Oihan Obregozo Martiarena, gure ikastolako ikasle ohia, 20 urteko gaztea da, burugogortzat hartzen du bere burua, zerbait nahi duenean ehuneko ehuna ematen du lortu arte, baina aldi berean sentibera dela dio. Txikitatik trebetasun pila erakutsi zuen, baina zalantzarik gabe ikastolan, ikasketetan eta kiroletan nabarmentzen zen. 6-7 urterekin hasi zen futbola praktikatzen Baztango KE-an, bere lagun guztiek izena eman zutelako. Hasieran jokalari izan nahi zuen, baina defentsa zentral gisa jarri zutenez eta ez zitzaionez gustatu, atezain izatea aukeratu zuen.
Gaitasun bikainak erakutsi zituenez postu horretan gelditu zen. 11 urte zituenean Realak fitxatu egin zuen, Zubietara eraman zuen astean 3 egunez, astelehen, asteazken eta ortziral entrenatzera. Hasieran dena bikaina zen, eta poz-pozik zegoen, baina ibilbidea hasieratik gogorra izan zen: institututik irten, ordu erdian bazkaldu eta taxian entrenatzera joan behar izatea. Egun askotan gaueko 11etan itzultzen zen etxera. Eta hori gutxi balitz asteko bertze bi egunetan Baztango Txaruta Pilota Elkartean aritzen zen esku pilotan. 2 urte horiek arras politak baina nekagarriak izan zirela onartu zigun baztandarrak. 13 urterekin bere gurasoek, familiako bazkari batean, Realak Donostiako egoitzara eramango zutela erran zioten, momentu hori beretzat izugarria izan zen. Nahiz eta ziurgabetasunez beterik egon, sinestezina izan zen. Baina aitzineko aldaketan bezala, 13 urterekin etxetik kanpo gelditu behar izatea salto handia izan zen beretzat. Hala ere, urte horietan egin zituen lagunak, gaur egun ere mantentzen dituela kontatu zigun.
Aitzinekoan bezala hasierako ilusioa izugarria zen. Realean jokatzearen presioa txikitatik sentitu zuen. Partidu ona egiten zuenean sentipenak ederrak ziren, geldiezina sentitzen zen; baina partidua nahi bezain ongi joaten ez zenean kezkak, ezinegona ezin ziren kontrolatu eta hori guztia txikitatik kudeatu behar izatea ez zen lan erraza izan.
14 urterekin lehenengo aldiz bere buruari galdetu zion ea beharrezkoa zuen bizitza osoan presio hori eustea, ea hori nahi zuen beretzat. Hala ere, ohartzen zen jokalari aunitzen ametsa betetzen ari zela eta aitzin egin behar zuela, nahiz eta bidea ez zen denek uste zuten bezain erraza.
Kanpotik futbolari baten ibilbideak idilikoa dirudi, baina Oihanek kontatu zigun arras guti iristen direla goi mailako futbolariak izatera. Gauza askori uko egin behar zaiola, sakrifizio handia dagoela ibilbide guzti horren gibelean.
Berak zorte handia izan zuen, bere gurasoen babesa hasieratik izan zuelako, entrenamenduetatik edo partidoetatik etxera etortzen zenean bere gurasoen galdera zera zen: “Zer moduz pasatu duzu?”. Partiduaren emaitza gutienekoa zen. Beraientzat garrantzitsuena bere ongizatea zen. Bere hurbilean guraso guztiek ez zuten berdin jokatzen eta futbolari gaztetxoentzat familien babesa izatea ezinbertzekoa da.
14 urtetatik bueltaka ibili zen gora beherekin, baina 18 urterekin zintzo jokatu zuen bere buruarekin eta futbola uztea erabaki zuen. Goi mailara iristea arras zaila ikusten zuen eta ez zuen erdiko maila batean aritu nahi. Ez zuen txikitan bezala disfrutatzen, edo jada ez zion merezi egin beharreko ahalegin guztiak. Hortaz, uzteko momentua zela sentitu zuen.
Realekoekin batera hartu zuen erabakia, baina Realak beraien egoitzan lanean aritzea eskaini zion eta horretan dabil bigarren urtez. Gazte fitxatu berriei harrera eta jarraipena egiten die, psikologia ikasketak egiten dituen bitartean.
Realean egon ondoren futbol munduan “estatus” bat ematen dizu eta futbol talde askotatik jaso ditu eskaintzak baina hartutako erabakiarekin gustora dago. Gainera, gaur egun pilotaren mundura itzuli da eta arras motibatuta dago.
Hona hemen Oihanek elkarrizketan eskaini zizkigun momentu berezi batzuk:
- “Lagun onak beti poztuko dira zure lorpenekin, eta zoritxarrez, agian bertze batzuk, lagunak zirenak uste zenituenak, ez dute zintzo jokatuko zure lorpenekin eta horri aitzin egitea arras gogorra da”.
- “Futbola ez da kirol garbiena, futboleko taldeak enpresak dira eta jokalari batzuei bertzeei baino aukera gehiago ematen dizkiete. Jokalari batzuei boten edo kirol-marken babesleak eskaintzen dizkiete, eta bertze batzuei, berriz, ezer ez. Denborarekin ohartzen zara ez dela hainbertzerako, baina gaztea zarenean zaila egiten da ulertzea”.
- “Nire ibilbideko partidurik bereziena Villarealen jokatutako torneo batean izan zen, finalera berdinduta iritsi ginen eta penaltietan 2 penalti gelditu nituen. Nire ibilbideko garaipen handienetako bat bezala bizi izan nuen”.
- “Etorkizunean entrenatzaile pertsonal gisa ikusten dut neure burua. Psikologia ikasten ari naiz. Behar dutenei laguntzea gustatuko litzaidake, osasunarekin zerikusia duen guztia gustoko dut. Osasun fisikoa eta mentala”.
- “Lagun aunitz egin ditut Errealean, batzuk denbora bateko eta bertzeak bizi guzirako. Berdin du ez badugu sarri hitz egiten, beharrezkoa denean badakit hor daudela eta beraiek ere badakite behar dutenerako hor nagoela”.
- “Mota guztietako kirolak gustatzen zaizkit, batez ere naturan egiten direnak eta abentura-kirolak; errugbia ere aunitz gustatzen zait”.
- “Normalean futbolari baten bizitza eta ibilbidea zoragarria dela uste dugu, diru asko irabazten dute, ezagunak dira... baina hasieratik daukagun presioa izugarria da, eta gauzak nahi dugun bezala ateratzen ez direnean gogorra da. Hutsak egiten dituzunean kritikak jasotzea, konparaketak... gogorra da”.
Futbolaz aparte, bere bizitzan gauza asko egin ditu, adibidez San Ferminetan, entzierroan laister. Arras garrantzitsua omen da: “Hasieran kontzentratuta egotea, momentuan, laister egitea eta ondotik subidoia sentitzea”.
Anaiarekin izugarri gustatzen zaio betizuen gainetik salto egitea. Txiribueltak egiten dituzte. Gehientan arras ongi moldatu dira, baina Garesen susto bat izan zuen eta oraindik zauria larruan du ikusgai. “Inoiz ez naiz futbolzale amorratua izan, baina nere aitatxi Osasuna zale amorratua zenez, txikitan ni ere Osasunakoa nintzen. Baina gaur egun talde bat aukeratu beharko banu jolasteko, baloratuko ninduketen talde bat aukeratuko nuke, garrantzitsuena baloratuta sentitzea baita”.