2020/10/09 | Lizarra Ikastola

Lizarra Ikastola, 50 urtez euskara maitasunetik zabaltzen Santa Agedako ospakizuna berreskuratu genuen herrian.

1970eko irailaren 29an hasi zuen bere ibilbidea gure ikastolak, lizarrako udal pilotalekuan.

Lizarra izenez ezagutzen dugun hezkuntza zentroak 1970eko irailaren 29an hasi zuen bere ibilbidea. Hogeita bost izan ziren lehen ikasturtea Estella-Lizarrako Udalak udal-pilotalekuan utzitako gela hartan estreinatu zutenak. Ikastolak, guraso talde baten babesari esker eta hainbat erakunderen laguntzari esker (Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea erakundea, Euskaltzaindia eta Estella-Lizarrako Udalaren hainbat ordezkari), bere ibilera abiatu zuen 240.000 pezetako aurrekontuaz. 1973. urtean, gelak mailegu bidez familiek eskuratutako Nabarreria kaleko 1 zenbakian kokatuta ziren. Dena den, aldaketa esanguratsua 1977an iritsi zen, familiek Lizarra Ikastola Irakaskuntza eta Kontsumo Kooperatiba sortu, eta gelak garai bateko Eskolapioen Lehen Hezkun-tzako eskola eta komentura eraman zituztenean.

GIZARTE-EGITEKOAK ETA FUNTZIOAK 1980-1981 ikasturtean zehar, alderdi pedagogiko zein administratiboari norabide berria emateko helburuarekin, hainbat ekintza burutu ziren. Batetik, Santa Ageda edo Olentzeroren tradizioa berreskuratzearekin batera Lizarra Ikastola gizartera zabaldu zen; bestetik, egoera ekonomikoa hobetu asmoz, ekimen ezberdinak antolatu ziren (jaietako barraka, adibidez). 1982 urterako Lizarra Ikastolak OHOko 12 gela zituen. Erdal ingurune batean euskarazko inmertsio linguistiko eredua erabiltzen zuen lehen zentroa izan zen (Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako eskola ugari hurbildu ziren gure eredua ezagutzera). 1985. urtea zen Lizarra Ikastolaren bazkideek Eskolapioen eskola eta bere lurrak erosi zituztenean, Asanbladaren bozken 99,5% aldeko izanik. Urte horretan bertan burutu zen Nafarroa Oinezean eskuratutako diru bilketa akuilu ezinhobea izan zen erabakia hartzeko.

ASPALDIKO AMETSA EGI BILAKATUA Zentro berriaren eraikitze-lanak 1989an hasi ziren. Finantziazioa Nafarroako Gobernuaren 61 milioi pezeta, Kutxak emandako 90 milioiko mailegua eta kultur kanpaina jendetsu batean bildutako dirua izan ziren: 1990ean, Ezina Ekinez Egina lelopean Lizarran antolatutako bigarren Nafarroa Oineza. 1990ean Lizarra Ikastola berria inauguratu zen Estella-Lizarrako alkatea eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak ere bertan zirela. Bost urte geroago DBH eredua txertatu zen, eta 1999an 0-3 urte bitarteko haurrentzako Lizarra Ikastola Haur Eskola abiatu zen. Orduz geroztik, gaur egun bitarte, Lizarra Ikastolaren erronka dira sormena, ezagutzen transmisioa eta izpiritu kritikoaren garapena; zaindutako inguru batean, eta auzolanaren balioari garrantzia emanaz.

HEGOAK ZABALDUZ XXI. mendean barrena erabat errotu ditu Lizarra Ikastolak hasierako proiektuen asmoa. Begirada altxatu eta Europako proiekzioan jarri ditu bere ikasleak. Azken urteetan ohikoak bilakatu dira Erasmus+ proiektuen garapena: Italia, Turkia, Finlandia, eta beste hainbat herrialdeetan izan dira gure ikasleak Europako beste ikasle batzuekin batera proiektu multidiziplinarrak aurrera eramaten. 50 urteko oinez bidea egin ondoren, hegoak zabaldu eta hegan egiteko ideia jaso du Lizarra Ikastolak antolatuko duen bere hirugarren Nafarroa Oinez ekitaldiak Hegan Oinez lelopean.

Hurrengo urriak 18an ospatzeko asmoa zegoen arren, koronabirusak eragindako pandemia egoerak, ekitaldia atzeratu eta hurrengo urtean ospatzeko itxaropena izatea ekarri du.

 Dokumentua ikusi

Lizarra Ikastola, 50 urtez euskara maitasunetik zabaltzen
Itzuli

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu