Nafarroako Gobernua
Nafarroako ondarea / Patrimonio de Navarra / Heritage of Navarre

Itzea Etxea

Itzea Etxea

Baroja familiaren etxea da Itzea, auzoari izen ematen diona. XVII. mendearen azkenaldian Linazasorok, Garayk eta Galarragak eraikitako etxea dugu. Ikus daitekeenez lau isurkiko teilatuak estaltzen ditu etxeko hormak; teilatu azpiko zurezko habe guztiak herriko arotz batek irudiz eginak dira, errenazimenduko estiloa oinarri hartuta. Etxearen aitzinaldea eta ataria hiru solairutan banatuak daude. Sarreran zutabe toskanarrak daude, Karlos II.aren garaiko aztarnen isla. Leiho ugari ditu, 25 inguru, denak tamaina ezberdinetakoak eta altuera desberdinetan kokatuak. Bertzalde, egitura horizontala du etxeak orokorrean eta barrokoaren garaiko marrazki batzuk daude etxeko zutabeetan. Eraikin noblea dela ezin dugu ukatu.
Barojatarrek 1912an erosi zuten Itzea etxea. Bertan gauzatu zituzten haien lanen zati garrantzitsuenak Carmenek, Piok, Ricardo Barojak eta Julio Caro Barojak.
Julio Caro Baroja Euskal jatorriko antropologoa, historialaria eta hizkuntzalaria izan zen. Madrilen 1914ko azaroaren 13an jaio zen arren, Beran igaro zituen urte gehienak, azken egunak barne. Beran hil zen, 1995eko abuztuaren 18an. Hango kanposantuan dago lurperatuta, Baroja familiak duen panteoian. Etxea Barojatarrena da oraindik baina pribatuan mantentzen dute.
Errekaren bertze aldean, Jorge Oteizak Pio Barojaren omenez egindako oroitarria dago. Pareko etxeko artekan, aldiz, (Domiñenean) XIX. mende inguruan harrian zizelkatutako hiru aurpegi esanguratsu.

 

Berako Labiaga Ikastolako ikasleek egina.