Jada badira urte batzuk Ibaialde Ikastolak, udaletxearen eta mankomunitateko hainbat erakunderen laguntzarekin Jasangarritasun Azoka antolatzen duela. Aurten ere, ezin izan diote eutsi inguruko herritarrei, elkarteei, ekoizleei eta ikastetxe ezberdinei beren proiektuak plazaratzeko aukera emateko ilusioari eta urtarrilaren hasieratik lanean dihardute ahalik eta programa zabalena eta osoena eskaintzeko asmoz
Aurreko ilaretan esan bezala, aurten maiatzaren 4an ospatuko da Jasangarritasun Azoka Lodosako Paseoan eta aurtengo gai nagusia “ekonomia zirkularra” izatea erabaki dute antolatzaileek. Nafarroako eremu honetan badaude ekonomia zirkularrarekin lotura handia duten mila proiektu eta proiektu horiek jendearen aurrean azaltzeko plaza ederra da Lodosako Jasangarritasun Azokarena. Bertan, Errigora (lehengo urteko omendua), Goiener, Lodosako komertzianteen elkartea, inguruko nekazariak eta beste hainbat elkarte izango dira beren produktuak eskainiz eta haien proiektuen inguruko informazioa publikoaren eskura jarriz. Horrez gain, Lodosako zenbait ikastetxek ere parte hartuko dute jasangarritasuna indartzeko egiten dituzten lan eta proiektuak herriari erakusteko.
Gauzak horrela, Lodosako Paseoa ekitaldi askoz beteriko festa bat bihurtu da: postu ezberdinak, mikrohitzaldi informatiboak, haurrentzako zein helduentzako tailerrak, konpost banaketa… Aurtengo berrikuntzetako bat azokak hartzen dituen zenbait ekitaldi maiatzaren 4a baino lehenago hastea izan da, azokara begira motorrak berotzen hasteko. Ekitaldi horietako bat Ikastolak berak antolaturiko Erlezain-tza erakusketa izan da. Apirilaren 29tik maiatzaren 9ra Lodosako Kultur Etxean eskainiko da erakusketa eta maiatzaren 3an bertan aditu bat izango da gaiaren inguruko hitzaldi bat eskaintzeko. Hori gutxi balitz, aurreko egunetan ere Lodosako ikastetxe ezberdinei sentsibilizazio tailerrak eskainiko zaizkie.
HELBURU PEDAGOGIKOA Azoka honek argi du bere helburuetako bat inguruko proiektu interesgarriak ezagutarazteaz gain, haurrekiko sentsibilizazioa ere oinarrietako bat dela. Horregatik Ibaialde Ikastolan urtero egiten dute gaiarekin loturiko proiekturen bat. Aurten, Ibaialde Ikastolako haurrak Oinez Basoa proiektuan lanean dabiltza. Proiektu honen helburua Nafarroako Oinez Basoa sarean dauden landare, zuhaitz eta abar gauza interesgarriren ezagupena bultzatzea da eta haurrek naturarekiko duten ezjakintasunari buelta bat ematea. Gauzak horrela Ibaialde Ikastolak ere bere Oinez Basoa aztertzeari ekin dio Nafarroa mailan sortu den sare hau indartzeko asmoz. Horrez gain, Haur Hezkuntzako haurrek ikastolako negutegia berriz ere martxan jarriko dute hilabete batzuetako geldialdiaren ondoren.
Gogoratu, maiatzaren 4an zita berezi bat duzuela Lodosan, familia giroan edota lagunekin hurbiltzeko eta hamarnaka proiektu ezagutzeko. Informazio gehiago Ibaialde Ikastolaren facebookean izango duzue, baita Lodosako Udaletxeko web orrian ere. Ez galdu aukera eta hurbildu Lodosara.