2021/10/09 | San Fermin Ikastola

Matematikak eta hizkuntzak lantzeko metodologia berriak Ikasleak, matematika manipulatiboak geletan lantzen.

San Fermin Ikastolak Konfian-tzaren Pedagogian oinarritzen du bere lan hezitzailea eta ildo horretatik abiatuta, aurtengo ikasturtean metodologia berriak martxan jarriko dira Lehen Hezkuntzan. Berrikuntza horiek ikaskuntza aktibora bideratuta daude nagusiki, besteak beste, ikastolak bultzatu nahi duen pertsona eredua (euskalduna, kooperatiboa, ekintzailea, orekatua...) osa-tzen lagunduko digutelakoan.

Honela, lehen zikloan, adibidez, Piktoidazketaren metodoa lantzen hasiko dira. Honen bitartez, hizkun-tza, gure kasuan euskara, modu sor-tzailean, inklusiboan eta orain arte ez bezala lantzeko aukera izango dugu. Hizkuntza bisuala eta hitzezkoa jorratuko ditugu, ikasleen sormena eta adierazpen-gaitasuna sustatzen duen programazioarekin.

Piktoidazketaren bitartez, ikasbide gehienak taldeak sortzen edo ekoizten duenetik abiatzen dira. Haurrak, irakurle, idazle eta komunikatzaile aditu izateko ezinbestekoak diren estrategietan trebatzen dira, betiere, askotariko ikusmintzaira baliatuz: ahozko hizkuntza, gorputz-hizkun-tza eta hizkuntza idatzia ere bai. Azken finean, piktoidazketaren helburua ikasleek irudi aberatsak irakurtzeko eta sortzeko duten gaitasuna piztea da, izan ere, haurrek euren buruaz, besteenaz edo eta inguruaz sortzen duten ikuspegia oso garran-tzitsua baita, haien garapen pertsonal eta akademikoa baldintza dezakeelako. PiktoIdazketak zazpi ikastetxetan zein eragin izan duen ikertu da dagoeneko eta emaitzak ikusgarriak izan dira, batez ere, giltzarri diren idazketako eta irakurmeneko adierazleak izugarri igotzen baitira.

Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan berriz, Innovamat izeneko metodologiarekin hasiko gara lanean. Innovamat ikasgelarako matematika-proposamen bat da, ikasleentzako ikaskuntza manipulatzailea, konpetentziala eta esanguratsua eskaintzen duena. Besteak beste, zenbaketa, geometria, logika edo estatistika bezalako kontzeptuak aurkezten ditu haurrek, manipulazioaren bidez, pixkanaka deskubritu, ulertu, finkatu eta aplika ditzaten. Innovamatek, matematikaren didaktikan aditua den taldeak, ikerketa akademikoa eta dibulgazioa eta irakaskuntza uztartzen ditu eta bere egitasmoa hiru ardatz hartuta plazaratzen du.

Lehenik eta behin, Zenbakien Laborategian, numerazioa eta kalkulua blokean zentratzen dira, manipulazioaren eta elkarrizketa matematiko aberatsaren bidez, ezagutza eraikiz. Edukiak ziklikoki aurkezten dira eta zailtasuna gero eta handiagoa da saioek aurrera egin ahala.

Abenturak dira bigarren ardatza eta hauetan gainerako eduki-blokeak lantzen dituzte ikasleek, fikziozko istorioen barruan kokatutako erronka gidatuen bitartez. Saioa sarrerako bideo batekin hasten da. Bertan, gure pertsonaiek konpondu beharreko erronka matematiko batekin topo egiten dute. Erronka horren bidez, arazoak konpontzeko giroa sortzen da gelan, eta, giro horretan, eskumen-ikaskuntzak eta mota guztietako loturak azaleratzen dira.

Eta azkenik, App Innovamat erabiltzen dute ikasle eta irakasleek. Zenbakizko Laborategian eta Abenturetan eraiki den guztia finkatzen den praktika sistematikorako ingurunea da hau. Aplikazioa ikasle bakoitzaren mailara egokitzen da eta haur bakoi-tzaren eta talde osoaren aurrerapen kontzeptualari buruzko informazio zehatza ematen die irakasleei.

 Dokumentua ikusi


Itzuli

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu