Lizarra Ikastolak liburutegi berri bat ireki du; ikasleen irakurzaletasuna sustatzeko bultzada garrantzitsua izango da ekimen hau. Proiektu honetan, aurreko ikasturteko Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek eta haien familiek izan dute protagonismo nagusia, izan ere, haien lanari esker, espazio berria ikasleen irudimen eta jakin-minaren etxe bihurtu da.
Ikasleen eskuek eraikitako espazioa
Liburutegi berriaren eraberritze-lan guztia iazko Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleen eta haien familien esku egon da. Talde honek ardura handiz hartu du proiektu hau, eta bere ekarpenei esker, gela osoa goitik behera aldatu dute.
Zorua jarri, armairuak eta altzariak ekarri eta liburuak maileguan hartzeko sistema propioa diseinatu dute. Horrez gain, hainbat argitaletxeri liburu berriak eskatu dizkiete, eta gainontzeko ikasleen artean egoera onean dauden liburuak bildu dituzte; guztiak sailkatuz eta haien kudeaketarako eredua adostuz.
Maiatzeko inaugurazio hunkigarria
Espazio honen inaugurazioa maiatzean ospatu zen, ekitaldi xume eta hunkigarri batean. Bertan, 4. mailako ikasleek dantzatutako aurresku batek eman zion hasiera ekitaldiari.
Ondoren, diskurtsoak entzuteko parada izan genuen, non parte-hartzaileek ikastolaren historiarekin eta liburutegiaren garrantziarekin lotutako mezuak partekatu zituzten.
Ekitaldiaren amaieran, ikasleek prestatutako otamen goxoa dastatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek: familiek, irakasleek, Guraso Batzordeko kideek, lankideek eta Ikastolako zuzendaritzak.
Irakurzaletasuna sustatzeko espazioa
Liburutegi berriak ezaugarri ugari eskaintzen ditu, ikasleen irakurzaletasuna pizteko asmoz.
Euskaraz 300 liburu baino gehiago bildu dira; eta bi sofa, lau puf eta hamaka batek osatzen dute atseden eta irakurketa gune eroso eta erakargarria.
Gela honen helburua ez da soilik ikasleei liburuak eskaintzea; irakurtzeko gune atsegin bat eskaintzea era bada, non ikasleek hitzekin jolasteko eta euren imajinazioa askatzeko aukera izango duten. Espazioak, irakurtzeko eta partekatzeko aukera eskaintzen duela, ikasleengan irakurketa-ohiturak sustatuko ditu, haien jakin-mina eta jakintza zabaltzeko bide gisa.
Elkarlanaren indarra: ikas-kuntza prozesu bat
Proiektu hau arrakasta bilakatzeko, ezinbestekoa izan da Silvia De Carlos eta Ainhoa Pérez irakasleen inplikazioa eta lan nekaezina. Haiek koordinatu dituzte ekintza guztiak, eta ikasleak prozesuan gidatzearekin batera, proiektuaren fase bakoitza xehetasunez zaindu dute. Lizarra Ikastolak bihotzez eskertu nahi du haien esfortzu eta dedikazioa; zeinak erabakigarriak izan baitira liburutegi berria errealitate bihurtzeko.
Silvia eta Ainhoaren lidergoak proiektu honek izan duen arrakasta ziurtatu du, ikasleen ilusioa eta lankidetza bultzatuz.
Lizarra Ikastolako komunitatea oso harro dago proiektu honen emaitzarekin, baina, batez ere, prozesu osoan ikasleek erakutsi duten inplikazioarekin.
Liburutegi berriaren sorkuntza-prozesua ikaskuntza-esperientzia aberasgarria izan da ikasleentzat; elkarlana, ardura eta konpromisoa sustatu dituena. Liburuak biltzetik sailkatzera, altzariak kokatzetik espazioa kudeatzera, ikasleek ilusioz eta gogoz hartu dute parte, eta honen emaitza guztiok gozatzeko moduko irakurketa txoko paregabea sortu izana da.
Liburutegi berri honek Lizarra Ikastolan irakurtzeko esperientzia erabat aldatuko du; eta epe luzera, ikasleen jakintza eta irudimenaren garapenari lagunduko dio. Orain, hitzak esku artean, eta liburuak maileguan, irakurketaren abentura hasi besterik ez da egin.