10/10/2024 | JASO IKASTOLA

Jasoko Erronkalariak, Nafarroa Oinezerako prest

Heldu zaigu Nafarroa Oinez eguna eta, horrekin batera, Erronka ekimena. Hori dela eta, Jaso Ikastolan, DBHko 4.mailako 12 lagun bildu gara goiz horretan izugarri disfrutatu; eta, bide batez, Erronka irabazteko prest! Sentitzen dugu beste ikastoletatik etorriko diren lagunengatik, baina oraingoan garbi dago guk irabaziko dugula. Egoi Agirre, Jon Blazquez, Edurne Iturri, Julian Goñi, Naroa Agirre, Irati Ripodas, Emma Navarro, Aritz Casas, Amaiaur Amenabar, Nora Cano, Josu Urkia eta Ane Urkijo gara, eta super botereak ditugu; talde-lana da gure pasioa, ez dugu amorerik ematen eta garrantzitsuena: gure artean euskaraz egiten dugu!

Asteak daramatzagu Erronka eguna prestatzen eta gure kapitainekin batera (Dabid Albira eta Izaskun Rebole), bideo zoragarria prestatu dugu. Bide batez, artikulu hau irakurtzen ari zareten guztiei deia egin nahi dizuegu Erronka bideo lehiaketan gure aldeko botoa emateko. Horretarako, Nafarroa Oinezeko instagram kontuan like eman gure bideoari. Eskerrik asko Donibane Kirol Elkarteari, Jon Rovira eta Iñaki Estebani bideo grabaketan laguntzeagatik!

Irabazi ala ez, ziur gaude aurtengo probekin guztiok gozatuko dugula, benetan bereziak dira-eta. Horra hor gainditu beharko ditugun lau probak:

Ibaian behera

Eguneko lehendabiziko proba izanen da, Zangozako zubian hasiko da eta taldekide guztien elkarlana beharko dugu bi banderinak zubi gainera igotzeko; eta, ondoren, talde osoa berriz ere zubian elkartzeko.

Herri kirolak

Proba hau zezen plazan izanen da, txandaka parte hartzaileok herri kirol modalitate ezberdinetan parte hartuko dugu (lokotzak, txingak, giza probak eta zakua izanen dira). Ahalik eta azkarren bukatu beharko ditugu lanak.

Korapiloa

Ibilbidearen 2.gunean izanen da proba hau. Taldeak giza korapiloa askatu beharko du ahalik eta azkarren. Trebetasuna eta gure arteko komunikazioa izanen dira proba honen klabeak.

Piztu

Erronkaren azkeneko probak hiru atal izanen ditu. Lehendabiziko atalean, orkatilak eta eskumuturrak lotuta izanda ibilbide bat egin beharko dugu. Bigarren atalean, taldekide bakoitza askatzen duen giltza aurkitu beharko dugu; eta, azkeneko atalean, alde batetik bestera ura eraman beharko dugu bukaerako proba bete arte.

Baina probak ez dira horrela amaituko, oraindik geratuko zaigu egunean bertan azalduko diguten azken proba. Orduan jakinen dugu zein izanen den garaile. Gurekin batera, Zangoza, Baztan, Argia, Paz de Ziganda, Labiaga-Tantirumairu, Lizarra eta San Fermin ikastoletatik Erronkan parte hartuko duzuen guztioi zorterik onena opa dizuegu.

Lagunok, badakizue, urriaren 20an, Zangozan barna Erronka lanetan ikusten bagaituzue, gu guztiok animatzea eskertuko dizuegu. Plazera izanen da denon artean Nafarroa Oinez eguna ilusioz betetzea.

Gora Nafarroa Oinez! Gora Erronka! Eta Gora euskara!

 Ver documento


Volver

Nuestras ikastolas

Síguenos en Facebook

Síguenos en Twitter