2019/04/25 | IÑIGO ARITZA IKASTOLA

Oinez Basoa proiektua, ikastolan Iñigo Aritza Ikastolako ikasleetako batzuk, gogor lanean.

Iazko Nafarroa Oinezeko egunaren ostean, oraindik Oinez Basoaren proiektua gelditzen zen amaitzeke. Oinez Basoa, Nafarroa Oinez festaren aztarna ekologikoa gutxitu eta Oineza burutzen duen herriari luzarorako legatu bat uzteko helburuz sorturiko proiektua da.

Aurtengo proiektu hau San Pedro eta Usolarrain guneetan jorratu da, ikastola eremuan bertan. Oinarrian, sagu zaharren habitata hobetzea, basoaren biodibertsitatea hobetzea, eremu batean basoa garbitzea, ibilbide inklusiboa egitea eta Txuspo Poioren eskultura berritzea izan dira. Lanketa hau egiteko, ezinbestekoak izan dira, Nafarroako Unibertsitate Publikoko sagu zahar eta biologia saileko irakasleen laguntza, hauek izan direlako proiektua maila teknikoan zuzendu eta garatu dutenak.

Horrela, Iñigo Aritza Ikastolaren ondoko basoan burutu dugu gurea. Ikastola eremuan bertan egotean basoa, ikasgela bilakatzeko aukera ematen digu eta honen baitan Baso Eskola izena hartzen duten proiektu pedagogikoa lantzeko aukera paregabea. Horrela, basoa ikasgela bilakatzen da bertako lore, zuhaitz eta animaliak ezagutu, hiztegia jorratu, hizkuntzak landu zein matematika edota biologia ikasteko aukera eskainiz. Horrez gain, ikasgelatik irteteak ere sozialki garatu eta balioetan hezteko bidea irekitzen du.

Lanketa honek Europa iparraldean urteak darama jorratzen. Horrela, Alemanian 1.000tik gora dira martxan dauden mota honetako egitasmoak eta Danimarkan ere oso barneratua dute ikasle zein familiek lanketa hau.

Baso Eskolak beraz, ikasleei amalurra gerturatzeko aukera, honekiko sentsibilizazioa indartu eta bestalde, arlo pedagogikoak garatzeko, esperimentatzeko, espazioa dira.

Gurean, aurtengoan, sagu zaharrak izan ditugu jopuntu. Oinez Basoa proiektuan, hauen bizitokiak egoki-tzeko eta bereziki bechstein izeneko saguzar ez ohiko baten bizilekua gure basoa denez, lan egin da. Horrela, ikasleekin batera saguzarren ezagu-tzan eragin da, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

Haur Hezkuntzan, sagu zaharrak ezagutu eta margotu dituzte ikasleek. Hauek zer jan, noiz eta nola bizi diren jakiteko jolasak egin dituzte.

Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek berriz lanketa sakonagoa egin dute. Hauen lanen ondorioak basoan zintzilikatuko den kartel interpretatzailean joango dira eta.

Lehen Hezkuntzako ikasleek, sagu zahar espezie desberdinen katalogoa egin dute, hauen irudi eta ezaugarri orokorrak, bizi tokiak, ugalketa eta elikadura aztertuz. Horrez gain, saguzarra burundako euskalkian “gauenara” deitzen dela ere ikasi dute. Munduan nagusi diren espezien lanketa egitearekin geografia eta klima motak ikasi ahal izan dute.

Derrigorrezko Bigarren Hezkun-tzan berriz, Bechstein, baso honetan bizi den ez ohiko saguzarraren inguruan lan egin dute. Sagu zahar honen berezitasunak ikasi dituzte eta guztia gerora basoan jarriko den kartel interpretatzailerako prestatu. Ibilbide honetan, sagu zahar espezie honen inguruan doktoretza tesia egin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle den Maria Napal irakaslearen bisita izan genuen, berarekin basoan ibilaldia egin eta bertatik bertara sagu zaharren gaineko informazioa jasotzeko.

Sagu zaharren ezaugarri eta animalia hauen bizi iraupenerako dauden arazoak landu dituzte. Horrela, bechstein sagu zaharra zuhaitz zaharretan bizi denez, baso natural eta osasuntsuen beharra dutela ikusi ahal izan dute. Modu honetan, espezie baten bizi iraupenerako ekosistemen oreka eta zaintzaren garrantziaz jabetu dira. Ekosistemen kalitatek beraz, bertako espezien bizi irautea ziurtatuko du, eta honek aldi berean gizakion ongizatea. Jakin, sagu zahar batek egunero bere pisuaren %40-60 eltxo jaten duela, beraz, eltxoen kontrako tresna natural eta bikaina dira!

Aurtengoan sagu zaharrak izan dira Baso Eskolaren oinarri, hala ere proiektu honen ibilbidea hasi besterik ez da egin eta zentzu horretan hurrengo ikasturteetan gai desberdinak jorratzeko lanean dihardu Iñigo Aritza Ikastolak. Jakitun garelako, ikasketa ez dela liburuen bidez soilik jasotzen den jakinduria, inguruak eskaintzen dizkigun esperientzia, tresna eta lanabesek ikasketa prozesua indartu aberastu eta gozatzen dutela.

 Dokumentua ikusi

Oinez Basoa proiektua, ikastolan
Itzuli

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu