2016/05/06 | Diario de Noticias eta Baztan Ikastola

Sorospen ikastaroa ''La macarnea''-ren erritmora Sorospen ikastaroan parte hartu zuen ikasle taldea, mediku eta erizainekin

Apirilaren 21ean izan genuen hitzaldiak ordu bat bakarrik iraun zuen arren, pila bat ikasteko aukera izan genuen, Amaia, medikuarekin, eta Agur-tzane, Ainhoa eta Paula, erizainekin. Ez genuenez inoiz horrelako gauzarik egin, guztiz berria izan zen guretzat kontatu zigutena. Horregatik arras interesgarria iruditu zitzaigun eta pila bat ikasi genuen.

Hasteko, Amaia medikuak konorterik gabe aurkitzen dugun pertsonekin zer egin azaldu zigun. Lehenik eta behin, pertsona hori bizirik dagoen ziurtatu behar da aurpegia astinduz eta ongi dagoen galdetuz. Ez badugu erantzunik jasotzen, ea arnasten duen ikusi behar dugu gure belarria bere aho ondoan jarriz. Baita eskua tripan jarriko diogu hau mugitu egiten den ikusteko ere. Arnasbidea zerbaitek oztopatzen duen begiratuko dugu, eta, hala bada, ahoa ongi irekiko diogu, kokotsa behealderantz tiratuz.

Ikusten badugu ez duela erantzuten 112ra deituko dugu, zer gerta-tzen den eta non gauden erranez telefonoaren beste aldekoei. 112koak iritsi bitartean bihotz masajea eginen diogu eta horretarako biktima lurrean etzanda paratuko dugu eta gu bere ondoan belauniko jarri.

Jarraian esku bat bertzearen gainean jarri, besoak luzatu eta eskuaren orpoarekin bularrezurra bilatuko dugu, bi bularren tartean dagoena. Minutu batean 100 aldiz egin behar dugu indarra, eskuekin gogor behera zapalduz. Horretarako, postura on bat hartu behar dugu indarra hartzeko zapaltzen dugun aldi bakoitzean. Erantzun gabe jarraitzen duela ikusten badugu, bihotz masajearekin jarraituko dugu 112koak iritsi arte. Truku edo trikimailu bezala, bihotz masajean La Macarena kantuaren erritmoa jarraitzeko erran ziguten erizainek.

Zer egin janariarekin trabatuz gero
Ondoren, Agurtzanek, janariarekin trabatuz gero zer egin behar den azaldu zigun. Hasteko, pertsona hori eztul egitera animatuko dugu, hori izanen baitzen soluzio erraz eta azkarrena. Horrek ez badu funtzionatzen, bizkarraren goiko zatian, lepoa baino beheraxeago eskuarekin bortz kolpe emanen dizkiogu. Honekin ere ez badugu emaitzarik lortzen, gure besoekin inguratu, bi eskuak lotu eta saihets azpian indarra eginen dugu eskumutur itxiarekin. Aurreko pausu guztiak alferrik badira, bihotz masajearekin hasiko gara, 112ra deitu eta hauek iritsi bitartean.

Azkenik, Ainhoak, zorabiatzen den norbaiti nola lagundu erakutsi zigun. Normalean, jendea beroarengatik edo tentsioa jausten zaiolako zorabiatzen da, baina arrazoi gehiago ere egon daitezke. Pertsona bat egoera horretan aurkitzen badugu, segurtasun posturan jarriko dugu.

Baina zer da segurtasun postura? Hasteko, pertsona lurrean ez badago guk jarriko dugu bertan etzanda. Ondoren, zu pertsona horren alde batean jarriko zara belauniko eta alde horretako besoa L forman jarri eta kontrako aldeko hanka bildu egingo diogu, belaunarekin buruz behera jarritako V bat sortuz. Hori egin eta gero pertsona gure aldera jiratuko dugu belaun muturretik eta sorbaldatik helduz. Alde batera begira etzanda paratuko dugu horrela eta modu horretan ez du hainbeste arriskurik izanen. Adibidez, botaka egiten badu ez da itoko.

Azalpen guztiak entzun eta gero, panpinekin eta gure gelakideekin praktikatu genuen ikasitako guztia. Mediku eta erizainak, bertan zeuden gaizki egiten genuena zuzen-tzen. Pila bat ikasi genuen, eta orain larrialdi baten aurrean zer egin badakigula erran dezakegu.

 Dokumentua ikusi


Itzuli

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu