20/04/2023 | Ibaialde Ikastola

IBAIALDE IKASTOLA - LODOSA LOURDES SAN MIGUEL Lodosako alkatea

Lodosako Ibaialde Ikastolako Haur Hezkuntzako bigarren zikloko gelan, herriari buruzko proiektua egin dute eta honi bukaera emateko, Lodosako alkatea ikastolara gonbidatu dute elkarrizketatzeko. Aurreko egunetan denbora eman dute haiek nahi izan zituzten galderak prestatzen. Alkatea Lourdes San Miguel Rojo da, ikastolako ikasle ohia. Tartetxo goxoa igaro dute elkarrizketa egiten eta gainera, opari bana jaso dute ikasleek. Eskerrik asko gurera etortzeagatik, Lourdes!

Nola sentitzen zara alkatea izanda?
Ondo sentitzen naiz alkate izanda, gustura sentitzen naiz herritarrak laguntzen eta herria zaintzen. Egiten dugunarekin ondo sentitu behar gara beti, bestela zer egin behar dugu?

Non egiten duzu lan?
Orain alkatea naizenez bi lan ditut. Udaletxean eta kalean lan egiten dut, eta… herriko leku guztietan eta gainera arkitektoa ere banaiz, bulego bat dut eta bertan arkitektura lanak egiten ditut. Imajinatzen dut ez duzuela jakingo zertan datzan nire lana... bada, begira, arkitekto batek eraikinak diseinatzen ditu. Hau da, eraikina nolakoa izango den erabakiko du, leihoak non jarri, gelak nola antolatu, ze tamaina izango duten erabaki… eta hori da nire lana.

Nola da zure alkate lana?
Udaletxera noa goizero eta gauza asko ditut begiratzeko, herritarren eskaerak irakurtzen ditut, adibidez:“Nire kalean zuhaitz bat nahi dut”. Orduan, herritarrei zein zuhaitz mota nahi duten galdetzen diet, eta esaten dutenarekin erabaki bat hartzen dugu udaletxean. Beste eskaera mota batzuk ere heltzen zaizkigu eta ezin ditugu bete, adibidez: “Nik zaborra kalean bota nahi dut etxe ondoan kontainerrik ez dudalako”. Noski, nik horri ezezkoa eman behar diot. Gauza gehiago ere egiteko ditugu! Adibidez, jaiak antolatu behar ditugu. Halaber, kultur etxean programatzen diren ekintza eta ekitaldiak ere prestatu behar ditugu, adibidez, zinema, antzerkiak… hauek guztiak antolatu behar dira eta hori da nire lana.

Nola iritsi zinen alkatea izatera?
Alkatea izateko lehenengo hauteskundeak egon behar dira, zuek JUUL kanpainarekin egiten duzuen bezala, bozketa bat egin behar da gustuko duzuen aukera bozkatuz. Eta bozketa horren ondoren, bozka gehien nire alderdiak bozka gehien izan zituenez, ni naiz orain alkatea.

Seme-alabak dituzu? Eta maskotak? Bikotea? Nola deitzen dira?

Bai, seme txiki-txiki bat dut, orain 6 hilabete dituena, oso txikia da eta Amets da bere izena. Maskotarik ez dut, ez. Bikotea bai, eta Mikel izena du. Mikel nire bikotea da eta Ametsen aita da, eta Amets datorren ikasturtean ikastolara etorriko da.

Lagun asko dituzu?

Bai lagun asko ditut, koadrila handi bat daukat. Zuek ere lagun asko dituzue?

Noiz arte izango zara alkatea?
Maiatza arte, zuek ikastola amaitu baino pixka bat lehenago amaituko dut. Eta berriro, igande batean kontatu dizuedan bozketa errepikatuko da. Bozketa horretan hurrengo alkatea nor izango den aukeratuko da.

Non egin dituzu ikasketak?

Leku askotan, baino lehenengo ikasketak hemen egin nituen, Lodosako Ikastolan, baina ni txikia nintzenean ez zegoen eraikin hau, gure ikastola txiki-txikia zen, orain oso handia da, baina lehen txikia zen, etxe normal bat zen, zuen etxea bezala, lehenengo promozioetakoa izan nintzen. Eta gero DBH ikastera Lizarrara joan nin-tzen, bertako ikastolara. Eta gero, unibertsitatean ikasteko Donostiara joan nintzen, han ikasi nuen arkitektura.

Zer aldatuko zenuke Lodosako herrian?
Lodosan zikin dauden kale batzuk daude, jendeak txakurrak pasea-tzerakoan haien kakak biltzen ez dituztelako eta hori oso gaizki dago, ezta? Eta badaude pertsona batzuk ere zakarra lurrera bota-tzen dutenak. Eta hori da herritik gutxien gustuko dudana.

Zer da gehien gustatzen zaizuna Lodosatik?
Lodosatik gehien gustuko dudana giroa, dituen dendak, Lodosako ibaiko paseoa eta lagunekin egotea da. Eguraldi ona egiten duenean, elkarrekin paseo bat emango dugu Lodosako ibaiko paseoa ezagutzeko!

Alkatea izan nahi zenuen txikia zinenetik?
Ez, zer zen ere ez nekien, txikitan oraindik ez nekien zer izan nahi nuen. Txikia zarenean oso zaila da jakitea zer izan nahi duzun handitan, gainera denbora asko dago hori erabakitzeko.

Non bizi zara?
Lodosan bizi naiz, nire etxea plaza batean dago.

Euskara maite duzu?
Pila-pila maite dut euskara, zuek? Asko maite, zaindu eta erabili behar dugu, hemengo hizkuntza delako.

Zeintzuk ziren txikitan gustatzen zitzaizkizun jolasak?
Marraztea oso gustuko nuen, batez ere pintzelekin edo eskuekin margotzea. Gogoan dut aurreko ikastolako azkeneko ikasturtean, patioa pintzel eta eskuekin margotu genuela, bakoitzak nahi zituen marrazkiak margotu zituen paretetan eta primeran pasa genuen!

Gure ikastola gustatzen zaizu?
Asko gustatzen zait zuen ikastola eta zuekin egotea ere bai.

 Ver documento


Volver

Nuestras ikastolas

Síguenos en Facebook

Síguenos en Twitter