23/11/2019 | Baztan Ikastola

Izurde gelako gazi-gozoak

Baztan Ikastolako 6. mailako ikasleak gara. Ortzegunetan postuak paratzen egon gara ikastolako bi eraikinetan (Pilarreko patioan eta Parkean). Gainera, Elizondoko ferietan ere paratu genuen postua. Baino zer postu? -galdetuko diozue zuen buruari.

Eski kanpainarako dirua lortzeko Izurde gelako gazi-gozoak deituriko janari postuak jarri ditugu urriko ortzegunetan. Patata tortilla, bizkotxoak, krepak, fruta brotxetak, gasna pintxoak, garroteak, gasna tarta, txokolatea, kafea, bonboiak, gailetak, opilek eta madalenak saldu ditugu; eta bitartean, bertze batzuk, herritik barna gaztainak saltzen ibili dira.

Ai gaztainak! Ibilalditxo bat egin genuen irailaren hondar egunean salmentak hasi aitzinean.

IRAILAK 30, GAZTAIN BILA ELIZONDOKO KAXKOETAN BARNA Ikastolatik abiatu ginen eta Ezpondako maldan goiti segitu genuen iaz ikastolak egin zuen zuhaitz landaketaraino. Landatu genituen gaztainondoei begira egon ginen gosaldu ondoan. Ibilaldian aunitz ibiltzeaz gain inguruko parajeez gozatu genuen. Baztango kaxko batzuk ikusteko aukera izan genuen: Gorramendi, Auza, Berro, Bagordi...

Gero, ibiltzen segitu genuen; maldan beheiti oraingoan. Aldekoa bordaren aitzinean bazkaldu genuen zuhaitzez inguratuta. Behin indarberrituta postuan saltzeko gaztainak biltzera joan ginen han hurbil aurkitzen den gaztaineri batera. Hango gaztain pila! Konten bueltatu ginen herrira, egun polita izan genuelako eta gure salmenta posturako gaztain andana bildu genuelako.

Baina nola hasi zen dena? Urtero 6. mailakoek bonboiak eta polboroiak saltzen zituzten dirua lortzeko asmoarekin. Aurten pixka bat desberdin egin dugu. Hau da, etxeko eta bertako produktuen alde egin dugu eta aitetxi-amatxi, guraso eta irakasleen laguntza izan dugu janaria prestatu eta biltzerako orduan. Jakiak prestatzeaz gain, antolaketan buru-belarri aritu gara. Publizitatea izan zen bertze pauso bat. Iragarkia sortu eta bertso bat egin genuen jendea erakartzeko. Ikastolako Facebook eta Whatsapparen bitartez izan zuten gure berri.

URRIAK 25, FERIA EGUNA Goizeko 9:30etan gelditu ginen Merkatuko Zelaian. Eta urtero gisa, pottokaren ondoan jarri genuen mahaia.

Bakoitzak etxean prestatutako janari bat eraman zuen han saltzeko: patata tortilla, bizkotxoak, krepak, gasna pintxoak, fritoak, garroteak, sagar tarta, xingerra, txistorra, kafea, etxeko salda... Gaztainak ere eraman genituen, eta herritik barna ibili ginen saltzen.

Feria eguna arras garrantzitsua da baztandarrendako. Urtero-urtero jende andana biltzen da Merkatuko Zelaian azienda ikusteko eta baita aspaldian ikustekoak dituztenak agurtu eta haiekin solastatzeko. Aziendaz aparte, karrikak estutu egiten dira postuak egoten direlako alde batean eta bertzean. Eta tartetik jendea ahal den moduan pasatzen da.

Ba guk egun berezi hau aprobetxatu genuen salmentarako. Ia plater eta ontzi guziak hutsik eraman genituen bueltan etxerat. Baina badakizue zer izan zen arrakastatsuena? Amatxi Mariren oilo salda.

Gure abestiarekin batera, "Salda bero-beroa badago guztiontzat, probatu ezazue eta hurbildu berriz gugana" jendea hurbildu zen ondorat. Eta bai, erran behar dugu, arrakasta handia izan zuela; izan ere, eltzea hustu zen eta jendeak arras goxoa zegoela erran zigun.

BERTSOA

Abestia.

Hementxe gaituzue
izurde gelakoak
saltzera etorri gara
bildutakoak
fruta brotxeta goxo
baita bizkotxoak
gaztain handi ttikiak
denak mendikoak
garrote gozoak
magrazko fritoak
merke, etxekoak
erosi nahikoak
eskiatzera gateko
a ze gogoak!

 Ver documento

Izurde gelako gazi-gozoak
Volver

Nuestras ikastolas

Síguenos en Facebook

Síguenos en Twitter