Iazko ikasturtean 3. zikloko ikasleak Ikastolen Elkarteko EKI material berriarekin hasi ginen lanean Arangoiti Ikastolan. Ordurarte erabilitako liburuak alde batera utzi eta liburu berriak izango genituela esan ziguten irakasleek. Baina ez ohiko paperezko liburuak, liburu digitalak baizik! Hura poza eta emozioa gure ordenagailuetan liburuekin lanean hasi ginenean!
Baina liburuak euskarri digitalean izateaz gain, EKIk lanerako modu berriak ekarri zizkigun eta hiruhileko bakoitzean proiektu bat egiteko aukera eman digu. Diziplinartekoa deitzen diogu eta oraingoan emanaldi bat izan da. Guk, 5. eta 6. mailako ikasleok, herriko Gizarte Etxean antolatu dugun emanaldia, hain zuzen.
Bizitza jirabiran izenburupean, hiru hilabete honetan zehar, bizitzaren ibilbidean, eraldaketan dugun eraginaz aritu gara. Ziklo ezberdinak etengabe ematen direla ikusi dugu, ingurugiroaren eraldaketan parte aktibo garela, natura mugimenduan dagoela, gu ere naturarekin bat aldatzen goazela, eta honekin batera, belaunaldiko transmisioaz hausnartu dugu.
Eta guzti honi benetako zentzu bat emateko gure herriko helduenentzako emanaldi bat prestatu genuen. Guk ikasitakoa haiekin partekatzeko.
Irunberrin bi jubilatu elkarte daude eta gure proposamenaren berri emateko lehenbizi ikastolara gonbidatu genituen arduradunak: gure ideia aurkeztu, haien taldeetako ezaugarriei buruz galdetu, haien iritzia jaso, datak adostu, jubilatuei jardueraren berri nola eman pentsatu...
Honen ondoren, gure emanaldia prestatzeari ekin genion. Lau talde egin eta lau lan ezberdin antolatu genituen: inguruneko gaiari lorturik solstizioen inguruko informazioa, euskaran aldiz, negu garaiko ospakizunak, gaztelerako arlotik hainbat olerki eta azkenik, ingelesez, abestiak.
Emanaldirako aurkezpen txukuna prestatzeaz gain gure gonbidatuekin tailer bat egitea erabaki genuen eta horretarako hostoekin artelan bat osatzea proposatu genien.
Eta eguna heldu zen. Urduritasuna, emozioa eta gogoak. Irunberriko Gizarte Etxean genuen hitzordua eta hantxe eskaini genuen gure lana. Ikuslegoa pozik eta gu ere bai. Emanaldi xume eta polita izan zen.Ikasitakoa gure helduei transmititua.Bizitza jirabiran!
Emanaldiaren ondoren balorazioa egiteko tartea hartu genuen eta baita gure iritzi eta sentsazioak biltzeko ere. Horietako batzuk ekarri ditugu hona:
“ Asko disfrutatu dut aiton-amonak ongi pasatzen zutela ikusterakoan” Mikel Diaz Larrañaga
“ Gehien gustatu zaidana taldean lan egitea izan da” Haizea Alcalde Perurena
“ Oso barregarria izan zen aiton-amonak ingelesez abesten ikustea” Maider Alzueta Sancet
“ Entseguetan ez zen guztiz ongi ateratzen baina egunean bertan primeran atera zen.” Orhi Burgi Iriarte
“ Oso zaila da jendearen aurrean hitz egitea baina oso ongi egin genuela uste dut” Idoya Amunarriz Arias