Errioxako mugan, euskararen sugarra bizirik mantentzen duen txokoa gara. Guraso talde kementsu baten ametsa izan zena errealitate bihurtu da gaur egun, eta harrotasunez diogu: hemen, euskarak arnasa hartzen du, eta gure haurrek euskaraz egiten dute amets.
Ibaialde Ikastola 1980ko hamarkadan sortu zen Lodosan. Hasieran, ikastola txiki bat zen, baina denborarekin hazi egin da, eta gaur egun Lodosa eta inguruko herrietako familiek aukeratzen duten hezkuntza-erreferente bihurtu da.
Nafarroako hegoaldeko mugan kokaturik, hizkuntzaren erronkei aurre egiteaz gain, hezkuntza-eredu aurrerakoi eta inklusiboa ere sustatzen dugu. Adinartekotasuna bezalako balio pedagogikoekin, ikasleek ezagutza akademikoa eskuratzen dute, baina baita elkarbizitza, lankidetza eta errespetua bezalako balioak ere.
Gaur, gure 6. mailako ikasleak, Unax Lana Espinosak, bere Lehen Hezkuntzako etapa amaitzear egonik, urte guzti hauetan ikastolaren eskutik jasotako balore aberasgarrienak gurekin partekatu nahi izan ditu: “Euskal kulturaz eta adinartekotasunaz inguraturik hazi naiz eta oso harro nago horretaz”.
Hasteko, ikastolen eskutik jasotakoaren inguruko hausnarketa egin du. Egia da, eskualde honetan hizkuntza-aniztasuna oso nabaria dela. Izan ere, euskara eta gaztelaniaz gain, beste hainbat hizkuntza ere entzun daitezke gure kaleetan, bertan bizi diren jatorri anitzeko familiak direla medio. Testuinguru honetan, gure ikastolak funtsezko lana egiten du euskararen transmisioan eta erabileran, eta nola ez, ikasleei ingurune euskalduna eskaintzeko ahaleginean. “Badakit ikastolan ikastea ez dela edozein eskolatan ikastea bezalakoa. Ikastola honek gure lurraldeko, Euskal Herriko, hizkuntza ikasteko aukera emateaz gain, sentitu dut ikastola ez dela soilik alor akademikora mugatzen. Ikasleen garapen integrala sustatze aldera, euskal kultura oinarri hartuta lan egiten duela nabaritu izan dut urte hauetan zehar” dio.
Unaxek, bestalde, gurasoen parte hartzea eta auzolana goraipatu eta ezinbesteko lana bezala azaldu du: “Ikastola ez da irakasle eta ikasleen arteko zerbait soilik, gure gurasoen parte-hartzearekin eraikitako zerbait da, askotan ikusi baititut nire gurasoak ikastola hobetzeko egin beharrekoak egiten; auzolanetan, udan, ikastolak antolatutako ekintza ezberdinetan, etab.”
Gure ikastolan, adin ezberdinetako ikasleak batera daude gelan. Elkarrekin aritzeak, ikaskuntza aberasten duela uste dugu, txikienek nagusiengandik ikasiz eta nagusiek beren ezagutzak errotuz. Harreman sendoagoak sortzen dira, komunitatearen kohesioa indartuz eta elkarrekiko errespetua sustatuz. Horrez gain, autonomia eta erantzukizuna ere lantzen direla ikusten dugu, adin nagusiko ikasleek lidergoa hartuz eta txikienek eredugarritasuna jasoz.
Beraz, esan genezake adinartekotasuna ez dela antolaketa modu hutsa eta ez dela irakasle edo gurasoen ikuspuntu soila. Ikasle batzuk baieztapen hau berretsi dute. “Txikiekin lan egitea ahalbidetu dit eta honek nire egunerokotasunean laguntzen nau. Gainera, ikastolako adinartekotasunagatik ikasi dut besteei laguntzen eta hori egunerokotasunean praktikan jartzen dut. Horretaz gain, talde lanerako estrategiak ere ikasi ditut”, dio Unaxek.
Unaxen hitzek argi uzten dute Ibaialde Ikastolak eskaintzen duen bidea: euskararen sustapena, komunitatearen indarra eta bizipen aberasgarriak. Hasierako guraso taldearen ametsa bizirik dago oraindik, eta belaunaldiz belaunaldi, ikastolak ezagutza transmititzeaz gain, identitatea, konpromisoa eta elkartasuna ere sustatzen jarraituko du.
Gaur, Unax agurtzen dugu, baina ez betirako, baizik eta “laster arte” esanez. Bera bezalako ikasleak dira gure ikastolaren iragana, oraina eta etorkizuna eraikitzen dutenak. Orain, bide berri bati ekiteko garaia iritsi zaio, baina ikastolako bizipenak betiko eramango ditu.
“Ia pertsona guztiei bezala, niri ere iritsi zait momentua: Lehen Hezkuntza utzi behar dut. Urte hauetan ikastolan oso ongi sentitu naiz, bai irakasleekin, bai lagunekin ere, eta zaila izango zait haiek uztea. Agur ikastola, faltan botako zaitut”.