OLENTZEROREN
JANTZI BERRIA
PERTSONAIAK:
Narratzailea Xabier Asierren ama Olentzero Mari Domingi Postaria Agata Rossi Haurra 1 Haurra 2 Haurren aita Udaltzaina
1. ESZENA
Narratzailea: Gabonak ailegatu aurretik, haur euskaldun guztiek eskutitza idazten diote Olentzerori ilusioz beterik. Zuek, jada idatzia izango duzue, ezta? Oso ongi, eskerrak garaiz idatzi duzuen. Baina oraindik etxetxo batetan bada mutil bat eskutitza idatzi gabe duena. Nolatan? Izan ere, gure mutilari gauzak ahaztu egiten zaizkio, kontutxo guztiak azken momenturako uzten ditu eta horrek arazoak ekartzen dizkio askotan... bai-bai, ikusi bestela...
XABIERREN ETXEA
Ama: (Liburu bat irakurtzen ari dela) Xabier, Xabier. Etxeko lanak eginak al dituzu?
Xabier: (Game Boy batekin jolasean) Baina nola egongo dira ba eginak, gaur oporretako lehenengo eguna da eta. Utzi bakean, bada horretarako astirik.
Ama: Xabier, Xabier. Aita etorri aurretik zure logela txukun-txukun utzi behar duzu.
Xabier: Bai ama, lasai egon, ordubete falta da oraindik. Utzi bakean bada horretarako astirik.
Ama: (Ironiaz) Ez nuke berriz ere astuna izan nahi maitea, baina, Olentzeroren eskutitza idatzita izango duzu seguru....
Xabier: Ba bai, astun zara.Utzi bakean, bada horretarako astirik, Eguberri bezperatan gaude eta oraindik.... Ama! Ama! Ez dut Olentzeroren eskutitza idatzi. Ai ene!!!!!
Ama: (altxatu egiten da) Ikusten? Banekien ahaztuko zitzaizula! Nahigabez akabatu behar nauzu! Postariak duela gutxi alde egin du herritik! Sentitzen dut, baina oparirik gabe geratuko zarela uste dut.
Xabier: Bua, bua. Zer egin dezakegu??? Buaaaaa?
Ama: DezakeGU? DezakeZU? esan nahiko duzu, hau zure arazoa baita. Hor konpon Mari Anton. (ama badoa)
Xabier: Zer egin dezaket?.... Ez dakit. Eskutitza idatziko dut eta gero bururatuko zait zer edo zer.
Narratzailea: A ze korapilotan sartu den gure Xabier. Nola aterako da hortik? Bitartean, Olentzeroren etxean Gabonetako azken prestaketekin ari dira.
OLENTZEROREN ETXEA
Olentzero: (Opariak berraztertzen) Postariak azken eskutitzak ekarri eta dena prest izango dut gauerako. Beti dago neska-mutilen bat azkeneko momentura arte itxaroten duena eskutitza bidaltzeko. Zer egingo diogu?
Mari Domingi: Zer jantziko duzu gaur gauean?
Olentzero: Zer jantzi? (Barre egiten du). Ba betikoa: txapela, abarkak, baserritar jantzia.
Mari Domingi: Eta beti bezala zikin-zikin eramango duzu, ezta?
Olentzero: Laneko jantzia da Mari Domingi, nola eraman behar dut ba? Astoaren gainean eta etxe batetik bestera ibiltzeko primeran datorkit jantzi hori eta ez dut aldatu behar. Spidermanen jantziarekin joatea nahi al duzu?
Mari Domingi: (Ironiaz) Baliteke horrela azkarrago bukatzea lana, (keinuak) etxe batetik bestera zintzilikaturik zure superamaraunarekin.
Olentzero: Pelikula gutxiago Mari Domingi. Ni Olentzero naiz eta ez Super Heroi bat.
Mari Domingi: Olentzero? Txerrizero zara zu, Txe-rri-ze-ro. (Haserre, badoa)
(Din, don. Postaria dator. Olentzerok atea irekitzen dio.)
Postaria: Egunon Olentzero, dena prest gaueko irtenaldirako? Hona hemen azken eskutitzak, hiru besterik ez.
Olentzero: Ederki. Ea ba. Aitor, Oihane, Irantzu... Ze arraroa! Xabierrena falta da.
Postaria: Xabier, Xabier.... Buenoooo, mutil hori ezagututa, seguru ahaztu zaiola. Berak jakingo du...
Olentzero: Ez dakit ba, agian gaixotu egin zaigu mutikoa.
Postaria: Eta eskutitz hau Mari Domingirentzat. Oso urrutitik dator: Paristik.
Olentzero: Paristik? Mari Domingi, eskutitz bat zuretzat! Paristik!
Narratzailea: Paristik natorren eskutitza naiz ni. Paristik datorren eskutitza da hori. Paristik etorritako eskutitza. Arraroa ezta? Olentzerok ez dakiena da eskutitz horretan sorpresa bat dagoela. Ona ala txarra? Ez dizuet esango adi jarraitu eta jakingo duzue. Utz dezagun Olentzero momentu batez eta ikus dezagun zertan ari den gure Xabier gaixoa.
Xabier (eskutitza idazten eta noizean behin publikoarekin hitz egiten): Olentzero maitea. Barkatu berandu idazteagatik (Ez dakit barkatuko didan). Ez dakit zein opari eskatu, egia esan korrika eta presaka ari naiz eskutitza idazten eta pentsatzeko denborarik ez dut izan. (Egia da gainera). Olentzero, Eguberrietan zu bezala jazten naiz eta asko maite dut jantzi hori. Amak ez zikintzeko esaten dit baina beti kristo bat eginda amaitzen dut.Ez aldatu Olentzero, honela maite zaitut. Xabier.Oso polita atera zait. Baina ez du inoiz irakurriko. (Triste jartzen da, pentsakor.) Aja....aja.... (Ama sartzen da orduan).
Ama: Zer politxu, eskutitza idatzi al duzu?
Xabier: Bai eta badakit zer egingo dudan. Olentzeroren etxera joan eta nik neuk eman eskutitza.
Ama: Eta nola egin behar duzu? Ba al dakizu non bizi den Olentzero jauna?
Xabier: Ba... non izango da...basoan.
Ama: (Ironiaz) Basoan...orduan basora joan eta eskutitza eman....oso plan erraza.... Kontua da seme... baso asko dagoela inguruan... eta basoetan zuhaitz asko... eta galtzeko arriskua... beste plan bat asmatu beharko duzulakoan nago....
Xabier: (Aho zabalik geratzen da.) Basoan... asta-kirtena naiz baina .... Non topatu Olentzeroren helbidea... Leku sekretu batean biziko da ziur. Badakit.... Ikastolan esaten digute dena Interneten dagoela... horixe egingo dut nik, Interneten bilatu. Amatxok ikusiko du despistatua bai baina despistatu azkarra naizela, e?! Ea ba, Olentzero.net...ez...Gabonak.com...ezta...eskutitzak.org... Ekilikua! Olentzeroren etxea.non. Topatu dut, topatu dut, Olentzeroren sekretuen txoko zibernetikoa.
(Ordenagailuan begiratzen du. Musika bitartean. Topatu egiten du helbidea. Inprimatu eta badoa.)
Narratzailea: Xabierrek mutiko azkarra dela erakutsi digu., Interneten Olentzero non bizi den aurkitu eta Olentzeroren etxerantz doa. Baina ez dakit oso momentu onean ailegatu behar duen, Olentzero eta Mari Domingi eztabaida bizian ari baitira.
Olentzero: Gaur Rossi eta Agata, zure lagunak ailegatu behar zaizkigula? Urte osoan zehar ikatza besterik ez dut egiten eta bestela libre nago egun osoan. Eta gaur hain zuzen ere etorri behar zaizkigu bisitan. Ez zuten lehenago abisatzerik?
Mari Domingi: Eskutitza berandutu egin da maitea eta kafea hartzera besterik ez datoz. Olentzero ospetsua ezagutu nahi omen dute. Paristik etorri dira eta hango ileapaintzaile eta jostun ospetsuenak dira.
Olentzero: (Harro) Ni ezagutzera etorri dira orduan? Ongi ba, baina 5etan alde egin beharko dut opariak banatzeko, haurrak zain izango ditut.
Narratzailea: Mari Domingik esan bezala, Rossi eta Agata "the number ones" edo lehen lehenak ziren Parisko modaren munduan..edo. Oooooso ospetsuak. Bere lanean onenak omen dira baina baita harroputz jasanezinak ere. Isilduko naiz, hortik datoz eta... zein da atzetik datorren hura? (Harridura aurpegia )Xabiertxo da, eskutitz eta guzti!!!
(Tinbrea jotzen dute. Xabier atzean, txoko batean ezkutatzen da. Dena ikusten du handik.)
Agata: Mari Dominnnnnnnnngi. Komantalebu? Zer moduz mon zerí? Unibertsitatean elkar ezagutu genuenetik oso aldatuta ikusten zaitugu. Pa, pa, pa.... Parisen hiru musu ematea modan dago. Kar, kar, kar. (Barre leloa)
Mari Domingi: Zenbat denbora elkar ikusi gabe. Asko aldatu zarete!
Rossi: Noski, orain ospetsuak gara. Mari Domingi...zure ile hau....
Mari Domingi: Zer arraio gertatzen zaio nire ileari?
Rossi: Ez dakit, zatar ikusten dut. Itxoin, utzidazu.... (artaziekin lau aldaketa egin eta lazo itsusi bat ipintzen dio). Orain "tope" zaude.
Mari Domingi: Bai????
Agata: A ze jantzi hippya daramazun orain hippya ez dago modan baina (aldaketa batzuk egin eta gona aldatzen dio). Orain primeran zaude, tope....
Agata eta Rossi: Topemegafasion, kar, kar, kar.
Mari Domingi: Zuek esaten baduzue....
Agata: Zein da tipo hau. Lorezaina? Butaneroa?
Olentzero: Ba ez, ez naiz butaneroa, ni Olentzero naiz. Mari Domingi "megafasionen" senarra.
Agata eta Rossi: (Lotsaturik) Broma bat zen. Kar, kar, kar (Musu bat ematen diote, kontu handiz, zikintzeko beldurrez...)
Olentzero: Musu bat baino ez? Hemen basoan lau musu ematen ditugu. Kar, kar, kar. (Zikintzen ditu.)
Rossi: Zu ezagutzera etorri gara. Oso ospetsua zara Parisen.
(Olentzero poz pozik)
Agata: Hala ere. Ez gaizki hartu baina apur bat modernizatzea komeniko litzaizuke. Bestela haurrek ez zaituzte maitatuko.
Rossi: Gaur egungo haurrei beltza ez zaie gustatzen. Out of fashion dago, gorria gustatzen zaie.
Agata: Eta horren zikin ibiltzea, mikrobioak izango dituzu jantzian eta neska-mutilak gaixotuko dituzu, izutuko dituzu.
Mari Domingi: Horixe esan diot nik gaur. Oso zikin dabilela eta Olentzero beharrean Olentxarri dirudiela.
Rossi: (artaziekin) Konpetentzia asko dago munduan Olentzero: Aita Noel, Erregeak, Osaba Izotza, Sinosuke....
Olentzero: (Pentsakor) Arrazoia duzue. Urte honetan ez dut mutiko baten eskutitza jaso. Xabier du izena. Ziur ez nauela maite eta beste bati eskatu diola oparia....
(Xabierrek txokotik keinuak egiten ditu)
Rossi eta Agata: Baina ez jarri triste!!! Hemen gaude gu. Zu "megafasion tope guay" bilakatzeko. Looka aldatzeko.
Mari Domingi eta Olentzero: Looka? Zer da hori?
Rossi: Looka...itxura...
Agata: Zatoz gurekin Olentzero eta ikusiko duzu. Gure laguntzarekin telebistan agertuko zara....
Olentzero: Agertu naiz jadanik..
Agata: Ba pelikula bateko protagonista izango zara...
Olentzero: (Ameslari) Pelikula bateko protagonista..... Bai, goazen "Lukas" hori aldatzera.
Rossi, Agata eta Mari Domingi: Lukas, kar, kar, kari. Lukas ez, looka.....
(Xabier kezkatuta. Eskutitzari begiratzen dio eta ez daki zer egin.)
2. ESZENA
Narratzailea: Ez dakit Olentzero gaixoa nola mozorrotu behar diguten bi ergel hauek. Baina, zer ordu da... Konturatu gabe gaua heldu zaigu eta Olentzerok berehala hasi beharko du urteroko opari banaketarekin... (Urduri) Azkar ibili beharko du.
ETXE BATEAN BI HAUR
Haurra 1: Zeinen pozik nagoen, gaur Olentzero datorkigu. Eta opariak...
Haurra 2: Aurten zintzoak izan garela uste duzu?
Haurra 1: Ba ez gehiegi, batzutan bihurrikeriak egin ditugu eta gurasoak haserretu dira. Espero dut Olentzerok gure trastada eta bihurrikerien berri ez izatea.
Haurra 2: Kar, kar, kar. Nik bizikleta eskatu diot Olentzerori, hala ere badakit arropa ere ekarriko didala.
Haurra 1: Bai, eskutitzean, oparien zerrenda, amatxok disimuluan arropa idazten du horrela ez du berak erosi behar. (Jo, jo, jo)
Haurra 2: Nik behin hori egiten harrapatu nuen.
Aitatxo: Berandu da, ohera joango al zarete?
Haurrak: Bai aita. Olentzero ikusiko al dugu etxera sartzen denean?
Aita: Iaz berdina galdetu zenidaten. Olentzero ikustea zaila da gaueko ordu txikietan datorrelako, denok lo seko gaudelarik. Hala ere, haurren batek edo bestek ikusi izan du eta gaztainak oparitu dizkio.
Haurrak: Jopetas... Guk Olentzero ikusi nahi dugu....
Aita: Agur bihotzak. Ea, musu bat, amatxo loak hartu du. Ez zaratarik atera.
Haurrak: Bai aita....
Haurra 1: A ze erroilua! Nik Olentzero aurrez aurre ezagutu nahiko nuke.
Haurra 2: Plan bat bururatu zait!
Haurra 1: Kontatu, kontatu!
Haurra 2: Gaur ez gaitu loak hartuko. Amatxori kafea lapurtu diot eta termo osoa edango dugu. Hartara, begiak zabalik egongo gara gau osoan zehar.
Haurra 1: Primeran! Oso ideia ona. Azkenean Olentzero ikusiko dugu.
(Kafea edaten hasten dira)
OLENTZEROREN ETXEA
(Musika barregarria entzuten da eta Olentzero mozorrotuta ateratzen da. Ez dago guztiz konbentzituta.)
Olentzero (ispilu bati begira): Mmmmmmm. Benoooooo. Beste jantzia baino...... Honekin banatu behar ditut opariak?
(Rossi, Agata eta Mari Domingik buruarekin baietz esaten diote. Oso pozik daude).
Rossi: Agata, sortu dugun jantzirik onena da hau.
Agata: Eta ile hauek...zoragarriak dira...artista bat zara. Aita Noel inbidiatan geratuko da Olentzero, eta deitu egingo digu berari ere jantzi bat diseinatzeko. Zer diozu Mari Domingi?
Mari Domingi: Bai, bai. (Ez dago guztiz konbentzituta).
(Postaria sartzen da)
Postaria: Olentzero...azken momentuko beste eskutitz bat, hau ere berandu ibili da.
Olentzero: Eta Xabierren eskutitzik ba al duzu?
Postaria: (Ezetz dio buruarekin)
Olentzero: (triste) Ai ene, ordua da. Ni ere berandu nabil. Ez dut trapu hauek kentzeko astirik. Banoa korrika.
HAURREN ETXEA
(Logelan aita sartzen da.)
Aita: Arraroa da. Olentzero ez da oraindik ailegatu. Ea nola dauden hauek.... Lo... (aho-zabalka hasten da eta badoa).
Haurra 1: Ja, ja,ja. Engainatu dugu.
Haurra 2: Bai baina Olentzeroren arrastorik ez dugu sumatu eta egunsentia dator.
(Olentzero agertzen da eta hasten da opariak ipintzen. Atzetik Xabierrek darraio. Haurrek keinuak egiten dituzte.)
Haurrak: (Garrasika) Aitaaaa, amaaa, martiztar bat.....edo lapur bat.....lagundu..... (Termoarekin buruan jo eta konortea galtzen du. Xabier berriro ezkutatzen da.).
Aita: Zer gertatzen da hemen? Zein da gizon hau? Udaltzainak deituko ditugu. Udaltzaingoa?, bai lapurketa bat, gizon arraro bat sartu zaigu etxean. Etorri ahal bezain azkar.
Haurra 2: Aita, aita, ez da martiztarra, ez du antenarik.
Haurra 1: Inauterietako mozorroa daraman lapurra dirudi. Baina ez gaude inauterietan.
3. ESZENA
Narratzailea: Honelako zerbait gertatuko zelakoan nengoen. Nori bururatzen zaio jantzi horrekin etxez etxe paseatzea. Konponketa zaila du egoera honek. Nik behintzat ez diot irtenbiderik aurkitzen.
(Udaltzaina dator.)
Udaltzaina: (lupa batekin) Hemen nago, ziztu bizian etorri naiz. Ekar ezazue lapurra... Ez ukitu ezer! (Izutzen ditu haurrak) Ummm. Garbi dago. Hemen dago lapurtutakoa. Ummmm. Zakuan. Ummmm. Hauek Olentzeroren opariak dira. Ummm. Dei asko jaso ditugu gaur gauean: Olentzero ez zetorrela, pailazo bat ari zela tximinian beheiti sartzen.... Argitua kasua. Harrapatu dut lapurra!!!!
Haurrak: Barkatu udaltzain jauna baina geuk harrapatu dugu lapurra eta ez zuk.
Udaltzaina: Beno, lapurra harrapatu dugu. Hori da garrantzitsuena.
Olentzero: (Esnatu egiten da eta denak joaten dira atzera izuturik) Zer... Non nago? .... Zeinek jo nau?.... Eta opariak?....
Udaltzaina: Opariak? Opari eder bat dut zuretzat....kartzela....kartzelara zoaz Olentzero bahitzeagatik eta bere poltsa lapurtzeagatik.
Olentzero: Neu naiz Olentzero eta!
(Haurrek ezetz esaten dute buruarekin)
Udaltzaina: Mmmmm. Haur guztiek ezagutzen dute Olentzero. Hauei galdetuko diegu. Gizon hau Olentzero dela uste al duzue...?
Haurrak: Ez, ez da. Non dago Olentzero? (negarrez)
Olentzero: Ez nauzue ezagutzen. (triste)
Xabier: (atzeko aldetik ateratzen da) Niri galdetu!
Denak: (Ohhhhh)
Aita: Xabier, zer egiten duzu hemen. Zure gurasoek hemen zaudela ba al dakite?
Xabier: Nik oso ongi ezagutzen dut Olentzero eta gizon hau Olentzero da.
Denak: Zer?
Xabier: Jantzi hau ez da berea. (Udaltzainak telefonoa hartu eta deitu egiten du). Parisko jostun batzuk egin diote, baserritar jantzia ez zela MODERNOA esaten zuten eta. Deitu bestela Mari Domingi eta postariari eta haiek baieztatuko dizuete dena.
Haurra 1: Ba guri asko gustatzen zaigu baserritar jantzia. Berdin zaigu modernoa ez bada ere.
Haurra 2: Egia da, Olentzero bere jantzirik gabe....ba, ez da Olentzero.
Udaltzaina: Eskerrik asko Xabier, arrazoi zenuen. Mari Domingik eta postariak den-dena kontatu didate oraintxe bertan. Barkatu Olentzero.
Haurrak: Bai barkatu. Minik eman al dizugu?
Olentzero: Koxkor bat atera zait, baina ondo nago.
Xabier: Olentzero, tori nire eskutitza. Nik ere barkamenak eskatu behar dizkizut, azken momentura arte itxaroteagatik.
(Olentzerok ozen irakurtzen du eta hunkitu egiten da. Bitartean Mari Domingi, Xabierren ama, postaria, Rossi eta Agata sartzen dira baserritar jantziarekin. Olentzerok jantzi egiten du)
Olentzero: Hemendik aurrera jantzi hau zainduko dut. Saiatuko naiz garbiago eramaten. (Mari Domingiri begira) Rossi, Agata, eskertzen dizuet zuek ni modernizatu nahi izana eta nire "lukas" edo "looka" aldatu nahi izana, baina garbi dago honela maite nautela haurrek eta haurrei kasu egingo diet nik beti.
(Erlojuari begiratzen dio)
Oraindik hainbat opari geratzen zaizkit zakuan. Ea astirik dudan! Agur.
Denok: Agur.
(Amaitzeko abestia)
- Mila esker Mikel Fernandez eta Aitzol Mendiolari egindako zuzenketak direla eta -
© Fultxo Crespo - Erentzun Ikastola 2002
![]()