Nafarroako Gobernua
Nafarroako ondarea / Patrimonio de Navarra / Heritage of Navarre

Olaztiko Batueko Iturria

Olaztiko Batueko Iturria

Antzinako bide bat da, mendeetan zehar olaztiarrek, San Joan gauean, Batueko iturrian udako solstizioa ospatzera joateko erabiltzen zutena. Ibilbidea desagertutako baseliza baten ondoan dagoen Belengo iturritik ere pasatzen da. Burunda ibaia ondoan izango dugu eta haritz amerikarrez osatutako basoan barrena igaroko gara.
Distantzia: 5,9 kilometro
Malda: 120 metro
Ibilbidea egiteko denbora: ordu 1 eta 45 minutu
Iturri honen ura Urbasatik dator. Han, euri-ura kareharrien pitzaduretatik pasatzean kareharriak disolbatzen ditu, eta ondorioz, uraren kare kantitatea handitu egiten da. Grabitate-indarrak lagunduta ibarrerantz abiatzen da lurrazpitik, eta han zenbait iturburutatik ateratzen da: Belengo iturri honetatik adibidez.
Iturri honek bidearen bestaldean zegoen baselizari zor dio izena. Baseliza tenplu sendoa zen, harlaingaitzezko pareta lodi eta kontrahormak zituena. 1971. urtean, baseliza hondatzeko zorian zegoela ikusita, hura botatzea erabaki zuten. Baselizaren zenbait material parrokiako eliza konpontzeko erabili zen.
Bidea jarraitu eta Burunda ibaia gurutzatuko dugu, harrizko zubi eder batetik. Aurreraxeago, Ziordiko pistatik joanda, Alduiako edo Fandoilarko bideen artean hauta dezakegu gure jomugara heltzeko: Batuekoko iturria.
Behin aldapa txiki bat igo ondoren, basoan sartuko gara. Haritzen artean eta erreka txiki bat edo beste pasatu ondoren, txangoaren amaierara iritsiko gara.
Batueko iturria 
Iturri honetako ura berezia da, usainarengatik nahiz zaporearengatik. Bestalde, ura erortzen den tokia zuri-zuri dago. Hori kaltzio eta magnesio sulfatoen prezipitazioen ondorioa da. Ur honek gatz mineral asko eta amonio, sodio eta materia organikoen kontzentrazio handiak ditu.
Olaztiarrek antzina-antzinatik ospatu dituzte erromeriak iturri honen inguruan. Lehen, San Joan bezperan, iturriraino igotzen ziren, herriko plazan suen gainetik salto egin ondoren. Batuekoko iturriaren ondoan suak piztu, eta iturriko urarekin prestatutako txokolatea jaten zuten. Azaleko gaixotasunen bat edota erreuma zutenek gorputza lohiarekin igurtzi edo ur horrekin garbitzen zuten. Gaur egun ere herriko kuadrillak Batuekora igotzen dira San Joan egunetik gertuen dagoen larunbatean.

 

Altsasuko Iņigo Aritza Ikastolako ikasleek egina.