22/10/2020 | Garces de los Fayos Ikastola

Euskal Kultura, Tafallako ikastolako irakasgai berria

Ikasleen euskararekiko jarrera eta, ondorioz, euskaltzaletasunarekikoa, urteak pasa ahala, aldatuz joan dela nabaritu dugu eta gero eta epelagoa dela iruditzen zaigu. Gizartearen eraldaketa, teknologia berriak, beste kulturen eragina, egoera politikoaren bilakaera, globalizazioa….kausa asko izan daitezke honen eragile, baina argi dagoena da gero eta ikasle erdaltzaleagoak ditugula, eta beste ikastoletako lankideek esanda ere, salbuespenak salbuespen,  egora hau Euskal Herri osora estrapolatu daitekeela esan daiteke.

Gure Ikatostolako Hezkuntza Proiektuak jasotzen duen ikaslearen profilean zehaztua dugun ardatzetako bat ikasleak euskaldunak izatea da (nola ez!), eta honela dugu definitua: “Euskararekin eta euskal kulturarekin pertsona konprometitua naiz. Euskara erabili eta euskal kultura bultzatzen duten ekintzetan parte hartzen dut, munduko euskal hiritarra izateko eta euskararen nahiz euskal kulturaren biziraupena bermatzeko.”

Ikastola ororen proiektuaren oinarrian dago euskarazko hezkuntza bermatzea eta hizkuntza hori izatea eduki guztien edo ia guztien bitarteko nagusia. Euskaldunak izango dira, beraz, bertatik pasatzen diren ikasleak, hizkuntza bere alor guztietan modu egokian menperatuko dutelako. Hau gerta dadin, besteak beste, gure ikasleek bere bizitza akademikoan zehar euskal hizkuntzaren ikaste prozesua hobetzeko urtero irakasgai bat dute: Euskara eta Literatua, astean 4 orduz lantzen dena.  Hizkuntzaren hainbat aspektu (gramatika, hiztegia, ulermena, adierazpen idatzia eta ahozkoa…) lantzen dira, gehienetan modu formalean, ongi hitz egiten, idazten eta ulertzen duen ikaslea izateko  Bigarren Hezkuntzaren zikloaren bukaeran.

Askotan, ordea,  ikasle euskaldunak hezteko helburu hori soilik hizkuntzaren formaltasunari lotua dago, hein handi batean, eta konpetentzia linguistikoa hobetzeak hartzen du garrantzi nagusia. Argi dago, hizkuntza menperatzeko, arestian aipatutako guztiak leku handia  behar duela curriculumean. Hala ere, uste dugu  ikasle gazte batek bere euskalduntasuna garatzeko beste elementu edo esparru batzuk ere indartu behar dituela, gure hizkuntza gure kulturaren parte bezala ulertzeko lagunduko duten elementuak, hain zuzen. Euskalduna izatea ezin da mugatu soilik hizkuntza formalaren menperatze hutsera; euskal kulturaren adierazle diren sinboloak, artea, oinarri historikoa, kodigoak, nortasun-osagaiak, etabar… ezinbestekoak dira ikasleak euskara bere hizkuntzatzat har dezan eta erabil dezan euskalduntasuna osotasunean garatzeko bidean. Hori horrela izanik, ikasle euskaldunaren baitan izena eta izana uztartzea litzateke gakoa, berba eta kontzientzia.

Dakigun bezala, denboraren premiak muga asko jartzen dizkigu hezkuntzan, lehentasuna hizkuntza berak du eta, nahiz eta “Euskara” irakasgaian elementu kultural horiek zeharka lantzen diren (literaturan, adibidez), gure irudikoz, premiazkoa da bestelako ikasgai bat, aipatutako guztia  beste perspektiba batetik lantzeko.

Irakasgai hori “Euskal Kultura” da eta bere helburu nagusia ikasleak euskal unibertsora hurbiltzea da; hau hobeto ezagututa, hizkuntza bera beste modu batez ikusiko dutelakoan, eta akaso, erabileraren inguruko kontzientzia apur bat handituko delako ere bai. Behar-beharrezkotzat jotzen dugu, ikasleek euskara ikastearekin batera, ikuspegi orokorra garatzea euskalduntasunaren inguruan, eta horrek “kulturalizazioa”  ere dakar berarekin, modu orokorrean bada ere. Euskal hizkuntza bere komunitate-nazio testuinguruan jartzea da xedea, euskal kulturaren mugarri garrantzitsuenak ezagutaraziz; baina, aldi berean, metodologia praktiko eta interaktiboaren bidez euskara ere erabiliko dute, betiko modu formaletik urrunduz eta bertan ikasitakoa praktikara eramanez.

Lehen aldiz ibilian ari den arlo berri honek aniztasun handia barnebildu nahi du bere baitan. Haiserako klaseek baieztatu digute gure kezka erabat justifikatua zegoela, eta hona hemen plazaratu dezakegun gogoeta: noraino izango da euskalduna Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza  bukatzean euskarazko B2 tituloa atera bai, baina Euskal Herriko zazpi herrialde historikoen izenak zein kokapenak ez dakizkien nerabea? Arlo berri honetan lurraldetasuna, sinboloak, abesti eta dantzak, kirolak, gastronomia, historia, mitologia.. landuko diren gai ugarien artean daude.

Urtez urte egoera larritzen dela ikusirik, euskal komunitatea kultura globalaren pean lausotzen den garaiotan, izan bitez gaurko ikasleak biharko euskaltzale kontzientziadunak.


Volver

Nuestras ikastolas

Síguenos en Facebook

Síguenos en Twitter