13/10/2023 | PAZ DE ZIGANDA IKASTOLA

Jone Areta: Teoria guztiak ez du ezer balio errealitate bihurtzen ez  badugu

Zer da HAZI proiektua?
HAZI proiektua Paz de Ziganda Ikastolako Haur Hezkuntzako proposamen pedagogikoa da. Gure hezkuntza komunitatearen ezaugarriak aintzat hartuz, haurraren garapen integral eta harmoniotsuan lagundu, autonomia indartu, norberaren irudi positibo eta orekatua sortu, eta elkarbizitzarako balio zibikoak emanen dituen hezkuntza eskaintzea da, hain zuzen ere, proiektu honen xedea. Haur bat 2-3 urterekin Ikastolara etorri eta Lehen Hezkuntzara igaro bitartean izanen duen ikaskuntza prozesuaren dimentsio osoa bildu dugu: ikaskuntza egoerak, denboraren antolaketa, espazio eta materialen diseinua, hizkuntzen trataera, behaketa eta ebaluazioa, hezitzailearen rola, familiekin eta komunitatearekin mantentzen dugun elkarlana…

Jone, nola sortu zen proiektu propioa garatzeko beharra?
Urteak dira eraldaketa pedagogikoan murgildurik gaudela eta etengabeko formazioarekin jarraitzen dugu, baina iaz gure ikastolako errealitateari eta ezaugarriei egokitutako proiektu propioa garatzeko hautua egin genuen; dagoeneko egunerokoan egiten genuen lanaren inguruko koherentzia ariketa bat egin dugu. Iturri anitzetatik edan dugu HAZI proiektuaren marko teorikoa eta eguneroko jardueraren arteko koherentzia garatzeko orduan: legedia, curriculuma, Ikastolen Elkartean Haur Hezkuntzarako garatutako hIZAN marko pedagogikoa, urteetan zehar jasotako formazioa,...

Zeintzuk dira HAZI proiektuaren bereizgarri nagusiak zure ustez?
Lehen esan bezala, proiektu honen helburu nagusia, labur esanda, haurraren garapen integral eta harmoniotsua bultzatzea da. Hori bultzatzeko orduan, bide desberdinak jorratu daitezke eta guk gure kasuan bide hori zein izanen den zehaztu dugu. Bereizgarri moduan honakoak aipatuko nituzke: hizkuntzen trataera, hezkuntza emozionala eta musika, adierazpen plastikoa eta psimotrizitatearen lanketa.

Hizkuntzen tratera diozunean, zer esan nahi duzu?
Ikastola izanik, gure helburu nagusietako bat euskara eta euskal kultura lantzea da, baina ez bakarrik hori, ikasle euskaldun eleanitzak nahi ditugu, euskara oinarri izanik, beste hizkuntza eta kultura batzuk ezagutu eta mundura zabaltzea nahi dugu. Guregana hurbiltzen diren familia askok ez dakite euskaraz hitz egiten, baina argi dute euren seme-alabek euskara jakitea nahi dutela. Haur Hezkuntzan murgiltze eredu batekin hasten gara. Haurra lehenengo egunetik euskararen munduan murgiltzen da eta ezinbestekoa iruditzen zaigu hizkuntza honekiko lotura afektibo positiboa eraikitzea. Aldi, berean, Haur Hezkuntzan bertan ere ingelesa ikasten hasten dira eta hizkuntza guztien oreka bat bilatzeko asmoz, mimoz diseinatzen dugu hizkuntza bakoitzaren trataera, euskara, ingelesa eta gaztelera gure kasuan. Ondorengo etapetan abanikoa zabaltzen doa: frantsesa, alemaniera...

Hezkuntza emozionala aipatu duzu ere, zer egiten duzue hau lantzeko?
Duela 4 urte formazioa jasotzen hasi ginen Kaeru taldearekin. Formazioa, lehenik eta behin, pertsonala izan zen, norbera ongi egon behar baita besteekin ongi egon ahal izateko. Emozioak kudeatzen jakitea oreka lortzeko ezinbestekoa da heldu zein haurrentzat. Baina nola egiten da hori? Emozioak ezin dira matematika edota idazketa lantzen diren bezala landu. Hezkuntza emozionalerako baliabide bilduma bat eta gure jarduera eta dinamiken ebaluaketa egiteko dokumentu bat sortu genuen Kaeru taldearekin batera. Isuri izenpean sortu dugun hezkuntza emozionalerako proiektua, alegia. Proiektua bi mailatan lantzen dugula esan genezake: zeharka eta zehazki. Zeharka diot, eguneroko jardunean beti presente dagoelako hezitzailearen begiradan, entzutean edota hitza jartzean, eta zehazki, landu nahi dugunaren arabera, dinamika zehatzak burutzen ditugulako. Egunero lantzen, garatzen eta erroak botatzen jarraitzen duen proiektua dugu, Isuri.

Eta musika, adierazpen plastikoa eta psikomotrizitatea nola lantzen duzue?
Arlo hauek ezinbestekoak dira haurraren garapen integral eta orekatuaren bidean. Hirurak adierazpenarekin oso lotuak daude. Adierazteko modu eta bide ugari daude eta guk eskaintza ahalik eta zabalena izatea nahi dugu. Musika, adierazpen plastikoa eta psikomotrizitatea lantzeko orduan, bakoitza lantzeko diseinatuak dauden aparteko espazioak erabiltzen ditugu eta arlo bakoitzean adituak diren hezitzaileek burutzen dituzte saio horiek. Tutore eta espezialisten artean, haur bakoitzari buruzko behaketa zabalagoa eta sakonagoa egiteko aukera dugu. Eta esan beharra dago, espezialistak hezitzaile taldean bertan izatea Ikastolak egin duen apostu garrantzitsua dela. Momentu honetan musika eta ingeleseko espezialista bana eta bi psikomotrizista ditugu hezitzaile taldean.

Bukatzeko, beste zerbait aipatu nahiko zenuke?
-Bai. Paz de Ziganda Ikastolara etorri eta gure proiektua ezagutzera animatzen zaituztet. HAZI proiektua proiektu zabala eta mardula da, baina ederki ulertu daiteke haurrak egunerokoan ikastolan ikusten ditugunean. Teoria guztiak ez du ezer balio errealitate bihurtzen ez badugu eta errealitate hori gure kasuan haur bakoitzaren eguneroko jarduna da. Zatozte eta bertatik bertara ezagutu!!


Volver

Nuestras ikastolas

Síguenos en Facebook

Síguenos en Twitter