Bi urtean behin Washingtoneko elkartrukean parte hartzeko aukera izaten dugu Paz de Ziganda Ikastolan. Oraingo honetan, irailaren 6an hasi genuen abentura hiru irakaslek eta 33 ikaslek. Han egon ginen egunetan, ingelesez hitz egin genuen, noski. Hizkuntzaz gain, familia eta eskola giroan, bertako kultura, bizimodua edota egunerokoa, ohiturak, gastronomia… ezagutzeko aukera izan genuen. Urrun dago geografikoki Washington, urrun kulturari dagokionez ere bai.
Bishop McNamara-ra eta Saint Mary’s eskoletako ikasleekin kidetu ginen, beraien eguneroko bizitzan murgildu. Ongietorria egin eta gero, bakoitza bere kidearen etxera joan eta orduan hasi genuen bizikidetza familiekin. Lehendabiziko gaua oso aldaketa handia izan zen, haien eta gure inguruaren artean tarte handia baitago. Bat-batean gure burua kultura guztiz desberdin baten barruan topatu genuen. Familia guztiek, etxe ikaragarriak zituzten, batzuk igerilekuak, ikuiluak, belardi ikaragarriak eta sotoetan zinema antzeko batzuk, filmetan agertzen direnetakoak bezalakoak.
Leku guztietara joan ahal izateko autoa erabiltzen zuten, ez ziren batere oinez ibiltzen eta distantzia handiak egitera ohituta zeuden, adibidez, eskolara 40 minutu inguru kostatzen zitzaien. Lehendabiziko egunetik aurrera konfiantza hartzen joan ginen eta erosoago sentitzen hasi. Baina, hala ere, hemengo janaria faltan botatzen hasi ginen. Kanpoan gaudenean, etxeko janaria faltan botatzen da, bai.
Familiek irteerak egitera eramaten gintuzten. Asteburuan batzuk New Yorken egon ginen. Izugarrizko aldaketa, kolore argiz eta soinuz betetako hiri bat da non kultura desberdin asko topa ditzakezun, toki berean elkarbizitzen. Beste batzuk, aldiz, Washingtonen bertako lekuetara eraman zituzten, esaterako, amerikar futbol partiduak ikustera edo National Harbour-era.
HISTORIA
Ez genuen aspertzeko denborarik izan. Eskolekin ere hainbat ateraldi egin genituen: Washington DCra, Philadelphiara eta Annapolisera. DCn kapitolioa ikusi genuen, hau da, Estatu Batuetako parlamentua, Etxe Zuria. Washingtonen omenezko monumentua, Air and Pace museuma, Smithsonian museoa ere ikusi genituen. Filadelfian, Art museuma ikusi genuen eta hango fatxadan eskailera batzuk zeuden. Eskailera horiek Rocky steps izena daukate, hain zuzen ere, Rocky filmean ager-tzen direlako.
Filadelfian Love Parken egon ginen: Love esaten duen kartel ikaragarria da. The Liberty Bell ere ikusi genuen eta Estatu Batuetako Independentzia guduaren sinbolorik garrantzitsuenetariko bat da. Kanpai horrek Estatu Batuetako independentzia adierazpenera, hiritarrak deitu zituen. Azkenik, Estatu Batuetako independentzia akta sinatu zen tokira joan ginen. Annapolis Maryland estatuko hiriburua da eta bertan zegoen Saint Marys eskola, ikastolako ikasleen erdia zegoen lekua, Annapolisen Marylandeko parlamentua ikusi genuen. Egun hura kasualitatez dorre bikien urteurrena zen eta dena banderaz apainduta zegoen, minutu batez isilik egon ziren, ereserki nazionala ere abestu zuten. Annapolis kostako hiri bat da, ez da oso handia, ederra da: dorre altuen eta autopista erraldoien erdian dagoen hiri tradizionala, harrizko etxeekin, portuarekin eta gune berdeekin.
ESKOLAN
Bertako eskolek ez zuten zerikusirik guk ezagutzen dugunarekin. Goizero, klasea hastean, bozgorailuetatik otoitz bat entzuten zen eta denak zutik jartzen ziren. Ondoren, bozgorailutik entzuten zen banderari begira ipinita esan behar zutena. Hango eskoletan egotea filmetan bizitzea bezalakoa zen, pasabideetan bakoitzak armairua bere pasahitzarekin zuen.
Bestetik, irakasleak ez ziren gelatik mugitzen, ikasleak ziren gelaz gela joaten zirenak. Arloak ere oso desberdinak ziren. Arlo arruntak zituzten arren, arloen erdiak hautazkoak ziren. Bigarren Batxilergoan, esaterako, afrikar dantza, dantza klasikoa, soinketa edo banda aukera zezaketen.
Bazkalorduan denak jantokian biltzen ginen. Azken egunean, McNamaran geundenok patata tortillak egin genituen agur gisa eta memento itzela izan zen, baliabide eskasekin sukaldatu genuen. Ez gara sukaldari adituak, baina ikaragarri ongi pasa genuen. Barre asko egin genuen eta amerikarrei izugarri gustatu zi-tzaizkien tortillak.
BIZIPENEZ MALETA BETETA
Azkeneko eguna oso hunkigarria izan zen. Bi astez bizitzen egon zaren familiari agurra esatea zaila egin zitzaigun. Gehienoi opari batzuk eman zizkiguten. Horrek unea hunkigarriagoa bihurtu zuen. Azken eguneko goizean eskolan egon ginen. Gure egunetako azken otoitza entzun genuen eta denak goibel geunden. Egun horietan ezagutu genituen hainbat pertsonekin, irakasle, saltzailearekin... argazkiak atera genituen. Bidaiako mementorik betilunena izan zen. Irailaren 19an iritsi ginen etxera.
Bizipenez, oroimenez, sentsazioz, sentimenduz… beterik ekarri genuen maleta. Bizi-esperientzia aberasgarria guztiz. Orain, haiek guregana noiz etorriko zain izango gara, jasotakoa emateko gogoekin.