Euskara Nafarroako berezko hizkuntza dela jasotzen du Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legeak. Nafarroaren ondare izendatzen du euskara, eta altxor hori begiratu eta babesteko, eta haren hondatzea eta galera eragozteko beharkizuna ezartzen du. Gainera, hizkuntzen arteko borroka edo aurkaritza baztertzeko aldarrikapen solemnea egiten du, eta aitortzen die herritar guztiei euskara jakin eta erabiltzeko eskubidea.
Lege hori onartu aurretik, Nafarroako biztanle askok egina zuten beraien hizkuntza hautua eta beraien seme-alabentzat nahi zuten hizkuntza ereduarena ere. Herritik sortutako eskaera, behar eta desioei bide eman zioten Ikastolek, administrazioak eskaintzen ez zuen hutsunea betez. Horregatik definitzen ditugu Ikastolak herriarengandik sortu eta herriarentzat lanean diharduten erakunde bezala.Lege honek ezartzen dituen 3 hizkuntza eremuetan sortuta zeuden Ikastolak 1965 urteaz geroztik: 5 eremu euskaldunean, 4 eremu mistoan (sareko lau handienak) eta 6 eremu ez euskaldunean. Hauek dira txikienak eta egoera administratibo eta ekonomiko zailenak pairatu dituztenak beraien historian (ilegalak, alegalak eta ondoren legeztatuak eta Ikastola guztietako bazkideen ekarpen eta elkartasunari esker bizirik irautea lortu dutenak):1970. urtean sortu zen Tafallako Garces de los Fayos, 1977an, Zangozako Rincon del Carmen, 1978. Urtean, Vianako Erentzun, 1980an, Arangoitiko Irunberri, 1984. urtean Tuterako Argia, eta 1986an, legea onartu zen urte berean, Sartagudako Deikaztelu.
Ikastola hauetan, bertan ikasten zuten ikasleak euskalduntzea izan da helburua hasieratik, euskara haien hizkuntza bilakatuz, beste zenbait ama hizkuntzekin batera. Honek, euskara bizitzako eremu ezberdinetan erabiltzeko gai izatea suposatzen du, akademikotik at ere, jakina. Ea 14.000 ikaslek bukatu dituzte ikasketak aipatu 6 Ikastola hauetan sortu zirenetik eta beste 16.285 ikaslek jasotzen dute heziketa gaur egun.
Aipatu legearekin errealitatea asmo on haietatik urrun geratu da, eremu ez euskalduneko eta askotan eremu mistoko euskaldunek pairatu behar izan dute haien hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa. Ikastola hauetan hezi diren ikasleak eta haien familiek ezin izan dute euskara erabili bizitzako eremu gehienetan haien herrietan. Euskararen Legeak bermatu baino mugatu egiten dizkie eskubideak herritarrei, euskaraz bizitzeko eskubidea tokiaren arabera baizik ez baitie aitortzen
18/1986 Foru Legeak aitortzen die herritarrei, administrazioekiko harremanetan, Nafarroako berezko hizkuntza den euskara erabiltzeko eskubidea. Edonola, eskualdekatze bidegabe horren ondorioz, soilik eremu “euskaldunean” dute herritarrek euskaraz artatuak izateko eskubidea aitortuta. Horregatik, Euskararen Legea desegokia da, ez du balio herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, lurralde bereko toki batean aitortu eta beste batean ukatu egiten baitizkio herritarrari, arbitrarioki.
Hizkuntza-eskubideak eskubide indibidualak eta neurri berean kolektiboak dira, baina 18/1986 Foru Legeak gizarte kohesioaren aurka egiten du, ukatzen baitie herritarrei berezkoa den hizkuntzaren jabe izan arren, euskaraz bizitzeko aukera betea izatea. Eskubideen araberako banaketa eragiten du herritarren artean, eta hesi juridiko, politiko, sinboliko, psikologiko eta administratiboa ezartzen du; gutxiagotasun konplexua zabaltzen du euskaldunon artean eta gotortu egiten ditu euskararen garapenaren aurkako jarrerak, euskara arrotz mantenduz, eta euskararen aldeko politikei buruzko herritarren pertzepzioa okertuz.
Gainera, ez da lege eraginkorra, bere murriztasunak ez baitu euskararen erabileraren normalizazioa ezta euskararen garapena ahalbidetzen ere. Eskualdekatzeak eta euskarak ofizialtasunik ez izateak euskararen garapen azkarragoaren aurka egin dute, nabarmen. Azken ikerketen arabera, euskaraz eskolaratzeko aukera eskura izan den tokietan euskalduntze prozesuaren hazkundea handiagoa izan da.
Euskara hizkuntza gutxitua da Nafarroan, hizkuntza-gatazka egoeran egonik, baldintza soziolinguistiko, juridiko eta politiko makurragoak dituelako alboko hizkuntza hegemonikoaren aldean. Edonola, 18/1986 Foru Legea onartu zenetik gaur arte, hobetu egin dira gure hizkuntzaren baldintza sozialak, hobekuntza nahi eta behar baino motelago gertatzen ari den arren. Zailtasunak zailtasun, herritarren nahiak eta lanak ekarri dituzte ikastolak gaurko egoeraraino. Horri guztiari esker, euskaraz bizitzeko ilusioa eta helburu hori lortzeko gogoa bizi-bizi daude gizartean, oraindik ere.
Euskarari buruzko Foru Lege berri baterako proposamena prestatzeko batzorde berezi honek Lege berriaren printzipio inspiratzaileekin bat egiten du Nafarroako Ikastolen Elkarteak: Nafarroako herritarren hizkuntza eskubideak betetzea, zonifikazio linguistikoa gainditzea eta euskara Nafarroa osoan ofizial bihurtzea, lurraldeko errealitate soziolinguistiko desberdinetatik abiatuz eta haiei egokituz.
Ikastolok beti amestu dugu euskararen erabilera normalizatua gizarte bizitzan; eta euskararen garapena eta etorkizuna ahalbidetzeko jardun dute hizkuntza-aniztasuna eta pertsonen eskubideen defentsa aldarrikatuz.
Gizartearen ongizatean, elkarbizitzan eta bakean sakontzeko ekarpena izan behar du Foru Lege berriak. Kontuan izan behar da bakea pertsonen eta giza taldeen bizi baldintza duinak ezartzearen ondorioa dela. Hartara, hizkuntza-ko¬munitateen duintasunaren errespetuak ahalbidetuko du bake soziala.
Nafarroako Ikastolen Elkartearen iritziz Euskararen Lege berri batek zenbait alderditan aurrera pausu handia suposatuko luke Euskararen erabileraren normalizazioan:
a) Berezkotasuna. Euskara Nafarroako berezko hizkuntza honen begiratzea, babestea eta hedapena ekar litzake , eta haren galera eragozteko beharkizuna.
b) Hizkuntza-eskubide berdintasuna eta bermea. Ofizialtasunak, hizkuntzari lege balioa emanen lioke. gizarte antolatuaren hizkuntza-ohiturak, -jardunak eta -jokaerak arautu eta bermatzen lagunduz; hau da, euskaraz bizitzeko eskubide efektiboa gauzatzeko modua.
c) Unibertsaltasuna eta gizarte kohesioa. Hizkuntza-eskubideak eskubide indibidualak eta neurri berean kolektiboak dira, dimentsio komunikatiboaz gain, dimentsio kulturala baitute. Hizkuntza bakoitza da kolektiboki eraikitako errealitatea, eta komunitate baten magalean bilakatzen da erabilgarri norbanakoentzat, kohesioaren, identifikazioaren, komunikazioaren eta adierazkortasun sortzailearen tresna gisa. Horregatik, nafar guztiei euskara ezagutzeko eta bizitza euskaraz garatzeko eskubidea aitortuko lieke.
d) Hizkuntza-normalizazioa. Euskararen lege berriaren bokazioa izan beharko luke, herritar euskaldunen hizkuntza-eskubideak errespetatzeaz batera, euskararen normalizazioa eragin eta lortzea. Horretarako, euskararen berreskuratzea eta erabilera sustatzeko hizkuntza-plangintzak sustatu beharko lirateke, minorizazio egoeran dagoen hizkuntza-egoera horretatik atera eta gizarte-esparru eta funtzio guztietara hedatzeko.
e) Hizkuntza-iraunkortasuna. Euskararen lege berriak printzipio gidatzaile izan beharko luke osasun betean helaraztea euskara hurrengo belaunaldiei, homogeneizazioa saihestea, eta Nafarroaren kultur aniztasuna eta identitatea zaintzea.
OHARRA: Ulertzen dugu lurraldean zehar dauden egoera soziolinguistiko ezberdinei irtenbide egokiena emateko moduko modulazioa beharko duela hizkuntza-plangintzak, beti ere, malgutasun horren muga herritarren hizkuntza-eskubideen bermea izanik.