Gaur egun, haurrak eta nerabeak mundu digitalean murgilduta hazi eta hezten dira. Internet Seguruaren Egunean, ezinbestekoa da galdera hau planteatzea: norena da ingurune digital seguru eta hezitzaileak sortzearen ardura? Erantzuna ez da bakarra, eta horrexegatik, eragile guztiok gure egitekoa aitortu eta partekatu behar dugu.
Gurasoak dira haurren lehen erreferenteak, baita mundu digitalean ere. Haien ardura da seme-alabak sarean segurtasunez eta kontzientziaz ibiltzeko bidelagunta eskaintzea eta eredu izatea. Horretarako, ezinbestekoa da irizpide argiak ezartzea, erabilera-ohitura osasungarriak sustatzea eta konfiantzazko harremana eraikitzea, haurrek sarean bizi ditzaketen egoerak partekatzeko aukera izan dezaten.
Ikastolek ikasleei prestakuntza integral eta osoa ekaintzeko konpromisoa dugu eta horren baitan, ikasleen ahalduntze digitala ezinbestekoa da. Ez da nahikoa teknologia erabiltzen jakitea; erabilera kritikoa sustatu behar dugu, algoritmoen funtzionamendua ulertzeko, informazioa kontrastatzeko, pribatutasunaren garrantzia ulertzeko eta sarean jarrera etikoa izateko. Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorrean jasotzen den pertsona-ereduak norabide hori indartzen du: ikasleak ahalduntzea, erantzunkizunez eta autonomiaz jokatzeko gai izan daitezen.
Baina mundu digital segurua eraikitzea ez da soilik ikastolaren eta familiaren ardura. Gizarte osoak jokatzen du funtsezko rola, eta hezkuntzaz harago, ereduak eskaintzea eta eztabaida soziala sustatzea beharrezkoa da. Gure haurrek sarean aurkitzen dituzten edukiak, jaso ditzaketen mezuak eta partekatzen dituzten esperientziak gure gizartearen isla dira.
Administrazioak araudi egokia eta babes-neurriak bermatzeko ardura du datuen babeserako neurriak garatzeko, iruzurrari aurre egiteko eta eduki kaltegarriak mugatzeko. Bestalde, teknologia-enpresa handiekin duen harremana berrikusi behar du pribatutasuna eta segurtasuna lehenesten dituzten politikak ezartzeko. Gainera, familientzako eta hezitzaileentzako formakuntzak, sentsibilizazio kanpainak bultzatu behar ditu, ingurune digital seguru bat sustatzeko.
Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorrean definitutako pertsona-ereduak bost bereizgarri nagusi ditu eta bereizgarri hauek ez dira soilik hitzak; gure haurrek eta gazteek bizitzan, ingurune digitalean barne, aurrera egiteko behar dituzten balioak eta gaitasunak dira.