2025/03/13

40 urte Argia pizten

Argia Ikastola 1984ko azaroaren 5ean sortu zen, bost ikaslerekin. Hasierako urteetan ilusio handiz ekin zioten erronkari. Beterri peñan hasitako proiektua urteekin indartuz joan zen, gaur egungo Fontellasko eraikina eraiki arte. Lehen urteetan, ikasle kopurua etengabe hazten joan zen: 1985ean 17 ikasle izatetik, 1989rako 40ra iritsi ziren. 1992rako, 75 ikasle eta 6 irakasle zeuden, eta laster 200 ikasleko muga gainditu zuten. Gaur egun, Argia Ikastola euskarazko hezkuntzan erreferentea da Erriberan.

40. urteurreneko ospakizunak
Urteurren borobila behar bezala ospatzeko, Ikastola Lagun elkarteak eta ikastolako ekitaldi batzordeak hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Dagoeneko ikastolaren historiari buruzko argazki erakusketa egin da. Data garrantzitsuena apirilaren 12a izango da, egun horretan Ikasfest jaia ospatuko baita. Lehenengo ekitaldi bat egingo da, eta ondoren, Fontellasen jarriko den karpan, bazkaria eta kontzertuak antolatzen ari dira. Bertan, ikasle, ikasle ohi eta familiekin hainbat ekintza ere burutuko dira.

Horrez gain, urtero egiten den arte erakusketa prestatzen ari dira irakasle eta ikasleak, eta aurten gaia 40. urteurrena izango da. 40 urte hauetan, Argia Ikastolak ikasleei hezkuntza, euskal kultura eta komunitatearen balioak helarazi dizkie. Ospakizun hauek komunitate osoarentzat une bereziak izango dira, eta, horrela, urtez urte ikastolaren historia eraikitzen jarraituko dute.

Zer izan da ikastola zuretzat?
Urte hauek guztietan, ikasleak izan dira Argia Ikastolaren bihotza. Horregatik, hainbat belaunalditako ikasleen testigantzak bildu ditugu.

Amets Oyon Sanz
Itsas Biologoa eta Influencerra


Ikastolan igarotako uneak nire bizitzako garairik goxo eta ederrenetakoak izan dira. Han bizi izandako oroitzapenek nire bihotza berotzen dute. Gogoan dut lehenengo eklipsea ikusi nuen eguna, elurrarekin jolastu nuen lehen aldia, bihotza lehen aldiz apurtu zidatenekoa edota ikastolari agur esatean malkotan urtu nintzen unea. Ikastolak oroitzapen politak ez ezik, bizitzarako ikasketa handiak ere eman dizkit. Txikitatik euskaraz aritu ahal izatea oparirik handienetako bat izan da, eta, horregatik, beti sentituko naiz eskertuta.

Jessica Larrasoain Jimenez
Marketinga sare sozialetan


Ikastola niretzat bizitza osoa da. Oroitzapen onak ditut, eta bertan lagun eta harreman politak egin ditut. Niretzat, familia bat bezalakoa da, eta nire bizitzan eragin handia izan du. Euskara jakiteak eta euskaraz ikasteak beste hizkuntzak maitatzen lagundu dit, baita horiek ikasteko erraztasuna ere ematen du. Oso harro eta pozik sentitzen naiz nire seme-alabak ikastolara ekartzeagatik. Gainera, ikastolaren lan egiteko modua asko gustatzen zait, eta, horregatik, jende askori gomendatuko nioke.

Peru Elejalde Gil
Nekazaritza Ekologikoko eta Paisajismoko eta Landa inguruneko goi-mailako Teknikaria


Etxe moduko bat da, denok bihotzean eramaten dugun etxea. Azken batean, bertan eman ditugu gure lehen pausoak eta handik atera gara mundu berri baten bila. Nire ustez denok gordetzen dugun oroitzapen polita da eta han finkatu ditugu gure izaera eta balore asko. Ikastolak euskara eman dit, nahiz eta etxean ere izan, bertan egunerokoan erabiltzen irakatsi digute. Horregatik, Erribera berri batean sinistea ere erakutsi dit. Gaur egun, Mahasgintza eta Ardogintza goi-mailako ikasketak egiten ari naiz.

Arkaitz Martin Echevarria
Mekanikaria

Niretzat, ikastola euskarari eusteko eta gure nortasuna ez galtzeko indarra ematen duen lekua izan da. “Euskal Herrian euskaraz hitz egiterik ez bada…”. Bizitza osorako lagun onak egin nituen. Gaur egun, mekanikari lanetan ari naiz.

Julen Munarriz Clavijo
Euskal Filologian graduatua


Niretzat, ikastola oso berezia da, familia handi bat delako. Bertan, irakasleekin, ikaskideekin eta langileekin harreman bereziak sortzen dira. Horrez gain, ikastolak gauza polit asko eman dizkit, hala nola euskara ikasteko aukera eta beste hizkuntzak maitatzen ikastea.

Arrate Bergara Igartua
Pilotaria eta Psikologian Graduatua


Argia Ikastola niretzat oso berezia da, han hazi bainintzen eta gaur egun dakizkidan hainbat gauza han ikasi nituen. Euskal kultura ezagutzeko aukera eman zidaten, eta, horrez gain, hizkuntzaren balioa ere erakutsi zidaten. Horregatik, harro esaten dut edozein lekutara joaten naizenean Argia Ikastolatik natorrela. Alde batetik, pilotaria naiz Emakume Master Cup-eko enpresan, eta bestetik, Psikologiako ikasketak eta masterra egin ditut. Gaur egun, Ulma enpresako Pertsonen Sailean ari naiz lanean.

 Dokumentua ikusi


Itzuli

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu