gaztain.gif (3340 bytes) OLENTZERO A GRIPEAK JOTA

 

PERTSONAIAK

NARRATZAILEA (FLIPI)

OLENTZERO

MARI DOMINGI

A BIRUSA

B. BIRUSA

C BIRUSA

AMPARO DOKTOREA
(Herriko pediatra)


Musika (Lehenengo gabon kanta bat entzuten da, bapatean musika gelditu eta “El Hormigueroko” musika hasten da.)

Narratzailea: Kaixo, denoi ongi etorri gure saiora. Gaur esperimentu bat egingo dugu, oso esperimentu zaila...

Mari Domingi: Aizu mutiko! Ez al dakizu zertara etorri zaren hona? Olentzeroren inguruko antzerkia aurkeztu behar duzu eta ez esperimentu txatxu horietan denbora galdu.

Narratzailea: Barka ezazu! Ahaztua nuen! Joan zaitez eta hasiko naiz berriro. Musika mesedez!

Gabon abestia

Narratzailea: Gabon Gauaren aurreko eguna zen. Olentzero eta Mari Domingi munduko haur guztien eskutitzak irakurtzen ari ziren eta ia-ia opari guztiak prest zituzten etxez-etxe banatzeko.

Olentzero: (Eskutitza irakurtzen) Olentzero maitia. Aurten krisialdian gaudenez 12 gauza besterik ez dizkizut eskatuko: ordenagailua, Play Station bideokontsola, DVDa, bideojokoa, 4 liburu, 6 panpina... Eskerrak krisialdian gaudela aditu duela...! Mari Domingi...

Mari Domingi: (Zerrenda bat aurrean duela). Ikatza! Honek uste du hipermerkatua garela gu.

Olentzero: Begira hau. Olentzero maitia. Nik gauza bat besterik ez dizut eskatuko, panpinatxo bat nahi dudan bezala makilatzeko... Oso ongi. Nola portatzen da neska hau?

Mari Domingi: Ea... (paperak begiratzen ditu) Gurasoek esaten dutenez oso ongi, batzutan errieta egin behar izaten diote baina orokorrean primeran portatzen da.

Olentzero: Orduan apunta ezazu panpina zerrendan.

Mari Domingi: Apuntatuta! Olentzero, aurten kontuz ibili beharko duzu haurrei musuak ematerakoan. A gripea dabilela esaten dute. Eskuak ere garbitu beharko dituzu gero.

Olentzero: Eskuak garbitu? Bai zera! Egun osoa eskuak ikatzean sartuta ibiltzen naiz eta orain haur batzuk ukitzeagatik garbitu behar? Joan zaitez Kuetora haize freskoa hartzera Mari Domingi!

Mari Domingi: (Mindurik) Joango naiz bai baina ongi tapatuta A-gripeaz ez kutsatzeko!

(Gabon abestia)

Narratzailea: Olentzero eta Mari Domingi zerrenda prestatzen jarraitu zuten eta orduan... Aizue, antzerki hau oso aspergarria da. Esperimentu bat egitea nahi al duzue? Bai? Begira, tutu honetan A-gripeko birus batzuk ditut gorderik, ikusiko dugu zer gertatzen den Dalsy pixka bat botatzen badiegu. Esperimentu hau ez duzue zuen etxean egin behar... ados???

(Inprobisazio pixka bat) (Birusak lurrera erortzen zaizkio)

(Birusen musika)

Narratzailea: Barkatu... barkatu... Hau berehala konponduko dut...

A birusa: Konpondu? Ez da ezer konpondu behar! Azkenean, libre gara. Kar, kar, kar!

B birusa: Eskerrik asko Flipi. Zu bai tipo jatorra!

C birusa: Bai, bai, bai... eta orain zer?

A birusa: Orain... munduko haur guztiak kutsatuko ditugu. Kar, kar, kar.

B birusa: Hori, hori. Baina... zergatik ez dugu lehenengo memelo hau gaixotzen.... (Hurbiltzen dira eta narratzaileak korrika alde egiten du.)

Narratzailea: Lagunduuuuuuu.

C birusa: Kar, kar, kar... Gero harrapatuko zaitugu... Olentzero eta Mari Domingirekin hasiko gara... Gaixotzen badira... ez da oparirik egongo eta... haur guztiak triste eta negarrez egongo dira... Kar, kar, kar...

Birusak:
Ator, Ator, birusa etxera
haur baten gorputzan sartzera
Gabon gaua ospatutzeko
Ohean minduta sartuta.

Tamiflu, Tamiflu tuntuna zara zu.... Kar, kar, kar... (Din, dan, don doinuaz)

(Birusen musika)

(Olentzero eta Mari Domingirengana hurbiltzen dira.)

Mari Domingi: Hotz egiten du hemen. Leihoak itxi al dituzu Olentzero?

Olentzero: Ez dakit, joan zaitez ixtera, bai!

(Birusak etorri eta kutsatu egiten dituzte)

Olentzero: Ai ene. Buruko eta eztarriko mina sartu zait bat-batean... Ohera joan beharko dut...

Mari Domingi: Ai, ai, ai. Ni ere ez nago sano. Honela ezin izango ditugu opariak banatu.

Olentzero: Arrazoi duzu. Goazen ohera.

(Badoaz. Birusak ateratzen dira orduan.)

Birus guztiak:
Olentzero joan zaigu, gaixorik ohera
Intentzioarekin... lo lo egitera

Horra, horra, gure Olentzero
termometroa hortzetan
sukarrekin dago!

A birusa: Lortu dugu, lortu dugu. (Ikusleei begira) Oparirik gabe geratu zarete!

B birusa: Baina lasai laguntxoak, guk opari bat gorde dizuegu... Oso opari ederra!

C birusa: Oraindik ez dakizue zer den? Ba.... A GRIPEA... Kutsatuko zaituztegu, bai! Kar, kar, kar...

(Birusen musika)

(Narratzailea agertzen da.)

Narratzailea: Ai ene! Nire erruagatik gertatu da nahaste-borraste hau! Zer egin dezakegu? Nori deituko diogu?

(Mari Domingi eta Olentzero ateratzen dira buru makur).

Olentzero: Ai nere burua!

Mari Domingi: Nire eztarria! Nola osatuko gara?

Narratzailea: Aizue! Vianako haurrek esaten dute... Amparo izeneko sendagile bat dagoela Vianan. Berari deituta min guztiak pasako zaizkigu.

Olentzero: Nola ez zaigu lehendik bururatu. Deitu, deitu!

Narratzailea: 112. Amparo? Olentzero eta Mari Domingi gaixorik daude, etor zaitez agudo!

(Amparoren musika: Star Trek edo antzekoa)

(Amparo korrika agertzen da.)

Amparo: Gaixotasuna non, Amparo han! Kaixo, lagunak uste dut pertsona zuzena deitu duzuela... Zein da arazoa.

Olentzero eta Mari Domingi: (Burua, eztarria eta gorputza seinalatuz). Mina!

Amparo: Ea, ahoa ireki. Oso ongi! Orain arnasa hartu! Oso ongi! Sukarra... (Eskua kopetan jartzen die.) Oso ongi!

Mari Domingi: Oso ongi, oso ongi... baina ez gara batere ongi sentitzen!

Amparo: Lasai Mari Domingi. A gripea harrapatu duzue. Apiretal edo aspirina batekin hobeto sentituko zarete. Hemendik sei egunetara erabat sendatuta egongo zarete.

Olentzero: Sei egun! Baina opariak banatu behar ditugu!

Amparo: Hori egina dago. Flipi eta biok egingo dugu. Zuek zerrenda eman eta etxean lasai gelditu.

(Denok lasaiago daude. Birusak agertzen dira.)

(Birusen musika)

Narratzailea: Baina, barkatu Amparo... oraindik arazo bat daukagu... (Birusak seinalatzen ditu.)

Amparo: Kar, kar, kar. Ikusiko dute bihurri horiek. (Badoa).

Birusak:

Trakatan trakatan hiru errege
Trakatan trakatan eztarrira
Trakatan trakatan min izugarri
Trakatan trakatan egitera

A birusa: Ni Meltxor birusa naiz.

C birusa: Ba ni Gaspar.

B birusa: Eta ni...ezetz asmatu? Baltasar birusa!

Birusak: Kar, kar, kar...

A birusa: (Mari Domingi eta abarrei begira) Oraindik hor al zaudete? Ikusiko duzue!

B eta C birusak: Mugi denok, ohera!

Amparo: Teeeeee, te, te, te, te. Itxaron lagunak!

Birusak: Nor zara zu? Zer nahi duzu?

Amparo: Nik... opari bat ekarri dizuet, oso birus dibertigarriak zaretelako...

Birusak: A, bai?

Amparo: Hemen duzue zuen oparia, Tamiflu injekzio erraldoia ipurdian.

Birusak: Eeeeeeez! Ai, ai, ai.

(Musika azkarra: Bennie Hill edo antzekoa)

(Korrika eta minduta alde egiten dute. Olentzero, Mari Domingi eta narratzailea Amparorengana hurbiltzen dira.)

Amparo: Konponduta arazoa. Haurrak, gurasoei kasu egin eta hotza egiten duenean berokia jantzi!

Narratzailea: Eta bazkaldu aurretik eskuak garbitu.

Mari Domingi: (Flipiri begira) Eta ez egin esperimentu arriskutsurik gurasoen baimenarik gabe!

Olentzero: Hori, hori... eta ez ahaztu txintxoak izaten, bestela ikatza ekarriko dizuet.

Narratzailea: Eta hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan...

Amparo: ... eta atera dadila.

Denok: Vianako plazan!

(Gabonetako musika. Txaloak. Denok eszenatokira agurtzera.)

© Fultxo Crespo- Erentzun Ikastola 2009

banatz1.jpg (6903 bytes)