gaztain.gif (3340 bytes)OLENTZEROREN OPORRAK

 

PERTSONAIAK:

Narratzailea Olentzero
Mari Domingi 4 haur mexikar
4 haur euskaldun 4 haur australiar
4 haur errusiar

 

OLENTZEROREN OPORRAK

(Olentzero bere etxean dago eskutitzak aurtengo eskutitzak irakurtzen. Nahiko agobiatuta ikusten zaio. Eskutitz mordo bat du inguruan, lurretik eta leku guztietatik ikusten dira. Hasperenak besterik ez ditu egiten.)

Narratzailea: Gabonak ailegatu dira, eta ikusten duzuenez, gure Olentzero haur guztien eskutitzak irakurtzen hasi da. Baina aurten Olentzero ez dabil hain pozik. Aurten Olentzero nekatu samar dabil. Urtero urtero lan berdina egiten du eta pixkat aspertuta dabil. Begira begira.

Olentzero: (Eskutitz bat eskuan hartuta) Kaixo Olentzero maitea (gogo barik irakurtzen du) Gabonetarako nahi dut panpin bat... (beste eskutitz bat hartu du)... Kaixo Olentzero maitea… nik Gabonetarako nahi dut Play stationa eta ahal baduzu baloi bat ere bai. (beste eskutitz bat hartu du) Kaixo Olentzero maitea… nik Gabonetarako nahi dut tronpeta bat musika jotzeko… (eskuetan dituen eskutitzak lurrera bota eta pentsati gelditzen da; ondoren esaten du publikoari begira:)
Ezin dut gehiago. Ez dakit zenbat debora daramadan urtero urtero gauza bera egiten: eskutitzak irakurri, sailkatu eta opariak banatu, eskutitzak irakurri, sailkatu eta opariak banatu, eskutitzak irakurri, sailkatu eta opariak banatu… Ezin dut gehiago jada. Oso nekatuta nago. Ez. Nekatuta ez. Estresatuta. Oso estresatuta nago. Zerbait egin behar dut.

(Horietan dabiltzala, Mari Domingi sartzen da beste bi sakukada eskutitz gehiagorekin. Hau, berriz, oso oso pozik dator Gabonak direla eta.)

Mari Domingi: Kaixo Olentzero!! Zer moduz? (Publikoari begira) Zer moduz haur maiteak! Ongi ezta? Begira, beste bi sakukada eskutitz ekarri dizkizut. Ederki ezta?

(Olentzero bi zakuak ikusi eta berehala zutitu da haserre haserre)

Olentzero: Nahikoa da! (Mari Domingik harridura aurpegia ipintzen du) Ezin dut gehiago! Ezin dut urtero urtero hainbeste lan egin! Zerbait egin behar dut! (Bapatean aurpegia aldatzen zaio. Ideia bat izan du) Badakit zer egin! Oporrak behar ditut. Bai oporrak behar ditut!

Mari Domingi: Baina Olentzero, zer diozu!

Olentzero: Ba... hori oporrak behar ditudala. Oso estresatuta nago. Estresatuta sentzitzen naiz eta sendatzeko oporrak behar ditut. Oraintxe bertan Astotxo hartu eta mundu osoan zehar bidai bat egitera joango naiz.

Mari Domingi: Baina, orduan, zer gertatuko da Euskal Herriko haurrekin? Nork ekarriko dizkie opariak?

Olentzero: Beno… ez dakit… urtero urtero banatzen badizkiet... ez zaie inportatuko urte batean ez jasotzea ez?

Mari Domingi: Baina… baina…

Olentzero: Banoala, beharra dut eta banoa bidaiatzera. Agur. (Badoa eszenatokitik)

Mari Domingi: (Publikoari begira) Baina orduan zeinek banatuko ditu aurten opariak? Ai ama! Ai ama!!! (Badoa eszenatokitik)

Narratzailea: Ikusi duzue ezta? Olentzerok oporretan joatea erabaki du. Eta Gabonetan hain juxtu. Goazen! Jarrai dezagun gure Olentzero bere bidai luzean eta zer ikusten duen bisitatzen duen tokietan.

(Narratzaileak hitzegin bitartean, Olentzero bere astoarekin atera da berriro eta bidaiatzen hasteko prestatzen da. Bidaia adierazten duen musika entzungo da. Pixkat aritu eta gero, bidaiaren musika desagertzen hasi eta mejikar musika hasiko da entzuten. Aldi berean haur mejikar batzuk ateratzen dira jolasean / dantzan eta berehala Olentzerorengana hurbilduko dira.)

Olentzero: Kaixo haur jatorrak, zein herrialde da hau?

(Eta haurrek erantzun tonu mexikarrez)

Haur 1: Mexikora heldu zara
Olentzero polito.

Haur 2: Ta gu gara mexikarrak
neska eta mutiko.

Haur 3: Musika gustoko dugu
nahiz ta ez izan musiko.

Haur 4: Ta lagunari diogu
beti manito manito.

Olentzero: Zein haur jatorrak! Eta esaidazue, zuek gabonetan oparirik jasotzen al duzue?

Haur 1: Galdera politak daude
sartuta zure buruan.

Haur 2: Erantzungo dugu noski
beti bezala kantuan.

Haur 3: Begiratu zer daukadan (piñata erakutsiz)
oraintxe nire eskuan.

Haur 4: Opari denak ditugu
piñata honen barruan.

(Haurrak jolasean hasten dira piñatarekin eta une batez mexikar musika entzuten hasten da. Berehala desagertu. Olentzero pentsati gelditzen da.)

Narratzailea: Olentzerok oraintxe ikasi du nola ospatzen dituzten Gabonak Mexikon. Mexikon ere haurrek opariak jasotzen dituzte. Eta zer gertatuko da aurten haur euskaldunekin? Jarrai dezagun Olentzero bere bidaian.

(Narratzaileak hitzegin bitartean, Olentzero prestatzen da berriro bidaiatzeko bere astoarekin)

(Bidaia adierazten duen musika entzungo da. Pixkat aritu eta gero, bidaiaren musika desagertzen hasi eta australiar musika (garaiko musika..., udako musika) hasiko da entzuten. Aldi berean haur australiar batzuk ateratzen dira jolasean eta berehala Olentzerorengana hurbilduko dira.)

Olentzero: Kaixo haur jatorrak, zein herrialde da hau?

Haur 1: Olentzero maitea
ongi etorria.

Haur 2: Nahiz ta Gabonak izan
hemen eguzkia.

Haur 3: Hauxe gure izarra
gure oparia.

Haur 4: Zein herrialde den hau
hau da AUSTRALIA.

Olentzero: Zein haur jatorrak! Eta esaidazue, zuek gabonetan oparirik jasotzen al duzue?

Haur 1: Oso galdera ona
oso berezia.

Haur 2: Bada zu bezalako
beste pertsonaia.

Haur 3: Badu bizarra ere
nahiz txuri txuria.

Haur 4: Aita Noelek ekartzen
ditu opariak.

(Haurrek Olentzerori agur esan eta joaten hasten dira poz-pozik. Olentzero pentsati geldituko da eta bitartean Narratzailea aterako da.)

Narratzailea: Ikusi duzue ezta? Australian Gabonak ospatzen dituzte uda denean: eguzkiarekin, hondartzan... Eta opariak Aita Noelek ekartzen dizkie. Olentzerok ere guzti hori ikusi du. Ea animatzen den haur euskaldunoi opariak ekartzen!

(Narratzaileak hitzegin bitartean, Olentzero prestatzen da berriro bidaiatzeko bere astoarekin)

(Bidaia adierazten duen musika entzungo da. Pixkat aritu eta gero, bidaiaren musika desagertzen hasi eta errusiar musika hasiko da entzuten. Aldi berean haur errusiar batzuk ateratzen dira jolasean eta berehala Olentzerorengana hurbilduko dira.)

Olentzero: Kaixo haur jatorrak, zein herrialde da hau?

Haur 1: Ongi etorria
Olentzero maitea.

Haur 2: Estimatzen dizugu
bisita egitea.

Haur 3: Zure galdera behar
dugu erantzutea.

Haur 4: Errusia deitzen da
gure herrialdea.

Olentzero: Zein haur jatorrak! Eta esaidazue, zuek Gabonetan oparirik jasotzen al duzue?

Haur 1: Neguan Errusian
egiten du hotza.

Haur 2: Gutxitan erabiltzen
dugu guk manga motza.

Haur 3: Hala ere badugu
sendo sendo ahotsa.

Haur 4: Opariak banatzen
ditu Osaba Izotzak.

(Errusiar musika entzuten da haur errusiarrak joan bitartean. Olentzero bakar bakarrik gelditzen da eszenatokian, baina, momentu batez soilik; bapatean Mari Domingi ateratzen da eta Olentzerorengana hurbiltzen da berehala.)

Mari Domingi: Olentzero! Ez dakit zenbat denbora daramagun zure atzetik. Baina zertan ari zara? Ez zara konturatzen haur euskaldun guztiak zure zai daudela opariak jasotzeko?

Haur euskalduna 1: Hori Olentzero, ni aurten oso oso ondo portatu naiz. Eta nork ekarriko dizkit opariak neri eh?

Haur euskalduna 2: Eta nik kriston eskutitz polita bidali dizut eta azkenean ezertarako. Jo Olentzero... zara!!

Olentzero: Etxera bueltatuko naiz nire lana egitera.

Mari Domingi: (Hasieran Mari Domingik ez du entzun Olentzerok esandakoa eta bronka botatzen jarraitzen du) Nola utzi ditzakezu haur euskaldun guztiak opari... (bapatean konturatzen da Olentzerok esandakoaz)... Zer esan duzu?

Olentzero: Ba... hori. Etxera bueltatuko naizela opariak banatzera. Ezin ditut utzi haur euskaldunak oparirik gabe. Hori ez dago ondo. Opor hauetan ikasi dut munduko haur guztiei norbaitek ekartzen dizkiela opariak urtero urtero. Horregatik ezin diet fallatu.

Mari Domingi eta Haur euskaldunak: Aupa Olentzero! (Eta musu handi bat ematen dio Mari Domingik masailean)

Olentzero: (Lotsatuta) Beno, beno. Utzi musuak alde batera eta goazen opariak prestatzera; berandu egingo zaigu eta.

Narratzailea: Eskerrak. Azkenean Olentzerori estresa pasatu zaio eta aurten ere opariak ekarriko dizkigu guztioi. Baina, hori baino lehenago denon artean abestuko dugu Olentzeroren abestia, bale? Badakizue ezta?

(Narratzaileak hitzegin bitartean pertsonaia guztiak eszenatokira atera eta prestatu dira abesteko. Narratzaileak berea esaten bukatutakoan besteekin bildu eta abesten hasiko dira.)

Olentzero joan zaigu, mendira lanera...

 

© Mikel Fernandez - Erentzun Ikastola 2001

banatz1.jpg (6903 bytes)