23/05/2019 | LIZARRA IKASTOLA

Lizarra Ikastola: mugitu, jolastu eta ezagutu

Lizarrako Udalak  jarduera fisiko osasuntsua bultzatuko duen Brinka programa garatu eta abiarazi du  ikasturte honetan Lizarrako ikastetxeetan.

Proiektu horrek bost eta zortzi urte bitarteko umeen kirol-hastapenean eredu alternatiboa sustatzea du helburu, izaera ludikoa izanik, gainera.

Programaren helburu nagusia da haurren garapen motor, kognitibo eta sozio-afektiboa eraikitzea. Horretarako, noski, kirol-aukeraketa egokia egin eta espezializazio goiztiarra ekiditeko asmoz, kirol-praktika ugari ezagutuko dituzte haurrek; bide batez, jarduera fisikoa goiz uztea ere saihestuz.

Astean ordu beteko bi saio dituzte eta, hilabetean behin, Brinka programan parte hartzen duten Lizarrako ikastetxeek topaketa bat izango dute. Antolatzen diren topaketa horiek bi helburu nagusi dituzte: alde batetik, gurasoek ere euren seme-alabekin batera topaketan parte hartzea eta, bestetik, ikastetxeen arteko interakzioa bultzatu eta harremanak indartzea.

Lehenengo topaketak ikastetxeetan ospatu ziren eta azkenekoak natur-gunean garatuko dira. Orientazio-jolasa, mendi-irteera edota bizikleta-martxa ditugu honen adibide.

David Barcenilla. Lizarra-Ikastolako Brinka arduradunarekin elkarrizketa

Zer da Brinka?
    
Brinka Lizarrako Udalak Ikastetxeekin batera martxan jarri duen proiektu berria da. Proiektu honek jarduera-fisiko osasuntsua bultzatzea du helburu; baita  gaur egun edozein kiroletan ikus daitekeen espezializazio goiztiarra saihestea ere.

Zer egiten da saio horietan?

Saio horiek duten helburu nagusiena jolasten ondo pasatzea da. Horretaz gain, badira hainbat jolas edota ariketa bidez lantzen saiatzen garen beste hainbat helburu ere, hala nola, beraien arteko konfiantza nahiz harremanak garatzea, koordinazio-garapena (korrika egin, saltoak, indarra, jaurtiketak, harrerak, botea, kolpeak...), gorputz-adierazpenarekin zerikusia duten saioak, erronka mota ezberdinak gainditzeko estrategiak sortzea...

Nork hartzen du parte ekimen horretan?  

Lizarra ikastolan gutxi gora behera 30 haurrek eman dute izena. Hasieran gutxiago zeuden, baina saioen arrakasta dela-eta, haur gehiago animatu ziren ikasturtean zehar. Jarduera hau 5 urte (HH.3) eta 8 urteko (LH. 3)haurrei bideratua dago. Bi taldetan banaturik daude: alde batetik, 5  (HH.3) eta 6 urteko (LH. 1) haurrak eta, bestetik, 7 (LH. 2) eta 8 urtekoak (LH.3).

Zein da Brinkaren bertute nagusiena?

Nire ustez, jarduera horrek duen bertuteetako bat  gurasoen parte-hartze aktiboa da. Ez du kirol federatuek duten lehiaketa-eskema eta asteburuetan ez dago partidarik; baina, hilabetean behin, topaketa bat antolatzen da parte hartzen duten ikastetxe guztien artean. Gurasoek parte hartzen dute beraien seme-alabekin eta normalean sortzen den giroa oso polita izaten da.

Nolakoak dira hilabetean behin egiten diren topaketak? Zer egin da orain arte?

Topaketa batzuk ikastetxeetan gauzatu dira,  gorputz adierazpenarekin zerikusia duten hainbat jolas eta herri-kirolen ingurukoak: “hamaiketako osasuntsua”-janari osasuntsuari buruz gurasoei zuzendutako hitzalditxoa izan zuena-, ostiko beisbola, slak line,... eta azkenengoak, berriz, natur-gunean izan dira: orientazio-jolasa Lizarran barna-“C.D. De Norte a Sur” taldeak antolatua-, Zumake ibilbidea -gidari baten laguntzaz- eta bizikleta-martxa Valdelobosetik Zubielkiraino. Gainera, esan beharra dago  Tederren arduradunek  ibaietako kutsadurari buruzko informazioa eman dietela hantxe bertan haurrei.

Zertan laguntzen dio ekimen honek Lizarra Ikastolari?

Nire ustez, Ikastolak duen beharretako bat asetzen saiatzen da, aurren garapen integrala gauzatzen eta errazten laguntzen duen jarduera bita. Lehenengo urteetan  kirol-aniztasunaren ildoa espezializazio goiztiarra saihestuz jorratu nahi izan zen eta aurrerago, aldiz, kirol ezberdinetan aritzeko oinarrizko trebetasunak garatuz.

 Ver documento

Lizarra Ikastola: mugitu, jolastu eta ezagutu
Volver

Nuestras ikastolas

Síguenos en Facebook

Síguenos en Twitter