Etapaz etapa eta etapaz gaindi ari gara ikastolak hezkuntza eraldatzen. Hezkuntza paradigma berri bat abiatu dugu, martxan da Lehen eta Bigarren hezkuntzan, eta proiektu eraldatzaileak ditugu Haur Hezkuntzarako eta Derrigorrezko bigarren Hezkuntzaren osteko ikasketetarako ere. Irakasle talde sendoarekin, familia konprometituekin, guztia elkarrekin ari gara aurrera eramaten. Hau ez da ikastola baten edo batzuen egitasmoa, guztiena baizik. Izaera kooperatiboari jarraituz, taldean egiten dugu lan eta taldearentzat: elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz, eta proiektuak batera eramanez, euskaratik eta euskaraz, begirada etorkizunean jarrita ari gara. Etorkizun hori zer izango den ez jakin arren, zer izatea nahi dugun jakin badakigulako; egungo gizartea eraldatu nahi dugu, etorkizunekoa izan dadin hobea, euskalduna, parekidea, berdea, bidezkoa, zoriontsua.