Erasmus+ egitasmoaren baitan sortutako proiektua da Teachcom, eta irakasleen gaitasunak hobetzea du helburu, esperientzien trukea oinarri hartuta. Hain zuzen ere, europar proiektuaren izen osoa 'Improving teachers competencies by sharing experiences between EU Partners' da (Irakasleen gaitasunak hobetzen, Europako Erkidegoetako kideen esperientziak trukatuz).
Orain arte proiektuak nazioarteko bi topaketa egin ditu. Lehena Alexandrian izan zen (Errumania), eta bigarrena Kaunasen (Lituanian). Hirugarrena Nafarroan egingo da datorren astean, proiektuan parte hartzen duen Nafarroako Ikastolek Elkartearen eskutik. Izan ere, Teachcom NIEk parte hartzen duen Erasmus+ egitasmoko bosgarren proiektua da.
Topaketa urriaren 2 eta 3an egingo da. Lehen jardunaldia Vianako Erentzun ikastolan izango da, eta bigarrena Nafarroako Ikastolen Elkarteko egoitzan, Iruñean. Irakasleen konpetentzien inguruko jardunaldiak izango dira, Nafarroako Ikastolen Elkarteak jakinarazi duenez.
Datorren asteko topaketan, parte hartzen duten herrialdeen irakasleen konpetentzien garapenean «eredugarritzat» jotzen diren esperientziak partekatuko dira, irakasleei zuzendutako irakasle konpetentzien inguruko galdera sorta prestatuko da, eta irakasleen konpetentzien inguruko gida bat argitaratzeko beharrezko pausuak emango dira.
Gainera, hainbat bisita instituzional prestatu dira. Horrela, urriaren 2an, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Maria Solanak harrera egingo die parte hartzaileei, eta ondoren, proiektuaren bazkide den Vianako Erentzun ikastola bisitatuko dute. Bertan, ikastolaren funtzionamendu eredua eta irakasleen konpetentziak garatzeko eredua ezagutuko dute, eta workshop bat izango dute ikasleekin, hauek garatutako proiektu integratuak ezagutzeko. Arratsaldean, Vianako alkate Yolanda Gonzalezen bisita izango dute.
2019ko urrira arteko iraupena izango duen proiektuan 11 erakundek parte hartzen dute, besteak beste, hezkuntza eta ikuskaritza zerbitzuek, irakasleen prestakuntzako enpresek eta ikastetxeek, Nafarroako Ikastolen Elkartea barne.