Orain arte Gabonetan ospatu izan ohi da aipatutako jaialdia eta askotariko gaiak jorratu izan dituzte bertan: zirkoa, musika beltza, Irunberriko ospakizunak, musikal famatuak... baina aurten, besteetan ez bezala, udaberriko jaialdia egin dute ikastolako kideek.
Ikastolak antolatzen duen Aktiba izeneko festaren baitan kokatu da jaialdia eta honen helburua udaberriari ongi etorria eman eta bereziki herriari, guraso, irakasle zein ikasleen elkarlanari esker, ilusioz egindako emanaldi bat eskaintzea izan da.
Aukeratutako gaia euskal instrumentuak izan dira. Gure kulturako zeinu diren instrumentu nabarmenenen bi ikuspegi: tradizionala eta modernoa. Ohitura, sorkuntza eta kultura, dena bat eginik. Euskal musika baserriari, herriari, lanari, naturari eta ohiturei loturik dagoela. Jakin badakigu eta ikasleek momentu ezberdinetan kokaturiko koreografia eta dantzak taularatu dituzte baserria, mendia eta herria eszenatoki izanik .
Udazkenean, adibidez, sagarrak biltzeko garaian, perkusio soinuen indarra irudikatu dute kirikoketa eta txalaparta soinuekin. Sagarra bildu, sagarra jo, sagarra bildu, sagarra jo… Ttakun-ttakun, ttakun-ttakun… Animalien zainketari loturik eta bereziki artzainen lanbideari begira alboka aurkeztu dute ikasleek. Fandangoa eta baita rock&rolla ere!
Festa eta ospakizunekin batera Nafarroako zeinu den gaita aurkeztu digute: txulalai, rumba doinuak.. Eta nola ez, infernuko hauspoa, soinu txiki edo trikitixa, betiko dantzak eta dantza modernoak uztartuz. Guztiak disfrutatzekoak, guztiak ikasleek eszenatokira gogoz eta ekarritakoak.
txistua
Xehetasunak. Erdi aroko txirularen bilakaeraren ondorioz sorturiko hiru zulodun txirula da.
Txistuaren familia honako hauek osatzen dute: txistua, silbotea eta txirula.
Txirula izan ezik (egurrezko pieza bakarrean egina) gainontzeko instrumentuak zatika fabrikatzen dira, azpiko zatia aldatzen delarik jo nahi den musikaren tonalitatearen arabera.
Egurrik erabiliena ebanoa da, naiz eta ezpelarena eta intxaurrondoarena ere erabili izan den;baita plastikoa eta metala ere.
Danbolina izeneko danbor batekin lagunduta jo ohi da.
trikitixa
Xehetasunak. Trikitixa, italiar jatorria duen botoizko akordeoi diatoniko bat da. Airea erabiltzen du barruan dituen aluminiozko lenguetak dardarazi eta honela soinua sortzeko.
Euskal Herrian XIX. mendeaz geroztik erabiltzen da. Euskaraz bizi den herrialdeari lotuta dago, gure arbasoen ohiturak sustraituriko herrialdeari alegia.
Gehienetan panderoaz lagundurik entzuten dugu, panderojole baten eskutik.
Trikitixa hitza “triki-triki” onomatopeiatik eratortzen da, panderoa eskuekin jotzean sortzen ohi den soinuari erreferentzia eginez.
alboka
Xehetasunak. Haizezko Euskal instrumentu herrikoia da. Kanaberazko bi hodiz eraturiko klarinete bikoitza da. Bi hodiak euren artean paraleloki lotuak daude udare ondoaren edo intxaurrondoaren egurrez eginiko zirkuluerdiko euskarri baten bidez (uztarria).
Hodiak behi-adarrezkoak edo zezen-adarrezkoak dira. Hodietako batek bost zulo ditu eta besteak hiru.
Jo ahal izateko, modu jarraian putz egiteko teknika menperatu behar da. Teknika honek, aldi berean putz egin eta arnas hartzeko aukera ematen du.
gaita
Xehetasunak. Lengueta bikoitzeko airezko musika tresna. Oboe, fagot eta ingeles kornoaren familiakoa da. Ezpel-egurrarekin eraikitzen da, sonoritate egokiagatik eta egurraren kolorearen edertasunagatik. Egun, ebano egurra ere erabiltzen da, baita latoia ere.
Normalean 35-39 cm luze da, aho-pieza barne, eta 5 cm-ko diametroa du azpiko muturrean.
Musika tresna hau sormen eta moldaera handikoa da, erabilera herrikoi zabala izan baitu denboran zehar. Folklore dantza gehienak laguntzen ditu. Otsagiko dantzarien, Larrain dantzaren eta herri gehienen erraldoien ohiko doinua izaten da.
txalaparta
Xehetasunak. Txalaparta perkusiozko Euskal musika tresna da, bi pertsona behar dira jotzeko. Musikari bakoitzak (txalapartariak) egurrezko mazo batekin bertikalki jotzen ditu saski batzuen gainean kokatzen diren egurrezko xaflak (lodiera eta osaera ezberdina izan ditzakete).
Zein materialekin egiten da txapalarta? Musika-tresna hau osatzen duten materialak, sagardoaren eratze prozeduretan erabiltzen zirenak dira. Mazoak sagarren birrintzean (kirikoketan) erabiltzen ziren eta saskiak sagarren garraiorako.