San Fermin ikastolan espazio handiak eta zabalak ditugu jolastokirako. Ingurua ere lagun dugu, hiritik hurbil gauden arren, naturaz inguraturik baikaude. Hala ere, patioaren eraldaketa bultza-tzea aspaldiko hausnarketa zen profesionalen artean, bereziki ikuspegi hezitzaile batetik.
Horretarako, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleek Konfiantzaren Pedagogian oinarritzen den lanketari ekin zioten, beharko genukeen patioaren gaineko hausnarketa eginez. Oro har, jokoa gure garapenean ezinbesteko jarduera dela kontuan hartuta, patioaren kontzeptu berri baten gainean lan egin dute. Ikuspegi horretatik, ikastolako eguneroko jardun hezitzailean txertatzen diren espazioen inguruan sakondu zen, patioa gelaren barruan txertatuz eta alderantziz, hau da, eraikina eta patioa harremanetan jarriz.
Kontuan hartutako beste irizpide bat jarduera aktibo eta osasuntsua bultzatzen zuten espazioak sortzea izan da. Erabilera anitzetarako aukerak eskaintzen dituzten espazioak: mugimendua zein atsedenaldia, segurtasuna zein abentura, gizarteratzea zein autonomia, imitazioa zein sormena… Zentzu honetan, psikomotrizitate natural eta espontaneoa bultzatuko duten egoera irekien aurrean jarri nahi izan dira ikasleak, bereziki haur txikienen kasuan.
Talde jolasak bultzatzen dituzten espazioak ere bilatu dira. Leihatzeko baino, elkarrekin partekatzen balio dutenak. Baita gune ekologiko eta jasangarriak ere, naturaren zaintzarekin eta errespetuarekin konprometituz.
ELKARTASUN GIROA2018ko udaberrian, kide anitzez osatutako lan taldea sortu zen: Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleak, zuzendari-tzako kideak, gurasoak, patioko langileak…
Zehazki zer egin behar zuten jakiteko hamaika ideia atera ziren baina beste hainbat toki ere bisitatu eta ikertu zituzten. Finkatu ondoren, horren guztiaren diseinuari ekin zioten eta aurtengo ikasturtean behintzat, zenbait gauza aurrera aterako zirela adostu zen, kasu honetan, auzolanaren bitartez. Eta, arlo horretan, bereziki aipagarria izan da Parte Hartze Batzordearen inplikazioa, sare eraginkorra sortu baitu familia guztiengana iristeko.
Eguraldiak ez zuen bereziki lagundu, hotz handia egiten zuen, baina bertan izandako lagunen epeltasunak eta lanerako umore onak, erabat goxatu zuten giroa. Sekulakoa izan zen, 200 bat familiak parte hartu bai-tzuten auzolanean. Adarrez osatutako zirkuitoak, hondarrerako txokoa, neumatikoen gunea, arbelak… Auzolanean aritzeak beti bezala gauza asko erakutsi dizkigu, baina batez ere ilusioarekin lan egiteko ezinbesteko bidea dela. Egitasmo hau denona zela sentitu dugu eta ederra izan da;baina are ederragoa gure haurrei, elkarrekin, gure eskuekin, gauza handiak egiteko gai garela erakustea.