08/02/2025 | Iñigo Aritza Ikastola

Aisialdia euskaraz izatea ezinbestekoa da gure herrian
Hezitzaileen begirale tituluak erdi mailako ikasketen balioa duen formazioa da. Aitzitik, Iñigo Aritza Ikastolarentzako esanahi eta balio erantsia duen formazioa da. Izan ere, 16 urte baino gehiago duten gazteei ateak zabaltzen dizkiegu ikastolen mugimenduak aisialdirako daukan begirada eta helburuetatik.

Lehen edizio honetan 13 ikaslek eman dute izena; Andra Mari, Zelandi eta Iñigo Aritza Ikastolako ikasle ohiek osatzen dutena. Taldeko kide diren Iraia Agirre, Lexuri Urteaga, Aizeti Baztarrika, Haizea Urbe eta formatzaile lanetan dabilen Xabat Tolosarekin elkarrizketa izan genuen bizitako esperientziaren inguruan.

Zergatik eman zenuten izena Aisiolako ikastaroan?


Asko dira arrazoiak. Dena den, denok ditugu gustuko haurrak eta haurtzaroa. Begirale ikastaro honek haurrak gertuagotik ezagutzeko aukera ematen du, eta baita beraiekin aisialdiaz gozatzeko aukera. Gainera, ikastolan ikastaroa eskaini izana ere guretzako garrantzitsua eta erabakia hartzeko puntu bat izan da. Izan ere, Ikastolarekiko sentimendu eta atxikimendu berezi batek lotzen gaitu.

Zuentzat zer da hezitzaile izatea?

Hezitzaile izatea begirada zehatz bat izatea da, eta haurrei beraien haurtzaroko memorian eragitea. Oso paper garrantzitsua dute aisialdiko hezitzaileek eta guk horren kontzientzia dugu.

Hizkuntza eta hezitzaile. Zein garrantzia du zuentzat aisialdian euskaraz aritzeak?


Aisialdia euskaraz izatea ezinbestekoa da gure herrian. Udan, adibidez, haurrek euskaraz hitz egiten mantentzea eta euskal kulturarekiko harremana izatea oso garrantzitsua da.

Ikastaroan zein modulu izan dituzue langai?


Asko izan dira landutako atalak, baina esanguratsuenak aipatzekotan: haurren psikologia eta horietara egokitzen ikastea, lehen sorospenak, aisialdi moten arteko desberdintasuna, aisialdiaren bitartez transmititzen diren balioak eta aisialdiaren begirada euskaltzalearen beharra. Orokorrean, modulu, atal eta dinamika guztien oinarrian euskara eta euskal kulturaren transmisioa izan dugu.

Zer da eta izango da zuentzat aurrerantzean Aisiolako hezitzaile izatea?

Aisiolako hezitzaile Ikastolaren ikuspegian oinarrituta izatea, batez ere, eta Ikastolako familia handi horretatik jarraituta, euskara eta euskal kulturan lanean jarraitzea izango da. Horretatik abiatuta, haur eta nerabeei askotariko esperientziak eskaintzea izango da gure helburua.

Zergatik gomendatuko zenukete Aisiolan hezitzaile izatea?

Pertsona moduan hazteko formazio esanguratsua delako, eta bertan sortzen diren harreman sareak oso sendoak direlako. Gure artean, adibidez, euskaratik harremanak sendotu ditugu Aisiolak eskainitako begirada horretatik.Gainera, Ikastolarekin harremana mantentzeko aukera ere bada.

Zerekin gelditzen zarete batez ere?

Goian esandakoaz gain, helduen mundutik ihes egiten ikasi dugu haurren mundura hurbilduz. Hau da, helduak izan arren, ondo pasatzeko aukera ere badugula egunerokotasunetik ateraz eta haurren munduan murgilduz. Beraz, haurtzaroarekin lotura mantentze horrekin geratzen gara. Gainera, geure burua beste rol batean ikusi dugu praktiketan, adibidez, eta oso baliagarria izan zaigu egoera horiei aurre egiteko tresnak baditugula ikustea. Kasu batzuetan praktikak Iñigo Aritza Ikastolan bertan egin ditugu, eta politta izan da, bai prestaketa eta baita atsedenaldi eta egonaldietan bizi eta ikasitakoa. Horretaz gain, gure arteko harreman sareak euskaraz izatea lortu dugu. Formazio honek gure hizkuntza-ohituretan eragin nabarmena izan du. Horrekin ere geratzen gara.

Ikastaroa laburtzeko hitz bat aukeratu beharko bazenute, zein aurkeratuko zenukete?

Sormena, elkarrekintza, gertutasuna eta euskara.

Xabat, zuretzat zer da Aisiola?

Aisiola Ikastolen Elkarteko Zirimola aisialdi taldearen barruan dagoen azpi-atala da, eta familia handi bat dela esan dezaket. Aitzitik, horretaz gain, asko elikatzen zaituen formazioa eta taldea da hainbat gaitasun garatzeko aukera ematen dizulako. Aisiolaren bereizgarria euskara eta euskal kultura erdigunean jartzen duen elkartea dela esango nuke, urte askotako eskarmentua duena eta geroz eta kide gehiago dituena.

Zer ekarpen egin dezakete Sakanan gurean egindako formakuntza honek?

Gazte hauek aisialdiak norberaren esperientzietan dituen ekarpenez gain, aisialdiak euskararen erabileran duen garrantziaz jabetzeko tresnak jaso dituzte. Orain, beraien bitartez, hori haurrengana zabalduko dute euskara eta euskal kultura oinarri izanda, eta Sakanan erreferente bilaka daitezke.

 Ver documento


Volver

Nuestras ikastolas

Síguenos en Facebook

Síguenos en Twitter