2016/09/09 | Berria

Magiarik gabeko magoak

Irene Lopez-Goñiri (Iruñea, 1959) 36 urtetik gorako esperientziak egoera berriei aurre egiteko intuizioa eman dio. Naroa Egurrolak (Donostia, 1984) bi urte besterik ez darama lan munduan, baina hasi berrien grina eta freskotasuna du. Biak dira ikastetxeko orientatzaileak. Gizartea abiada azkarrean eraldatuz doan heinean, isla du ikasgeletan. Horregatik, hezkuntza sistemako katebegi garrantzitsu bat dira. «Oso lan zaila da. Esan ohi da paperontzi moduko bat dela. Hara botatzen da zakarra, eta pilatzen dira zailtasun ugari», dio Lopez-Goñik.

Ate-joka dituzte maiz ikastetxe barruko arazoak, konponbide eske, haren esanetan: «Askotan, irakasleek eskatzen digute magia egiteko: etorri eta konpondu. Orientazio lanari buruzko liburu bat bada, El mago sin magia izenekoa». Magiarik gabeko magoak, alegia. Eurek ez dute makila miragarririk, ordea, arazoei aurre egiteko, baina beren esku dago erronkak ondo identifikatzea eta horren arabera irtenbideak antolatzea. «Orientazioaren arloan, hobetu litezke ikaragarri hezkuntzaren prozesu ugari. Era sistemikoan lan eginda, esku hartze pila bat egin daitezke, funtsezkoak irakaskuntzan. Baina, horretarako, ulertu behar da hezkuntza ez dela soilik zer ikasten den, baizik eta era zabalago batean ulertu behar da», azaldu du Lopez-Goñik.

Azken batean, orientatzaile baten lan esparrua ez dira soilik ikasleak. «Arreta berezia eskaini ahal zaio ikastetxearen komunitate osoari: ikasleei, irakasleei, gurasoei, eta pentsatu behar da erantzun psikopedagogikoa egokia eta inklusiboa», laburbildu du Egurrolak. Maiz, lan ikusezina da, isila, baina ondo olioztatutako egitura batean hobetu edo, alderantziz, hondatu egin dezake ikastetxe bateko jarduna: «Sistema batean lan egiten dugu, eta, piezek ez badute behar bezala bat egiten, lanak ez du nahi duzun arrakasta, eta aldrebes ere bai. Askotan, ongi funtzionatu duelako sistemak, esku hartze txiki batekin aurrera egitea lortu da», dio Lopez-Goñik.

Hala ere, nola egiten da inor orientatzaile? Bata zein bestea bizitzaren nondik norakoek eraman dute orientatzaile gisa jardutera. «Politikoki zuzena ez da izango, baina, nire kasuan, oso argi neukan Iruñetik alde egin nahi nuela», aitortu du Lopez-Goñik. Zaragozara joan nahi zuen albaitaritza ikasiko zuen lagun min batekin, baina aitak nahiago zuen Donostiara joatea, eta irakasle ikasketak egin zituen. «Askotan, egoera pertsonalak dira, eta ez nintzen hasi zerbait berezia sentitzen nuelako», onartu du gaineratzeko: «Gero, lanean hasten zara, eta inplikatzen zara, eta oso lotua dago ezaugarri pertsonalekin. Interesa behar da egiten duzuna ondo egiteko. Gure lanbide honetan, harreman pertsonalek izugarrizko garrantzia dute».

Hain justu, Egurrolak ezaugarri hori bilatu zuen unibertsitatean, Psikologia hautatzean. «Pertsonekin harremana duen lanbide bat nahi nuen, ikusten baitut horrekin zerikusia duen edozein lanpostu ondo datorkidala». Psikologiatik jo beharrean, lan munduan egindako lehen urratsek hezkuntzara bideratu zuten. Prestakuntza handiago behar zuelakoan, irakasletza ikasi, eta Iruñeko Jaso ikastolan egin zituen gradu amaierako praktikak. «Esperientzia polita izan zen, baina pentsatu nuen ez nuela gehiegi ezagutu orientatzailearen funtzioa, eta, jakin-mina nuenez, aurkeztu egin nintzen. Aukera eman zidaten, eta orientatzailearekin egon nintzen, haren alboan profesioa ikasten». Gero, ordezkapen bat egin, eta bide hori hartu du.

Jarraitu artikulua irakurtzen

 Dokumentua ikusi


Itzuli

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu