Baztango ohitura zahar eta berezi bati buruz solastuko dizuegu: Orakunderi buruz. Aurten, otsailaren 28an ospatu dugu eta guretako berezia da, egun honek Inauteriei hasiera ematen dielako. Guk txikitatik ospatu dugu besta hau, baina informazioa bilatu ondoren, jakin dugu, urteetan zehar aldatu egin dela. Gainera, gaiari buruz aunitz dakien pertsona bati elkarrizketa egiteko aukera izan dugu, gure ikastolan lehenengo andereñoa izandakoari, Mari Karmen Goñiri alegia.
Orakunde haurren Inauteriak ospatzeko modu bat da, Ostegun Gizen egunean egiten dena. Orakunde sortu zeneko garaian, helduek beren inauteri propioa zuten, haurrek ez zuten Inauteria ospatzen. Pentsatzen da, haurrek ere ospatzeko aukera izateko Orakunde eguna antolatuko zutela.
Inautea eta Orakunde datak garizumak markatzen ditu. Garizuma Eliza Katolikoaren liturgiako denbora tarte bat da, 40 egun irauten dituena non lehen baru eta bijilia derrigorrez egin behar zen, zazpi urtetik aurrera.
Baztango herri guztietan ez da bakarrik Orakunde izenarekin ezagutzen, Egun ttunttun Arizkunen edo Oilar dantza Erratzun, izenekin ere ezagutzen da. Normala den bezala, herri bakoitzak bere izaera propioa eta berezitasunak dituenez, ohitura honek herriaren arabera desberdintasun txikiak izan ditzake.
Aspaldian, puxke biltzea egun bat lehenago egiten zen asteazkenean hurrengo egunean, ostegun gizen egunerako bazkaria izateko baino orain egun berean egiten da Baztango hainbat herritan, Elizondon izan ezik. Puxke-biltzea, etxez-etxe jakien biltzeko ohitura da. Bortzirin adibidez, Bera eta Lesaka herrietan, antzeko zerbait egiten dute Ortzegun gizen egunean zingar-arrautze eta arrautze-arrautze deitzen diotena, baina herri hauetan ez dute hurrengo egunean oilarraren jokoa egiten.
Gaur egun, Elizondon, Orakunde egunean honako hau egiten dugu: Goizeko 9.30ean kalejiran eta kantuan abiatzen gara haur guztiak txistularien eta 6. mailakoek daramaten banderaren gibeletik Elizondoko karriketatik elizaraino, kanta abesten. Elizara ailegatzekin elizkizuna izaten dugu eta akitzekin plazara joaten gara. Txikienak plaza berean geratzen dira jokoetan bazkaltzeko ordua izan arte eta handienak Iriarte Frontoira joaten gara zinta jokoan, kosko biltzean, puxika leherketan eta aulki jokoan aritzera. Arras ongi pasatzen dugu!
Bazkaldu ondoren 15.00ak aldera, Oilarraren jokoa egiten dugu. Adin desberdineko taldeetan banatuta eta zozketaz, begiak estaltzen dizkigute eta zurezko ezpata batekin, frontoiko edozein lekutan egon daitekeen oilarra harrapatzen saiatzen gara. Ez da erreza gero! Zurezko ezpatarekin oilarra ukitzen duen lehenengoa izaten da irabazlea eta beraz, etxera oilarra eramaten duena.
Oilarraren jokoa bukatzen denean, merendu goxo bat banatzen digute opil batekin eta txokolate beroarekin. Eta amaitzeko, dantzaldia izaten da. Garai batean, ilun ezkile –gaueko kanpai– hotsarekin amaitzen zen festa, jendea etxeratzeko abisuarekin.
BESTAK ETA OHITURAK ALDATZEN JOATEN DIRA Garai batean egiten zenarekin konparatzen badugu, orain joko gehiago egiten direla uste da. Mariano Izeta haurra zeneko garaian, Xingola jokoa-lasterketa eta oilarraren jokoa egiten zituzten baina ez zuten kosko biltzea, puxika leherketa edo aulki dantza egiten.
Zinta jokoa edo xingola lasterketari dagokionez, gaur egun ere garai batean egiten zen moduan egiten jarraitzen dela dirudi. Honetan datza: xingolak edo koloredun zinta desberdinak soka batetik zintzilik paratzen dituzte. Zintaren beheko aldean uztai txiki bat jartzen da eta haurrak lasterka abiatzen dira eskuan zurezko ziri bat dutela. Ziria uztaitik sartzen saiatzen dira zinta eskuratzeko. Bakoitzak xingola bakar bat hartu dezake. Lehenago, mutikoek zinta zati hori neskei oparitzen zieten, beren dantza lagunari alegia baina gaur egun aukeran da norbaiti oparitzea edo ez. Lehenago, 6 urtetik gorako haurrek bakarrik hartzen zuten parte baina orain 3 urterekin hasten gara Orakunde ospatzen. Haur txikienei ez zaizkie begiak estaltzen, korrikan joaten dira oilarra harrapa-tzera ezpata eskuan dutela.
Aspaldian, mutikoek bakarrik parte hartzen zuten, nahiz eta orain neskak eta mutikoak diren partaide. Neskak egun honetan eskolara joaten ziren eta jokoak bertan egiten zituzten, eskolan. Mutikoek aldiz, ekintza guztietan parte hartzen zuten; puskebiltzean, elizkizunean, Oilarraren jokoan… Eskerrak gaur egun, denek elkarrekin ospatzeko aukera dugun!
Aspaldian, Elizondoko plaza buruan lauza bat kentzen zuten, zulo bat egin eta oilarraren gorputza lurperatzen zuten burua kanpoan utzita eta hala harrapatzen zuten, orain ordea, gorputza kanpoan uzten dute.
Duela urte aunitz danbolinausia oilarra harrapatzen zuena danbolinetxekoandrea aukeratzen zuen dantza egiteko eta inauterietan, bazkaltzera bere etxera joateko baina ohitura hau Erratzun bakarrik mantetzen da gaur egun. Gure aitatxi-amatxien garaian oilarra oparitzen omen zitzaien irakasleei baina hau Mari Karmen andereñoaren garaian dagoeneko ez omen zen egiten. Orain oilarra, harrapatzen duenarendako da.