2024/12/02 | Argia Ikastola

ARGIA IKASTOLA, 40 URTE 6 BEGIRADA

1984ko azaroaren 5ean kokatzen da Argia Ikastolaren sorrera. Data horretan, 5 ikasleko talde bat euskarazko hezkuntza jasotzen hasi zen guraso talde baten ekimenari esker. Hasierako urte horietan peña bateko instalazioak erabili ziren klaseak emateko. Ondoren, etxebizitza txiki baten beheko solairua prestatu zen eta, azkenik, garai batean behitegi bat izan zena erabili zen.

1995. urtean lan eskerga egin zen Tuterako lehen Nafarroa Oinez antolatzen eta gaur egun Fontellasen ditugun instalazioak eraikitzen. Bi mugarri horiek irakaskuntzarako baldintza egokiagoak izaten lagundu zuten. Halaber, 1995eko ekainean, Argia Ikastolako lehen ikaslea graduatu zen OHOn.

Geroztik gure Ikastola asko hazi da, eta hasierako bost ikasleak, bost familiak eta lanean hasi zen lehen irakaslea biderkatu egin dira. Hau guztia familia, irakasle, irakasle ez diren langile, eta Erriberako nahiz Erriberakoak ez diren beste pertsona askoren inplikazio eta lanaren erakusgarri da, Argia Ikastola errealitate bihurtzeko lan egin baitute.

Ikasturte honetan 40. urteurrena ospatzen du Argia Ikastolak. Ekitaldi ugari antolatuko dira eta LH5 eta LH6ko ikasleok gure ekarpen txiki bat egin nahi izan dugu lerro hauen bidez. Jarraian, urte hauetan Ikastolatik pasa diren eta baita gaur egun bertan dauden lagun batzuen begiradatik hurbilduko gara Argia Ikastolara.

GALDEKETA
1. Zure hitzekin ikastola definitu.
2. Ikastolan bizi izandako momentu bat kontatu. Egoera zehatz bat.
3. Ikastolari kolore bat jarri.

Leire Anderez (DBH 4ko ikaslea). 1. Ikastola nire bizitzako espazio esanguratsu bat da, non gauza asko ikasi eta ikasten jarraitzen dudan, jendea ezagutu eta momentu politak bizi izan ditudan. 2. Momentu zehatza baino, egun bat aukeratuko nuke, Olentzero eguna. Txikitatik oso bereziak izan delako. 3. Kolore urdina jarriko nioke.

Iñaki Zabala (irakaslea)
. 1. Hezkuntza eta hazkuntza espazio bat, non euskararen eta euskaldun izatearen baloreak transmititzen diren giro familiar eta gertuko batean. 2. Iazko ikasturtean ikasle batek urteak zeramatzan bizikleta ukitu gabe. Bardeetako Bizikleta Martxa prestatzen hasi ginenean, ikasle horrek beldur handia zion bizikleta gainean jartzeari, baina pixkanaka, laguntzarekin, konfidantza irabaziz joan zen. Azken saioetarako bizikleta gainean irrifartsu ikusten zitzaion eta azkenean, Bardeetako Martxan, asko gozatu zuen. 3. Berdea, hazkundea, freskotasuna, natura eta etorkizunaren kolorea delako, eta ikastolak hau guztia islatzen du nire ustez.

Amaia Ochoa (ikastolako ama). 1. Ikastetxe modernoa, jasangarria, familiarra eta ikasle bakoitzaren erritmoa eta beharrak kontuan hartzen dituena da. Gure seme-alabek 3 hizkuntza ikasten dituzte eta oso modu naturalean ikasten dute komunikatzen. 2. Nire alaba, Uxue, bi urterekin eramaten nuenean ikastolara. Eskutik helduta sartu ginen gelan eta, oso giro lasai batean, eseri, ipuin bat hartu, lagunekin elkartu, eta oso modu goxoan elkar agurtu genuen. Oso momentu politak eta zainduak ziren, gure ikastolan gauzak zein ongi egiten diren adierazle. 3. Berdea, alaitasuna eta bizitza islatzen dituelako.

Itziar Irujo (ikastolako ama eta langilea). 1. Argia Ikastola nire etxea da. Nire gurasoek beste 4 familarekin sortu zuten esfortzu handia eginez. Nire familia ere bada. Nire ustez, bertako haur, langile eta familia guztientzat ikastola etxea bezalakoa da. 2. Gaurko ikastolara (Fontellasera) etorri ginen lehenengo eguna. Ze handia eta ze polita! 3 pisu izugarrizko patioekin, sukaldea, jantokia… Niretzako amets polit bat bete zen egun hartan. Tuterako Ikastolako familia handitu zen eguna izan zen. 3. Horia, hau transmititzen didalako: dibertigarria, baikortasuna, poza, eta, nola ez, argia.

Mª Jose Andueza (ama eta sukaldari ohia)
. 1. Heziketa zentro bat baino gehiago da. Baloreak transmititzen diren lekua, euskal kultura… Familia handi bat. 2. Alabak ikastola bukatu zuenean momentu hunkigarria izan zen. Pozik eta triste sentitu nintzen era berean. Pozik, alaba beste fase bat hasi behar zuelako eta triste ikastolatik joaten zelako. 3. Berdea, etorkizunarengatik eta esperantzarengatik.

Iñigo Lipuzkoa (ikastolako aita)
. 1. Niretzat ikastola ikastetxe bat baino gehiago da, non proiektuak, balore eta ahaleginak partekatzen ditugun familia guztien artean. 2. Dudarik gabe, Olentzero eta Mari Domingi ikastolara etortzen diren eguna da. Urteko egunik bereziena iruditzen zait, nik bizi izan dudan politena. Ni Ikazkinaren laguntzailea naiz. 3. Ikastola leku koloretsu bat da: aniztasuna irudikatzen duena eta ezberdintasunarekiko errespetua bultzatzen duena.

 Dokumentua ikusi


Itzuli

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu