14/12/2018 | Erentzun Ikastola

LIBURUEN INBASIO ISILA VIANAKO IKASTOLAN

Azaroaren 21ean Ana Jaka idazlearen bisita izan genuen Erentzun Ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleek. Urtero idazle batek bisitatzen du ikastola irakurzaletasuna bultza-tzeko asmoarekin. Asko izan dira Vianara hurbildu direnak: Eider Eibar, Iñaki Zubeldia, Antton Kazabon, Castillo Suarez eta Mikel Valverde, besteak beste.

ANA JAKA GURE IKASTOLAN Oraingoan, Ana Jakaren txanda zela pentsatu genuen. Aspalditik ezagutzen genuen, ikastolara liburuak banatzera etortzen zaigu maiz (Elkar argitaletxean lan egiten du) eta bere idazlanak ezagutu nahi genituen. Gainera, Juul sari bat irabazi zuen iaz Ixon liburuarekin, asko poztu ginen eta deitzea erabaki genuen.

Marimatrakak, Marimutila naiz eta zer?, Ixon eta Loaren inbasio isilaliburuak izan ziren aukeratuak Lehen Hezkuntzako maila desberdinetan irakurtzeko. Ebaluazio honetan gure eskuetan egon dira edo, hobe esanda, gure begietan egon dira. Banaka irakurri ditugu, taldeka, txandaka, kapituluka… Neka-neka eginda bukatu dute… liburuak, ez ikasleak!
 
BESTE PROIEKTU BATZUK Honetaz gain, geletan proiektu desberdinak burutu dira: liburuetan oinarritutako ilustrazioen erakusketa egin dute batzuk, liburuxka bat Loaren inbasio isilaliburuaren ilustrazioekin beste batzuk. Ez hori bakarrik, booktuber bihurtu ditugu beste ikasle batzuk eta azken liburu honen inguruko iritzia bideoz grabatu dute idazlearekin parteka-tzeko.

Esan bezala, proiektu guzti hauen amaiera Ana Jakaren bisita izan da, primerakoa. Bere libururik gustukoenaz, idazle izatearen arrazoiaz, liburu bat egiteko eraman behar den prozesuaz eta beste hainbat gauza interesgarriren inguruan mintzatu zen. Sekretu batzuk kontatu dizkigu: garai batean lotan gelditzen zela eta hortik atera zuela Loaren inbasio isila idazteko ideia edota bere lagunak sartu zituela nobela honetan. Bukaeran bere liburuak sinatu zituen eta poz-pozik bueltatu ginen gure zereginetara.

Bene-benetan plazer bat izan da bera bezalako idazle bat gure artean egotea eta ziurtatzen dugu irakurtzeko grina pizteko eta areagotzeko balio izan duela. Eskerrik asko Ana!

 Ver documento


Volver

Nuestras ikastolas

Síguenos en Facebook

Síguenos en Twitter