24/03/2016 | Diario de Noticias eta Lizarra Ikastola

Elkarrekin jolasten, haurrek aniztasuna errespetatzen ikasten dute

LIZARRA - Badira lau aste Lizarra Ikastolan Jolastoki eta Parke Dinamikoak proiektua martxan jarri dela. Lehen fasea amaituta, balorazioa egiteko eta hurrengoari eusteko garaia da. Hori dela eta, proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko Susana Barbarini (Lizarra Ikastolaren orientatzaileari) egin diogu elkarrizketa.

Zer dela eta proiektu hau Lizarra Ikastolan?
- Lizarra Ikastolan dauden zenbait ikasleren behar bereziei erantzuteko 2014-15 ikasturtean zehar abian jarri genuen GNO gela (Garapenaren Nahasmendu Orokorrak). Gela horretan garapenerako beharrezkoak dituzten hainbat baliabide erabilita nabarmena izan da haur hauek izan duten aurrerapena. Beste haurrekin ere egotea beharrezkoa dutenez, zenbait saio talde handian burutzen dituzte. Dena den, jolasordua hanka-motz geratzen zitzaigun tartea zen; izan ere, momentu horietan, jolas-espontaneoan eta berdinekin erlazioan zailtasunak ager-tzen ziren. Egoera horretan, ANA erakundeak (Asociación Navarra de Autismo) hezitzaileoi eskaintzen zigun formazio-hitzaldi baten berri izan genuen; formazioan parte hartu eta programak gure beharrei erantzuten zioela ikusi genuen.

Zein da programa honen oinarria?
- Jolastoki eta Parke Dinamikoak programa inklusibo bat da; haurrek orokorrean, norberaren egoera dena delakoa izanik, elkarrekin jolasten, aniztasuna errespetatzen eta partekatutako jolasaz gozatzen ikasten dutena.

Eta helburuak?
- Azken-azken helburua haurrek aisialdiaz gozatzea da; jolas espontaneoan eta berdinekin harremanetan zailatsunak dituztenak, eta gainerakoak. Gainera, interbentzioaren helburua ez da jolas zuzena, jolasa jolasagatik, baizik. Ikuspegia zabaldu beharra dago. Hortaz gain, baditu helburu zehatzagoak ere: sozializazio eta jokorako desioa handitzea; komunikazioa, motrizitatea... gara-tzea; ikasleen ezaugarri pertsonalekiko ulertze eta errespetua, besteak beste.

Nori zuzendua dago programa?
- Programa honetan zuzeneko eta zeharkako onuradunak daudela esan daiteke. Zuzeneko onuradunak behar bereziak dituzten ikasleak eta garapenean nahasmendua duten ikasleak direla esan genezake. Hala ere, gainerako ikasle guztiak ere, zeharka, onuradun dira. Izan ere, guztiek gozatzeko iturri izango dira bertan aurrera eramango diren jolas tradizionalak, eta kideen barnea hartzean parte hartuz, aniztasunarekiko errespetuan pertsonalki aberastu egingo baitira. Ezin ahaztu irakasleak, ikasleen arteko errespetu eta barne hartze giroa egonik, gure lana aurrera eramatea erraztu egiten baita.

Nola gauzatu duzue hori ikastolan?
- Jolas-garai zuzenduak poliki-poliki ezarri beharreko zerbait dira. Gure kasuan, astean behin buru-tzea erabaki genuen; asteazkenetan. Tutoreek Lehen Hezkuntza 1 eta 2. mailako ikasleei jolasaldietan ekintza berri bat hasteko asmoa adierazi zitzaien, parte-hartzea guztiz boluntarioa zela adieraziz. Boluntarioak eskatu genituen, eta ia ikasle guztiek parte hartu nahi zutenez, aste bakoitzean talde txiki batek hartzen zuen parte; neurri batean, ikasle hauek trebatu egin behar baititugu lehen fase hau amaituta beraiek jarrai dezaten. Ikasleek gelan, aldez aurretik, jolasorduan egin beharreko jolasak entrenatu egiten dituzte; lan-metodologia ere ezagutu behar baitute (jolaserako fitxa bisuala, laguntza materiala...). Eta horrela, irakasleak aurreikus ditzake egoera batean edo bestean ikasleek izan ditzaketen erreakzioak. Azkenik, jolasak jolasorduan burutzen dira.

Materialak aipatu dituzu. Zein-tzuk dira ezagutu eta erabili beharreko materialak?
- Nagusiki erabiliko diren materialak jolasen azalpen bisual-fitxak eta eguneko jolasaren egitura azaltzen duen agenda. Hala ere, zenbait jolasetan beharrezkoak suertatzen dira beste material batzuk ere: Inurriak eta armiarmak jolasean esaterako, laguntza bisuala behar izaten da, eta horretarako identifikazio-txartelak eramaten dituzte zintzilik (inurriak nor diren eta armiarmak nor diren bereizteko); txandak adierazten dituzten indikadore-bisualak ere behar izaten dira beste jolas batzuetan, edo pilotak, zapiak, petoak, sokak...

Lehen fasea amaitu dela esan dugu, eta balorazioa egiteko ordua dela...
- Bai, esan genezake lehen fasea amaitu dela. Lehen fase honetan ANA elkarteko kideak izan ditugu jolas hauek gurekin batera dinamizatzen lau astetan zehar. Benetan oso esperientzia postitiboa izan da; haurrak oso gustura ibili dira jolas hauetan, eta baita irakasleok ere. Nabari da orain gehiago jolasten dutela, eta behar bereziak dituzten ikasle hauek hauen jolasaldia normalizatzen hasi dela. Gainerako haurrek ere dinamikarekin jarraitu nahi dutela adierazi dute.

Eta orain, zer?
- Hemendik aurrera ikasleak protagonistago bihurtu nahi ditugu. Helburua, denborarekin jolasaren dinamizatzaile bihurtzea da. Egia da, irakaslea hor egongo dela beti, baina laguntzaile gisa. Haurrek ikasi dute metodologia, ikasi dituzte jolasak eta aurrera eraman nahi dituzte.


Volver

Nuestras ikastolas

Síguenos en Facebook

Síguenos en Twitter