2017ko urrian ospatu genuen Lesakan Nafarroa Oinez besta. Oinez ospakizunek ingurumenean kalte ekologikoak eragiten dituztenez, Oinez Basoa izeneko ekimena sortu zen 2008an. Baina, zer da, zehazki, Oinez Basoa? Nafarroa Oinezen baitan sortutako ekimena da. Nafarroa Oinez ospatuko zen leku bakoitzean gertatutako kalte ekologikoak orekatu nahian, baso bat sortzea erabaki zen, ingurugiroarekiko eta euskararekiko konpromisoaren lekuko gisa.
Izan ere, baliabide naturalak kon-tsumitu, hondakinak sortu eta berotegi efektuko gasak isurtzen ditu bestak. Horrela, kalte ekologikoa oreka-tzeko asmoz, besta ospatzen den tokian ingurumenarentzako testigantza onuragarri bat uztea erabaki zen: naturgune bat birsortzea, euskararen eskutik sortuko zen basoa hain zuzen.
2009an Arbizun landatu zen lehenengo Oinez Basoa. Geroztik, Tafallan, Tuteran, Zangozan, Baztanen, Sartaguda/Andosillan eta Altsasun sortu dira basoak.
Lesakan, Nafarroa Oinez 2017k utzi zuen aztarna ekologikoa guttitzeko asmoz, Tantirumairu Ikastolak Oinez Basoa 2017 ekimena burutu zuen Lesakako Frain eta Ziobi inguruetan. 9 hektareako eremu horietan, honako espezie hauetako 11.000 zuhaitz inguru landatu ziren: Ziobin, bertako haritza, gereziondoa, lizarra, Pinus Taeda eta Atlas zedroa eta Frain kaskoan urkia, bertako haritza eta gereziondoa.
2015eko abenduaren 19an, sute handi batek 190 hektarea erre zituen Lesaka eta Igantziko lurretan, bertako arbola gehienak kiskaliaz. Hondamendi hau ikusirik, Lesakako Udalak eta Tantirumairu Ikastolak elkarlanean, Oinez Basoa proiektuaren baitan, kaltetuak gertatu ziren eremu hauek birlandatzea proposatu zuten. Nafar Gobernuaren lagun-tzaz, 2018ko otsailean gauzatu zen egitasmoa.
Horrez gain, herriari zerbait gehiago eskaini nahian, helburu pedagogikoa zuen zerbait sortzearen konpromisoa hartu zuen Tantirumairu ikastolak. Azkenean, 2019-2020 ikasturte hasierarako, prest genuen dena: naturgune honetako animalia eta landarediaren inguruko informazioa ematen duten panel batzuk eta atsedenerako mahai eta bankuak. Panel informatiboetako testuak 5. eta 6. mailako neska-mutilak prestatu genituen.
Horien inaugurazioa irailaren 22an izan zen. Igande hartako goizeko euriari aurre eginez, ehun lagun baino gehiago bildu ginen Frain mendian, Lesakako Tantirumairu ikastolaren deialdiarekin bat eginez. 2017ko Nafarroa Oinezen ondorioz Frain inguruan landatutako Oinez Basoa ikusteko antolatu zen txangoa eta Lesakako ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoekin batera, Berako Labiagakoak, Baztangoak, Sarako Olhaingoak eta Baigorrikoak bildu ginen, batzuk herritik oinez joanak eta ber-tze batzuk Piedaderaino autoz hurbildu eta handik oinez joanak. Eguraldi eguzkitsu polita gelditu zen azkenean Frainen. Ekitaldirako egindako kantua abestu genuen eta Oinez Basoa landatu zen eremuan, bertako landarediaz eta faunaz informatzeko paratutako informazio-panelak ikusi eta hamaiketako ederra izan genuen.
Bortz ikastolen arteko harremanak sustatzeko asmoz antolatu zen mendi-irteera, guztiz arrakastatsua suertatu zen: Naturaren inguruan harremanak sendotuz, bortz ikastolek bat eginez!
fauna eta flora
Belatz handia (Falco peregrinus). Belatz handia falconidae familiako harrapari txikia da. Hegal estuak eta zorrotzak ditu, eta isats luzea. Ehiztari aparta da, hegan dabilenean egiten dituen erasoetan orduko 200-250km-ko abiadura lor dezake. Horregatik estimazio handia du zetreriarako. Airean zirkuluak egiten ditu harrapakina aukeratu arte; ondoren pikatuan jaisten da eta hatzaparrekin kolpatu eta lurrera botatzen du. Azken urteetan hirietako uso populazioa kontrolatzeko erabiltzen dute.
Azeri arrunta (Vulpes vulpes). Otsoaren familia bereko ugaztun haragijalea da. Bakartia eta iheskorra da, ia egun guztia gordelekuan ematen du eta gauez ateratzen da ehizatzera. Azeriek zentzumenak hagitz garatuak dituzte: bere usaimen, entzumen eta ikusmenak biziraupena mantentzen lagundu diote. Izan ere, gizakiak etsaitzat hartu eta etengabe jarraitu, ehizatu eta pozoitu izan du. Hortaz gain, bere larru preziatuagatik ere, harrapatu izan du.
Basurdea (Sus scrofoa). Basurdea etxe-txerrien aurreko ugaztuna da. Goi barailako letaginak gorantz bihurriturik ditu eta horiek erabiltzen ditu defentsarako. Lokatzetan iraultzea gogoko du, baita zuhaitz enborretan hazka egitea ere. Euskal Herri guztian hedaturik dago. Espezie honen habitat tipikoa baso hosto erorkorrak dira, horietan aurkitzen bai ditu aterpea eta janaria.
Astigar arrunta (Acer campestre ). Itzal-zuhaitz gisa landatzen da; lorategietarako udazkenean kolore ikusgarriak hartzen dituzten barietate aunitz lortu dira. Estimatua da zurgintzan erreminta girtenak, altzariak etab. egiteko.
Haritz kanduduna (Quercus robur). Bere egurra kalitate paregabekoa eta hagitz estimatua da, guztiz egokia eraikuntza eta ebanisteriarako. Harekin eraiki ziren garai batean itsas armadarako eta merkataritzarako itsasontzi gehienak. Euskal Herriko sinbologiarekin lotuta dago, Gernikako arbola horen lekukoa da.
Gereziondoa (Prunus avium). Ematen dituen gereziak estimazio handiko fruituak dira. Horiengatik lantzen dira nekazaritzan txertaketaren bitartez lortu dituzten barietate anitzak.