Orain dela urte batzuk, ikastolako Haur Hezkuntzako etapan aldaketa garrantzi-tsu batzuk ematen hasi ziren. Orain arteko heziketaren inguruan hausnarketa sakonak eman ostean, erabakiak hartu eta beste modu batean lan egiten hasi ziren. Eta aurten, iaz jasotako formazio eta hausnarketen ondorioz, Lehen Hezkuntzari egokitu zaio prozesu honetan murgiltzea, lehenengo zikloari zehatz-mehatz.
Oinarrizko konpetentziak dira, Europako Erkidegoen Batzordeak proposatutakoaren arabera, “pertsona guztiek behar dituztenak beren burua errealizatzeko eta garatzeko, bai eta inklusio sozialerako eta herritartasun aktiborako ere”.
Ikastolak XXI. mendeko gure gizartearen eskakizunei erantzuteko gai diren pertsonak hezi nahi baditu, oinarri sendoak emanez bizitza osoan zehar ikas dezaten eta gai izan daitezen norberaren bizitza zentzuz bideratzeko, norberaren destinoak hautatzeko, norberaren aukeraren ardura hartzeko eta gizartean integratzeko, modu aktibo, kritiko eta arduratsuan, Haur Hezkuntzatik hasi eta Lehen Hezkuntzan ekin behar zaio oinarrizko konpetentzia orokorren garapenerako oinarriak ezartzeari.
Hori dela eta ikasturte berri honetan LHko 1. zikloan (1, 2 eta 3 mailak) ZIRKULAZIO AUTONOMOA martxan ipini dugu. Gure helburuen artean haurra onartua eta baloratua sentitzea da, egozentrismo fasea atzean utzi eta besteen iritziari garrantzia ematen hasten baitira adin honetan.
Ikastolan haur bakoitzak bere lekua izatea nahi dugu, bakoitzaren gaitasun propioak garatzea eta sozializaziorako hain garrantzitsuak diren balore etiko eta sozialak landu nahi ditugu.
Ikasleen sormena, iniziatiba eta autonomia bultzatu nahi ditugu eta indibidualtasun eta sozializazioaren arteko oreka bat topatu.
Hau guztia aurrera eramateko oso kontziente gara helduaren rolak duen pisua, hau da, benetako hezkuntzaren eraldaketa bat egin nahi badugu, aldaketa norberarengandik hasi behar dugula, eta asko dugula aldatzeko. Horregatik irakasleak gure burua formatzen jarrai-tzen dugu. Irakasle enpatikoak izan nahi dugu, haurra entzun eta errespetatzen duena. Hausnarketa elkarrizketak bideratu behar ditugu gure ikasleekin, erantzunak haurrak topa ditzan eta ez guk dena egina eman. Eta argi izan behar dugu ez dugula ikasleak eskatzen duen hori azkar eman behar, haurraren beharra zein den zuzen identifikatu eta hori da eskaini behar dioguna.
Jolas orduaren ondoren haurrek modu autonomo batean txoko ezberdinetatik igarotzeko aukera dute. ZIRKULAZIO AUTONOMOA iristen den unean, geletako ateak zabaltzen dira eta ikasle bakoitzak aukeratzen du nora joan nahi duen. Hiru espazio antolatu ditugu horretarako, Hizkien Txokoa, Zenbakien Txokoa eta Ideien Txokoa.
Astero 12 zeregin ezberdin izaten dituzte, horietariko 9 irakasleok proposaturikoak (gutxienez 6 egin behar dituztelarik) eta 3 ikasleek proposaturikoak izan daitezke. Ikasleak autonomoki zein zeregin egin nahi duen aukeratzen du, eta espazio horretara joaten da. Batzuetan espazioa beteta dagoela ikusiko du, eta bere burua autorregulatuz, beste txoko batera joan beharko du.
Egindako lanak portfolioan isla-tzen dituzte, eta bizi izan duten hori paperera eramaten dute.
Amaieran, musika entzuten duten momentuan egiten ari direna utzi eta materiala biltzen dute, espazioaren ardura bere gain hartuz. Eta asanblada txiki batean taldeka egindako lana elkartrukatzen dute, sortu zaizkien zailtasunak azalduz, egindako lana kontatuz, nola sentitu diren… Etapa berria Lehen Hezkuntza, ilusioz eta gogoz betetako bidea.