gaztain.gif (3340 bytes)OLENTZEROREN ERROBOTA

 

Pertsonaiak

Narratzailea

Patxinstein Doktorea

1 Haurra

Olentzero

Igor laguntzailea

2. Haurra

Mari Domingi

Errobota

Super Txapelduna

  Narratzailea: (Abesten) Olentzero joan zaigu.... mendira lanera.... intentzioarekin... Hara! Zenbat haur etorri diren gaur kultur etxe honetara! Kaixo! Olentzeroren antzerkia ikustera etorri al zarete? Ba presta zaitezte, presta zaitezte... haur, zahar eta gazte!

Udazkena joan da eta etorri da negua, elurrarekin batera OLENTZERO ikazkina ari da opari eta eskutitzen joan-etorrian. Baina badirudi aurten Olentzero ez dagoela oso pozik bere lan berezi honekin. Ikusi bestela.

Olentzero: Eskutitz bat… beste bat… Honi ikatza besterik ez diot eramango! Eta postal hau?? Karibekoa da, Kankunekoa!! Mari Domingi maitia, etorriiii!

Mari Domingi: Zer dira oihu horiek? Erotu al zara Olentzero?

Olentzero: Begira ezazu haur honek bidalitako postala. Hondartza… palmondoak… beroa… Karibea… Kokoak, Karibera joan nahi dut Mari Domingi. Negu hau gorri-gorria izaten ari da eta bizkarreko minak jota nabil.

Mari Dominigi : Karibera? Kokoak? Bai koko ederra zure buruan erori dena. Ez al duzu ikusten Euskal Herriko haur guztiak oparien zain daudela? Nork banatuko ditu opariak gu Karibera joaten bagara, Joselontxo astoak?

Olentzero (kopetilun): Ba agian bai! Nik atsedena behar dut… nire bizkar hau…

(Patxinstein eta bere laguntzailea gerturatzen dira)

Patxinstein : Kaixo, Olentzerrro. Zu ezagutzeko irrikatan nengoen.

Igor: (eskuak igurtziz) Irrikatan bai, irrikatan…

Mari Domingi: Zeintzuk zarete zuek! Jakin ezazue Gabonetan gaudela eta ez Tolosako Inauterietan.

Patxinstein: Barka ezazue nire atrebentzia eta zuek izutu izana. Patxinstein doktorea nauzue, munduko asmatzailerik ospetsuena.

Igor: Ospetsuena, bai… leku askotan ezagutzen dute…Bargotan adibidez…

Patxinstein: Memeloa, isildu! Kontua da… Begira… nahi gabe zuen elkarrizketa entzun dugu, Karibera joan nahi duzula alegia, eta gu.. soluzio batekin gatoz.

Igor: Soluzioa bai, soluzioa…

Mari Domingi: Zer soluzio eta zer luzio? Olentzerok lan egin behar du nahi eta nahi ez. Eta ezin badu nik lagunduko dut!

Patxinstein: Ez da zertan horrela izan behar. Igor… sakatu botoia.

(Errobota dator musika berezi batekin.)

Errobota: Kaixo haurra. Ona izan al zara? Ona izan al zara? Tori opaaaaria. Tori opariaaa!

Patxinstein: Zuekin Olentzeroren lan astuna egingo duen errobota!

Olentzero: Oso ideia ona da Mari Domingi, berak egingo du lana eta gu Karibera alde egiteko aukera izango dugu.

Mari Domingi: Eta ba al daki Olentzeroren abestia abesten?

Patxinstein: Igor, botoia sakatu!

Errobota: Horra, horra, gure errobota, txipa hortzetan duela, egiten du dena. Olentzero ez kezkatu, hartu hegazkina, bitartean ni neuk egingo dut lana.

Patxinstein: (Presaka bidaltzen ditu gelatik) Merezi duzue! Tori hegazkin txartel hauek eta zoazte Karibera! Gu arduratuko gara!

Igor: Gu arduratuko gara bai.

Narratzailea: Ai ene! Uste dut Olentzero arazotan sartu behar dela, ni ez nintzateke bikote horretaz fidatuko! Usaina hartu diot asunto honi… Bitartean, herriko umeak Olentzeroren etorreraren zain dira.

1 Haurra: Zer eskatu diozu aurten?

2 Haurra: Auto telegidatua eta sorginen inguruko beldurrezko liburua.

1 Haurra: Nik Txapeldun super heroiaren panpina. Begira iragarkia! Super Txapeldun, gaizkileen kontra gau eta egun! (Super heroiaren keinuak egiten ditu). Izan ere, bere txapel hegalaria badut eta baita berarekin hitz egiteko interkomunikatzailea ere! Super Txapeldun behar zaitugu!

2. Haurra: Txoriburu halakoa! Berriro ere Txapeldun horrekin gora eta behera. Ez al duzu beste ezertan pentsatzen? Txapeldun hori modaz kanpo dago. Spiderman bai heroi ausarta eta ez perretxiku itxurako ergel hori!

1. Haurra: Txoriburua ni? Hara bestea! (bestearen ahotsa imitatuz) Sorginen inguruko beldurrezko liburua nahi dut, Olentzero…

(Eztabaidatzen jarraitzen dute izkina batetan)

Patxinstein: Beno lagunak! Ikusi arte. Ongi pasa Kankunen eta… kar, kar… postala bidali.

Igor: Hori, hori, postala bidali… bikinia jantzita daraman neska mardul batena…

(Patxinsteinek zorrotz begiratzen dio.)

Olentzero eta Mari Domingi: (Olentzero galtza motzetan eta Mari Domingi maleta bat hartuta) Adio bai. Zaindu etxea eta gogoratu oparien zerrenda behar bezala banatzen.

Patxinstein: Trankil egon. Gu arduratuko gara!

(Olentzero eta Mari Domingi badoaz.)

Patxinstein: (Ikusleei begira) Inoxoak! Engainatu ditugu! A ze parea, karakola eta barea!

Igor: Hola, karakola. Hola, karakola. (Patxinteinen begiradarekin isildu egiten da).

Patxinstein: Orain, gure errobota haur guztien etxeetan sartuko da… baina opariak eman beharrean… haurren jolasak lapurtuko ditu… Jolas guzti-guztiak. Memelo horiek jolasik gabe geratuko dira.

Igor: Nagusi.

Patxinstein: Zer?

Igor: (Asko dakienarena eginez) Hori legez kontrakoa da, ILEGALA alegia!

Patxinstein: Ilegala? Ahhh, tori, tori eta tori. (Jo egiten dio) Zurearen tamainako burua dira legez kontrakoak direna. Igor…

Igor: Baaaai, nagusi, botoia sakatu…

(Errobota martxan jartzen da)

Errobota: (Din dan don doinuaz) Lapurtu, lapurtu, jolasak lapurtu. Patxinstein doktoreak denak nahi ditu. Iup!

Narratzailea: Hau da hau hemen muntatu behar dena! Honek ez du konponbide errazik! Eta gure lagunak hor jarraitzen dute txintik ere jakin gabe… (Eskuarekin keinu egiten du)

2. haurra: Supermanek hegan egiten du, eta Super Txapeldunek?

1. haurra: Txapeldunek hegan egiten du eta txapela bota eta gaizkileak harrapatzen ditu…

2. haurra: Begira, hori ez al da Olentzero?

1. haurra: Bai. (Erlojuari begira) Goiz samar hasi da oparien banaketarekin, ezta?

2. haurra: Begira zer ibilera arraroa duen. Ez dakit ba. Susmo txarra hartzen diot horri.

1. haurra: Ezkuta gaitezen.

(Jolasak uzten dituzte bazter batetan)

Oihu batzuk: Nire jostailu guztiak desagertu dira! Eta nireak! Lapurrak ditugu herrian! Lapurraaaaak!

Errobota: Lapurtu, jostailuak lapurtu…

1. haurra: Hori ez da Olentzero! Errobota dirudi!

Errobota: (Haurrak ikusten ditu.) Haurtxo maitiak, zintxoak izan al zarete! Kar, kar, kar.

(Haurren atzetik doa poliki-poliki)

2. haurra: Zer egin dezakegu?

1. haurra: Super Txapelduni deituko diot.

2. haurra: (Ikusleei begira) Honek pelikula gehiegi ikusi ditu!

1. haurra: Txapeldun, Txapeldun laguntza behar dugu. Lagundu. K – 2 koordenatua gaude. Etorri bizkor. K – 2 koordenatuan gaude.

(Musika. Efektu bereziak)

S. T. : Super Txapeldun gaizkileen kontra gau eta egun. (Korrika dator eta erori egiten da.) Kaixo Olentzero (errobotari) jaso al duzu nire eskutitza? Gogora zaitez galtzontzilo berriak ekartzeaz, normalean eramaten ditudanak zuloz beterik ditut!

Haurrak: Hori ez dela Olentzero!

S.T.: Haur hauek ari dira zu molestatzen? Oraintxe bertan emango diet merezi duten zigorra emango diet! Super Txapeldun, gaizkileen kontra gau eta aaaaaaaaa. (Errobotak lepotik heltzen dio).

1. haurra: Zer edo zer egin behar dugu!

2. haurra: Zure Txapeldun hau! Begira, ON – OFF. Zeri emango diogu?

1. haurra: OFF, OFF. Eman behingoz!

(Errobota gelditu egiten da.)

S.T.: Olentzero, nik ere asko maite zaitut. Baina pasatu egin zara. Mina egin didazu lepoan.

(Patxinstein eta Igor sartu egiten dira)

Patxinstein: Nire errobota! Nire bizitzako lana hondatu egin duzue! Ikusiko duzue mukizu ziztrinak!

Igor: Hori hori, ikusiko duzue!

S.T.: Orain dena ulertzen dut! Utzi haur hauek bakean (txapela hartzen du) edo nire super botereen indarra zer den jakingo duzue… (Keinu barregarriak egiten ditu. Karate.)

Igor: Begira Super Txapeldun. Inurri bat.

S.T.: Non? (Behera begiratzen du eta Igorren kolpe batez)

Igor: Tori super boterea. Eta orain nagusi…

Patxinstein: Haur hauek zakuan sartuko ditugu. Kar, kar, kar… Igor…

Igor: Botoia sakatu..

(Olentzero eta Mari Domingi sartzen dira.)

Patxinstein eta Igor: Olentzero!

Haurrak: Olentzero!

Igor: Eta Mari Domingi… Domingi, non duzu bikinia?

Olentzero: Zer uste zenuten? Lainoetan bizi garela gu? Zuen trikimailuaz berehala konturatu gara. Aireportuko bidean zure izena gogoratu dut, Patxinstein, urtero gaizki portatzen zen mutikoa…

Patxinstein: …eta urtero IKATZA jasotzen zuena. Ez dut inoiz jostailu triste bat izan eta hori dela eta mendekatzea izan da nire bizitzako helburu bakarra. Munduko jostailu guztiak neureganatzea… Igor… Sakatu botoia.

Olentzero: Mari Domingi. Atera maleta.

Mari Domingi: (Karate keinuak eginez) Ia! Ia! Ia! (Maletarekin Patxinstein eta Igor lurrera botatzen ditu.)

Patxinstein eta Igor: Ai, ai, ai…

Errobota: Lapurtu, lapurtu…. (abesten)

Mari Domingi: Lapurtu, jadanik pazientzia lapurtu didazu zuk! (Beste kolpe batez isiltzen du).

Haurrak : (Txaloka) Aupa Mari Domingi.

Mari Domingi: Mari Domingi ez, super Mari Domingi. Eta orain mugi zaitez Olentzero, lana dugu eta!

S.T.: Zer gertatu da? (Altxatu egiten da.) Maltzurrak garaitu ditut! Gora Super Txapeldun. Super Txapeldun, (publikoari begira) gaizkileen kontra gau eta egun.

Olentzero: Eskerrik asko Super Txapeldun. Baina orain niri lagundu beharko didazu opariak banatzen.

S.T.: Zure esanetara Olentzero!

Olentzero: Eta bizkarreko arazoak ditudanez, zu arduratuko zara zakua eramateaz. (Zakua ematen dio, asko pisatzen du eta S.T.-k ia-ia oreka galtzen du.) Haurrak, etxera joateko ordua da…!

Mari Domingi: Bai, etxera…

1. haurra: Eta zer egingo dugu hauekin?

2. haurra: Badakit! Jostailu hauek utziko dizkizuegu ongi pasa eta entretenitzeko. Ea honela txikitan gaizki pasatako guztiak ahazten dituzuen.

1. haurra: Eta nahi duzuenean etorri gurekin jolastera. Ez ahaztu, ekarri errobota, mundiala da eta!

Patxinstein eta Igor: Eskerrik asko.

(Agurtu egiten diote elkarri.)

Narratzailea: Eta honela bukatu zen gure istorioa. Gau horretan Olentzerok arazorik gabe banatu zituen opariak Super Txapeldunen laguntzarekin eta herri eta hiriko haur guztiak poz-pozik ireki zituzten opariak hurrengo goizean. (Ahotsa aldatu egiten zaio errobot itxura hartuz) Kotxeak, puzleak, liburuak, partxisak, okak, kartak, xakeak, Game Boyak…. Eta hala bazan ez bazan…….

(Haurrak atzetik sartzen dira)

1. Haurra: ON ala OFF?

2. Haurra: OFF

(Narratzailea deskonektatu egiten dute)

BUKAERA

© Fultxo Crespo Ortigosa (Testuak Aitzol Mendiolak zuzenduta) - Erentzun Ikastola 2005

banatz1.jpg (6903 bytes)