PERTSONAIAK:
Narratzailea
Olentzero
Mari Domingi
1 Estralurtarra
2 Estralurtarra
Ama Estralurtarra
1 Haurra
2 Haurra
Arti
Miki
Fultxi
OLENTZERO ESTRALURTARREN KONTRA
GABON GIROKO MUSIKA
Narratzailea: Gabonak ziren eta Gabon Gauean urtero legez, Olentzero eta Mari Domingi oparien prestaketarekin amaitzen ari ziren. Opari ugari zituzten, beti bezala, banatzeko…. TELEFONOA Zer? Nola? Estralurtarrak ikusi direla? Non baina? Oraintxe bertan noa! Barkatu lagunak, larrialdi bat gertatu da... eta… gero kontatuko dizuet…
ESTRALURTARREN MUSIKA
1 Estralurtarra: Zein da planeta urdin eta itsusi hori?
2 Estralurtarra: Uste dut Lurra planeta duela izena!
1 Estralurtarra: Lurra planeta, hori da hori izen itsusia!
2 Estralurtarra: Kar, kar, kar. Gure planeta politagoa da, den-dena berdea delako.
1 Estralurtarra: Eta menperatzen badugu? Kar, kar, kar.
2 Estralurtarra: Hori, hori, menperatu egingo dugu! Gure konkista izango da!
ERRORE BATEN EFEKTUA
1 Estralurtarra: Arazo bat dugu. Erortzen ari gara!1-2 Estralurtarrak: Laguntzaaaaaa!
ESTANDA BATEN EFEKTUA
PAILAZOEN MUSIKA
Arti: Kaixo, lagunak. Ba al dakizue zeintzuk garen gu?
(Miki eta Fultxi eztabaidan)
Miki: Niri gehiago!
Fultxi: Niri handiagoak!
Miki: Niri dibertigarriagoak!
Fultxi: Ba niri mundialagoak!
Miki: Ergel halakoa!
Fultxi: Ba zu… joan zaitez Kuetora haize freskoa hartzera!
(Biak haserre geratzen dira)
Arti: Zer gertatzen ari da orain! Berriro ere istilutan?
Miki: Fultxik esaten du Olentzerok opari hobeagoa ekarriko diola niri baino.
Arti: Horiek tontakeriak besterik ez dira, norberak nahi duena eskatzen dio eta Olentzerori. Beraz, norberaren oparia da onena.
Fultxi: Nik esan dudana. Nirea onena!
Arti: Goazen hemendik, Olentzero etxera etorri behar zaigu eta…
Narratzailea: Epa lagunak!
Miki eta Fultxi: Epa, Iepa, Giropaaaa
Narratzailea: Ejem. Kontuz ibili gau honetan. Inguruan estralurtar batzuk ikusi izan dira eta Sorgina Pirulina baino arriskutsuagoak omen dira…
Arti: Goooazen ba etxerantz!
Miki eta Fultxi: Baaaaai!
GABON GIROKO MUSIKA
Narratzailea: Beno, istorioarekin jarraituko dut. Esaten ari nintzenez, Gabon Gaua zen eta haur eta gazteen bihotzak zoriontasunez beterik zeuden…
GABON GIROKO MUSIKA
1 Haurra: Ni oso ona izan naiz aurten eta primeran portatu naiz. Ziur naiz Olentzerok eskatutako bizikleta ekarriko didala… kasko eta guzti!
2 Haurra: Ba nik ez dut oparirik eskatu aurten!
1 Haurra: Gaixorik zaude ala?
2 Haurra: Egia esan horrekin zerikusia du! Nire ahizpa txikiak gripe bat hartu eta gaixorik dabil. Azkar sendatzea eskatu diot Olentzerori. Gabonetan berarekin jolastu nahi dut eta!
1 Haurra: Aaaa! Orain ulertu dut! Sendatuko da, lasai… Zer dira horiek?
ESTRALURTARREN MUSIKA
1 Estralurtarra: Lurtarrak, zuen ordua heldu da!
2 Estralurtarra: Zuek izan zarete gure espaziuntzia bota duzuenak, ordainduko duzue!
Haurrak: Nola??? Broma bat al daaaaaaaooooo!
LASER EFEKTUA (Laser pistolarekin izpia bota eta paralizaturik geratzen dira.)
1 Estralurtarra: Eta orain… Olentzero hori harrapatuko dugu. Kar, kar, kar…
2 Estralurtarra: Bai, Olentzero, Lurrako presidentea dela dirudi. Hori da harrapatu behar duguna. Mendekua! Kar, kar, kar.
GABON GIROKO MUSIKA
Narratzailea: Bitartean Olentzerok opariak banatzen hasi behar zuen… beno, ezin dut istorio honekin jarraitu ezer gertatuko ez balitz bezala… Olentzero eta Mari Domingi abisatu behar ditut.
ESTRALURTARREN MUSIKA
1, 2 Estralurtarrak: Zu ez zara inora joango! Olentzero harrapatuko dugu. Mendekua. Kar, kar, kar..
OLENTZEROREN KANTA
Olentzero: (Zerrenda begiratzen.) Pablo, Borja, Irune, Laura, Nahia, Miki, Fultxi… den-denak daudelakoan nago.
Mari Domingi: Olentzero. Beti bezala azken momentuan zerrenda berrikusten. Ez nizun esan denborarekin egiteko? Orain opariak banatzeko ordua da eta ez zerrenda luze hori begiratzekoa!
Olentzero: Beno, hasiko gara ba. (Zakuan bilatzen) Hemen izan behar nituen…
ESTRALURTARREN MUSIKA
Mari Domingi: Olentzero! Begira haur hauek! Zer edo zer gertatu zaie!
Olentzero: Nola?
1 Estralurtarra: Harrapatu zaitugu Olentzero presidentea!
Olentzero: Presidentea???
LASER EFEKTUA
2 Estralurtarra: Eta zu Olentzeroren ama izango zara!
Mari Domingi: Olentzeroren ama! Alajaina! Hori baina ez zitzaidan falta entzutea! Emango dizut eman, kakalardo berde halakoa!
LASER EFEKTUA
(Izpia bota eta estatua bat bezala geratzen da.)
Estralurtarrak: Lurra konkistatu. Mendekua, mendekua!!
PAILAZOEN MUSIKA
Arti: Pazientzia izan!
Miki eta Fultxi: Berandutzen ari da! Non da Olentzero?
Fultxi: Agian, estratosferikoek harrapatu dute. Uuuuuuu!
Miki: Estratosferikoek ez, extroprizioek esan nahi duzu!
Arti: Etorriko da, lasai! (Entzuleei begira) Ezta, lagunak?
Miki: Nola?
Fultxi: Zer diote haur hauek?
Arti: Estralurtarrak etorri direla eta… Begira, Olentzero, Mari Domingi, bi haur… narratzailea!!! Miki, Fultxi… ez beldurtu! Zerbait pentsatu behar dugu…
Miki, Fultxi: Gu ez gara beldur ez! Arti, goazen hemendik! Laguntzaaaa!
Arti: Ideia bat dut!
Miki: Etxera joatea!
Fultxi: Zulo bat egin eta bertan ezkutatzea!
Arti: Eeez, entzun! Zuek hemen geratuko zarete eta estralurtarrak zuek harrapatzera etorriko dira.. orduan… (belarrira)
Miki: (Publikoari begira. Begi borobil borobilekin) Ongi. Gu (dardarka, izpien efektuak imitatuz) eta zu atzetik, punba!
Fultxi: Hori gu… (dardarka) Ai ene… etxera joan nahi dut!
Arti: Ixildu, badatoz eta… Azkar!
(Arti Olentzeroren tokian jarri eta bate bat zakutik hartzen du.)
ESTRALURTARREN MUSIKA
Miki: Begira Fultxi, bi letxuga ibiltari!
Fultxi: Ez, Miki, kakatuak dira…
1 Estralurtarra: Adarra jotzen? Ikusiko duzue! (Pistolarekin apuntatu eta Artik atzetik ematen die. Estralurtarrak lurrera erortzen dira eta negarrez hasten dira.)
PANDEROAREKIN BI KOLPEEN EFEKTUA
Estralurtarrak: Ai, ai, ai, ai.
Estralurtarrak: Amatxooooo! Etorri!
Pailazoak: Amatxo, etorri???? (Harridura)
ESPAZIOKO MUSIKA
Ama estralurtarra: Azkenean aurkitu zaituztet! Non zenbiltzaten galaxian galdurik? Eta gainera lurtar hauek molestatzen? Ikusiko duzue etxera itzultzean! (Belarritik tiraka altxatzen ditu. Pailazoak, harriturik eta beldurturik, biak batean.) Barkatu. Bi mozolo hauen ama naiz, arratsaldean nire espaziuntzia baimenik gabe hartu eta hemen ditut, Lurra menperatzen! Ai ene! Zer egin diezue gaixo hauei? LASER EFEKTUA (Beste tramankulu batekin haurrak, Olentzero eta Mari Domingi esnatzen ditu, ez ordea narratzailea.) Eta orain, barkamena eskatu lagun hauei!
Estralurtarrak: Barkatu!
1 Estralurtarra: Gu beldurtu egin ginen espaziuntzia erortzean, eta eraso bat zelakoan geunden.
Olentzero: Barkatuta zaudete eta gainera opari bat emango dizuet gure planeta ez ahazteko.
Estralurtarrak: Eskerrik asko Olentzero!
Olentzero: Eta zuei Arti, Miki eta Fultxi pailazoak, esker mila. Zuei esker Euskal Herriko haurrak ez dira esku hutsik geratu eta.
Mari Domingi: Haurrak, berandu da. Etxera abia zaitezte eta geroxeago pasako gara opariekin. Lasai egon Menat (2. haurra) zure ahizpa sendatuko da eta.
Haurrak: (Olentzero eta Mari Domingi besarkatuz) Gero arte!
2 Haurra: Eta zuek (estralurtarrei) nahi duzuenean etor zaitezkete gurekin jolastera!
1 Haurra: Hori, hori, nahi duzuenean etorri. Ongi pasatuko dugu eta!
Olentzero: (Jendea etxera bidaltzen) Beno, denok etxera orduan. Nire lana egin behar dut eta!
GABON GIROKO MUSIKA
(Narratzailea esnatzen da eta erdi lo mikrofonorantz abiatzen da.)
Narratzailea: Gabonak ziren eta urtero legez Gabon Gauean, Olentzero eta Mari Domingi oparien prestaketarekin amaitzen ari ziren. Beti bezala opari ugari zituzten banatzeko. (Atzera begira. Denak keinuka) Nola? Istorioa amaitu egin dela? Ba ez naiz ezertaz enteratu. (Bizkarra altxatuz) Hala zan ala ez bazan sar dadila espaziuntzian eta irten dadila urrutiko galaxia batian!
OLENTZEROREN KANTA
AMAIERA
© Fultxo Crespo Ortigosa (Aitzol Mendiolak zuzenduta) - Erentzun Ikastola 2004
![]()