista kate bat zegoen: Ttipi-Ttapa Telebista. Kate horrek uztailaren 6an frontoian urtero egiten den dantza emanaldia grabatzen zuen, eta gero bideo hori salgai jartzen zuten. Guk urtero erosten genuen. Uda guztia etxean pasatzen nuen bideo horretako dantzak ikasten. Sei urterekin Tantirumairu dantza taldean hasi nintzen, eta han eman nituen nire lehenbiziko pausoak dantza munduan. Beraz, hura izan zen nire lehen harremana dantzarekin.
Zein dira zure dantza estilo gogokoenak?
Ezagutu eta probatu nuen lehenbiziko dantza estiloa euskal dantza izan zen. Herrian genuen aukera bakarra zen, Tantirumairu dantza taldeari esker. Handik aitzinera, gorputza modu aunitzetan mugi daitekeela ikusi nuen, eta bertze estilo batzuk ere badaudela ikasi nuen. Dantza modernoa deitzen zaion estilo bat badago, eta ballet klasikoarekin ere hasi nintzen, aunitzez akademikoagoa edo arautuagoa den estilo batekin. Hiru dantza mota horiek uztartuz formatu nintzen. Gero, gaur egun dantza garaikidea deitzen zaion estiloarekin hasi nintzen. Dantzatzeko moduak ere denborarekin aldatzen dira. Gaur egun erosoen sentitzen naizen estiloa dantza garaikidea da; estilo berezi bat da. Gorputza nahiko libre mugi daiteke, eta probatzeko aukerak ematen ditu, gauza berriak sortzeko bidea irekitzen du.
Zein izan da zure erronkarik handiena dantzari bezala?
Nik suerte handia izan dut eta munduko hainbat tokitan egon naiz: Europan, Ameriketan... Japoniara ere hainbat aldiz bidaiatu dut, agertoki aunitzetan dantzatu dut. Baina badakizue zein izan den niretzat erronkarik handiena? Lesakako ezpata-dantzarien aitzinesku izatea. Erantzun hau ez zenuten espero, ezta? Niretzat ardura handia izan zen. Ezpata-dantzariak herriko pertsonak gara, baina ni dantzari profesionala naiz. Horregatik, nahi gabe, espektatiba batzuk zeuden nola eginen nuen dantza hori, gurea den dantza, hemen bakarrik egiten den dantza. Horregatik, hori zaindu behar zen, eta ardura berezia nuen hori ongi egiteko. Lehenbiziko urtea berezia izan zen. Beraz, agian, emanaldi berezi gisa, egun hori aipatuko nuke.
Nola ikusten duzu zure bilakaera dantzari gisa urte hauetan zehar?
Dantzatik bizitzea ez da batere erraza arrazoi aunitzengatik. Lan aunitz egin dut orain nagoen tokian egoteko, eta uste dut merezi izan dutela lortu ditudan gauza aunitz. Egia da, baita, badagoela suerte puntu bat. Nik 35 urte ditut. Sei urterekin hasi nintzen dantzatzen, beraz, hogeita bederatzi urte dira dantzatzen ari naizela. Urte horietan guztietan, imajinatzen ahal duzue, badirela momentu onak eta momentu txarrak. Bilakaera horretan badaude goiti-beheiti aunitz, bizia horrelakoa da. Oraingoz segitzen dut eta suerte handia izan dudala sentitzen dut. Gogoan dut Donostiako Victoria Eugenian lehenbiziko aldiz dantzatu nueneko momentua. Antzoki hori hagitz polita da, handia ere bai, eta jendez beteta zegoen. Orain, berriki, Kolonbian egon gara Lesakan estreinatutako ikuskizuna aurkezten. Hango jendeak emanaldia zentzu guztietan ulertu zuen, eta nola txalotu zuten ikusteak, aunitz bete ninduen.
Nola sentitzen zara agertokian zaudenean?
Oihala itxita dago, gu barrenean gaude, eta publikoa nola sartzen den aditzen dugu. Momentu hori da berezia, eta horretan nerbioak maila altuenean daude. Emankizuna hasi behar denean, hau da, teloia irekitzen denean, lasaitzen gara. Eta gauza bat hagitz kuriosoa da: guk ez dugu publikoa ikusten txalotzen hasten diren arte. Publikoko argia beti egoten da itzalita. Horregatik, guk ez dakigu ziur zenbat jende dagoen, nor dagoen eta zer ari den pentsatzen gu egiten ari garenarekiko. Horregatik, adibidez, momentu hagitz polita izaten da txaloen momentua. Hor pizten da publikoko argia. Eta orduan bai, konturatzen gara nor dagoen eta ikusten dugu nola erreakzionatzen duten. Normalean, zorionez, erreakzioa ona izaten da. Hori da momenturik pozgarriena!
NIE Saria irabazi berri duzu. Nola izan zenuen sariaren berri? Nola sentitu zinen?
Momentu hagitz berezia izan zen niretzat. Azaroa zen, eta dei bat jaso nuen. Aurtengo NIE saria niri ematea erabaki zutela erran zidaten eta izugarrizko sorpresa izan zen! Ez nuen batere espero eta, gainera, sari hori, nire ustez, jende garrantzitsu eta ezagunari eman diote. Hasieran, sari hori ez nuela merezi pentsatu nuen, ez ote zen sobera handia sari hori niretzat? Baina, tira, kontent jarri nintzen eta poza handiz hartu nuen berri ona. Berriki sari banaketa izan da eta eguna hagitz berezia izan zen. Iruñean izan zen, Nafarroako Ikastolen Elkarteko egoitzan, eta lesakar batzuk etorri ziren. Paz de Ziganda Ikastolako ikasleek kantatu zuten eta aurresku bat dantzatu zidaten. Hagitz arraroa izan zen, normalean nik dantzatzen dutelako aurreskua! Momentu hunkigarria izan zen, jendeak zer sentitzen duen ulertu nuelako.
Tradizioa mantentzearen aldekoa zara edo estilo berriak sartzea gustuko duzu?
Hagitz galdera interesgarria! Nik uste dut tradizioak mantentzen direla, hain zuzen ere, aldatzen direlako eta errepikatzen direlako. Tradizioak bizirik irauten dute transformatu eta garaietara egokitzen direlako. Batzuetan uste dugu gauzak beti berdinak izan direla gaur arte, eta orain ari garela aldatzen. Ez dakit zein arrazoirengatik, baina aunitzetan pentsatzen dugu bertsio berri bat utzi behar dugula edo hurrengoek aldatu behar dutela, eta behin aldatuta, ez dela berriro moldatu behar. Baina hori ez da egia. Duela ehun eta berrogeita hamar urte, gauzak ez ziren gaur bezala egiten. Baina denbora horretan zehar, gauzak etengabe eboluzionatu eta aldatu dira; urtero, ia urtero, eta ia egunero. Orduan, gure diziplinan, dantzan kasu honetan, gauzarik interesgarrienetako bat da dantzatzeko gorputz bat behar dugula. Eta gorputzak ere denborarekin aldatzen dira.
Belaunaldi gazteei zer gomendatuko zenieke dantza munduan hastea nahi badute?
Nire gomendioa, orokorrean, hau da: gustatzen zaizkizuen gauzak egitera joatea. Nire ustez, garrantzitsua da zuen adinean gauza desberdinak probatzea eta zerekin duzuen harreman ona ikustea. Horretan sakontzea eta ahalegintzea ezinbertzekoa da, baita zuen ingurua errespetatzea ere, hori ere garrantzitsua baita. Dantzatzeari ez uzteko ardura nork izan zuen? Nire kasuan, ikastolari, lagunei eta familiari esker, ez nion dantzatzeari utzi. Hori ere funtsezkoa izan zen gaur egun hemen egoteko.
Zein dira zure hurrengo helburuak dantza munduan?
Une honetan koreografo lanetan ari naiz. Koreografo izateak erran nahi du ez duzula eszenatokian egon behar; kanpoan zaude, eta oholtzan bertze dantzari batzuk daude. Zuk erraten diezu dantzari horiei zer egin, nola mugitu, eta zertarako mugitu modu jakin batean… Horrela, dantza pieza bat sortzen dugu. Niretzat, une hau hagitz polita da, baina aldi berean intentsua eta neketsua ere bai. Beraz, nire erantzuna hori izango litzateke: sorkuntzaren beste aldea pixka bat gehiago esploratzea.
Eta azkena, zein amets duzu oraindik betetzeko?
Aunitz! Ametsak beti daude zain. Nahi dugun guztia izanen bagenu ere, ez genuke izanen bertze zerbait desiratzeko gogorik. Nik uste dut ametsak bizitzan zehar aldatzen doazela: batzuk betetzen dira, eta bertze batzuk ez. Eta ez da ezer gertatzen. Nire ametsetako bat, honaino iritsi ondoren, sektore honetan lanean jarraitu ahal izatea eta dantza nire ogibidea izaten segitzea litzateke.