zuhaitz2.gif (1720 bytes)NI OLENTZARO NAUZUE

    Josu Lavinek bidalitako idazkia aurkeztu nahi dizuegu orrialde honetan. Olentzeroren inguruko informazioa era eder batez agertzen zaigu jarraian dituzuen lerroetan. Internetek sortzen dituen presak ahaztu eta lasai irakurri, pena merezi du eta.

OLENTZARO

Anaiarrebok! Nebahizpok! Ni Olentzaro nauzue. Ni Euskal Herri guztietako Olentzaro. Ni Olentzaro nauzue: atzoko, gaurko eta biharko opariak dakarzkizuena.

Atzo sua ekarri nizuen, Ortziri ebatsiriko eta nik neuk garesti ordainduriko su biziemaile goria behin ere itzali behar ez duzuena.

Gaur oroitzapenaren giltza eskaini nahi izan dizuet, har dezazuen, otoi! Ez ezazue hiltzen utzi su betierekoa, ez itzazue itzal eta ilundu jakintza eta argia.

Eta opa dizuet biharko, zuen biharko ongi izate eta hobeki bizi izate dohatsu eta zorionezkoa.

Neure gibel behin eta berriz jan izanikoa, neure katea ezin askatuzkoak, ez ditzazuela ahantz, urtean zeharreko zuen joan-etorrietan.

Ikus, ikas eta ondo entzun. Nahi izan dezazazuen guztia lortuko duzue. Egon zaitezten leku guztietan, hantxe egongo naiz ni zain eta aiduru.

Neuk ardoa asmatu nuen. Egia da, bai! Ardo gorri bizi-piztaile; baina ez zaitezte ez mozkor eta ez hordi.

Olak eta ikatza ere, burdina landu zenezaten, neuk irakatsirik, jakintza aski emanik, Ortziri ebatsiriko su goririk, zuei eman nizkizuen nik, zeuek jakingaberik. Tirikitauki tauki, hauspoak emandako hatsa ez ezazue galdu, ez ezazue alperrik galdu. Ikas eta irakats! Ez ezazue galdu erdietsi eta irabaziko duzuen guztia, ez ezazue alferrik galdu!.

Nebahizpok! Anaiarrebok! Ni Olentzaro nauzue. Ni Euskal Herri guztietako Olentzaro. Ni Olentzaro nauzue: atzoko, gaurko eta biharko opariak dakarzkizuena.

Orain hemen nauzue, etxeko sutondoko enbor, subil egur eginikoa, zuzi piztuiratzarria, urte osoko bero emaile, eta gogoen piztaile, ni nauzue bai, bizarurdin, ile urdin, jakituriaz urdinduriko eta zuek guztiok buztinaz egin zintuztedan txapel gorri, begi gorri, zuen ama ere baden gizon itxurako hau, zuek zeuok egin ninduzuena, zuen zeuon baitan etxola jakintzazkoetan amestu gizaki on, on, on inor ez bezalakorik; giza-gogoak baininduen ni eratu eta eredutu, zuek zintzatedan jagon, zain eta aska, bozkarioz eta pozez gainezka jar zintzatedan.

Gabon gauean ez bada Gabon zaharrean, behintzat, erre nazazue bizitza eman diezadazuen, bizitza eman diezazuedan, zeren erreaz geroztik bizi bainaiz zuengan, zuek guztiongan, nola zuek bizi baitzarete, zuek guztiok, niregan, nire baitan.

Ez itzazue haurrak utzi ni itzaltzen, ni ahazten, suaren pizten saia zaitezte bada, haiek ere ditzaten beren ondorengoak sua piztean, jakintza hedatzean, irakats eta gida bide zuzen artez makur gabeetan.

Lekeitioko uharte San Nikolasera heldu nintzen aspaldi-aspaldian: handik sarturik eta, mendi aldera joana, hara non aurkitu nituen ezer gutxi zekitenak; itsas ondoko herriak bihotzean ditut eta, maite baititut benetan; mendikoek, ordea, baziruditen zeharo basatiak nola egiatan baitira, basokoak oro, baskoak, alegia.

Aldi hartan ez Lekeitio izena ez eta San Nikolas izena ere ez ziren horiek ez eta ere beste guztiak, sua eta euskara ere neuk ekarri nizkizuen eta dohainik eman.

Olentzaro nauzue, Euskal Herri guztietakoa, zuen bihotzean sua landatzera etorria, zuen gogoa piztea dut gogokoa, Ortziri lapurturiko sua zuei orain emana.

Nirekin jaio zineten, jaio mundu honetara, hizkuntza bezala gogoa ere zuongan landatu nituen, sor litezen geroztik nitaz ongi esanak: Olentzaro gurea goraipa lezatenak, su gurea inoiz ere itzal ez lezatenak, aizkoraz mozturiko enbor, subil, adar, suge itxurakoa, suaz bete ledin, ez ledin deusezta, euskaldunak euskaldun irauteko duin-duinak zarete eta.

Mendiak berak baino lehentxeago sorturik, ni nauzue Olentzaro urtero etorririk.

Ni Olentzaro nauzue: atzoko, gaurko eta biharko opariak dakarzkizuena.

Itsasoa bera baino lehentxeago sorturik, ni nauzue Olentzaro zuengana etorririk.

Ortziren semea, Gaiaren alaba, bata eta bestea naiz ni, urte guztietan berriztatzen nauzuena zuen bihotz maiz epeletan, noiz eta ez baita izaten bihotz izozturikoetan, ezen hizkuntza bera galtzen ez ote duzue utzi akok, ala?

Euskal Herria zaintzea egokitu zitzaidan, Ortzik munduko harriak banatu zituenean.

Olentzaro nauzue, ez zaitezte lotsaz eta ahalkez jar, ez eta lokar, etsaiak baititu begiak atzar, zuen aurka noiz jazar.

Zuen suak eta garrak dirauten artean, euskaldunon suharra duzueno, bestelaka ez zaitezten bitartean, zuekin eduki nazazuen artean, aizkoraren eta sugearen jabe zareten bitartean, nahi izan dezazuen arte eta ordura arterainokoan: bizi izanegozarete, iraungo duzue, izango zarete. Baina... inoiz alda bazintezte, zaretena izateari utzi bazeniezaiote: dohakabe zuek, dohakabe zuen ondorengoak, zoritzarrekoak zuek, zoritzarrekoak zuen ondorengoak. Hobe jaio ez bazinete, hobe behin ere euskaldundu ez bazinete. Oparirik ez baita izango, ez eta hitz goxorik, errealitate ankerrenean gaindi zinatekete abiaturik eta.

Olentzaro nauzue... ez besterik... zeuen atean joka oles oles dabilkizuena.

Ardo gorri, ogi, otoi, ez iezazkidazue uka, baina aitzitik egizkidazue eskaini zilarrezko edalontzi eta azpiletan.

Zenbat egun urte betek baititu bere baitan, hainbat begi eta bat gehiago ditut nik zuek ez dakuskizuenak, etorkizunaren ikusteko begi zoli ederrak, joankizunean zoaztela jakinarazi nahian nabil, bada, argiño bat dakarkizuet zuzi piztu honetan, argitzeko bide guztiak zuzen eramaten zaituztenak, ilunbetik jakintzazko argi betierekora.

Zatozte, neska-mutilok, zatozte etxerat, etxe honetan sutondoan gu bilduta gaude eta. Hator, hator mutil etxerat; hator, hator neska etxerat: Opariez gainezka, intxaur, gaztaina, sagar eta hurrez, otzara bete opari, otzara bete lilura ekarriko dizuet oraingoan.

Zatozte, bada, gure etxerat, aitatxik zer dioen entzungo duzue bertan:

Olentzarok argia baitigu ekartzen, Bortutik jaitsirik eta suak ditu pizten, Ortziri ebatsirik laster datorkigu, bere lau zaldiez gurdian ke eta su.

Horra, horra gure Olentzaro, zuzia dakarrela gutartera dator. Ardo eta ogia berari emango, haren zuzia hartuz, enborra piztuko.

Herri talde guztia, bildu gara hemen, sua dakarrenari agurra egiten. Urtero bezalaxe, Ortziren pottokez, bere gurdian dator, beteta opariez.

Ni Olentzaro nauzue. Ni Euskal Herri guztietako Olentzaro. Ni Olentzaro nauzue:
atzoko, gaurko eta biharko opariak dakarzkizuena.

Ni Olentzaro nauzue: hogeita hamar mila urtez loturik, harkaitzean estekaturik izan nintzen, katea bortitzez, ezin askatuzkoez; arranoak baitzidan gibela jaten ohi, behin eta berriz, Kaukasoko mendi hartan Elbrus deritzonean, non Ortzik baininduen lotu, zeren basokoei irakatsi bainizkien jakintzetan gauza guztiak, banaka eta oso.

Itsasoko untziak neuk asmatu nituen, idiak uztartzen ere neuk asmatu nuen, hala hegaztinen hegalaldiek zer adierazten duten, nola lur pean diren zirraida, burdina, zilarra eta urrea nola ardietsi neuk asmatu nituen.

Gizakia gehiegi maite nuelako, sua eman niolako, buztinaz gizakia bera egin nuelako, ni neu naizen jainko txiki hau loturik, estekaturik izan nintzen: Ortzik ninduen zigortu, azkenik, ordea, askatu; zuetara nintzen heldu, baskoetarik anitz euskaldundu, Kaukasoko mendikateatik, katea mendikotik, mendeetako kateatik, Bortuetara, Pirinioetara, suzko mendiotara.

Agur anaiarrebok! Agur nebahizpok! Laster nauzue zuekin, ez baitzaituztet ahantzi.
Agur ene guztiok! Agur enetxook!


JOSU LAVIN
josulavin@hotmail.com

Olerkia lapurtera klasikoz irakurtzeko

bantz5.gif (2507 bytes)

Nagusia | Gabon kantak | Denborapasak | Antzerkiak | Pantailarako irudiak |
Postalak | Haur gaiztoen txokoa | Gabonak munduan | Olentzeroren gutuna | Kredituak

bantz5.gif (2507 bytes)