Berriki ikastolek sorturiko ingeleseko Buddy proiektu berria pasa zen ikasturtean pilotatu genuen Sakanako Andra Mari Ikastolan LH 3. mailan Euskal Herriko beste 33 ikastolekin batera. Ikasturte honetan erabateko inplementazioa izanen du.
Proposamen pedagogiko berri bat iritsi da LH 3ko Ingeleseko arlora Buddy proiektuaren bidez. “Bud” ingelesez kimua da, eta “Buddy” aldiz laguna. Hitz joko honen bitartez izendatu dugu KIMU proiektuaren gaiekin bat datorren Buddy proiektu berria.
Ezaugarri nagusiak
Ahozko komunikaziora zuzendua dago, nahiz eta irakurketa / idazketa prozesuek ere gero eta pisu handiagoa hartzen duten. Ingelesaren erabilera esanguratsua sustatzen duten egoera komunikatibo anitzak proposatzen ditu. Aurretik martxan genuen “Story Projects” proiektua bezala, “Buddy” ere istorioen dramatizazioan oinarritzen den proiektua da. Irakasleak ikasleei istorio bat antzeztuko die, mimika eta errepikapenaren bidez, ikasleak istorioaren parte bilakatuz. Ondoren, hainbat jarduera dinamikoren bitartez, istorioaren ahozko ulermena eta irakurmena landuko dira, azkenik idazketa integratuz. Horrez gain, ipuinaren bidez ikasitako hizkuntza, ipuinaren gaiarekin erlazionaturiko beste testuinguru batzuetan aplikatzeko erabiliko da; era honetan, hizkuntza eta konpetentzia espezifikoen garapena sustatuz.
Baliabide eta euskarri anitzak
Ikasleen arteko elkarrekintza eta ahozkotasuna sustatzeko, baliabide desberdinak eskaintzen ditu, hala nola, antzezlanak, hiztegiarekin erlazionaturiko jolas dinamikoak, hizkuntzaren alderdi desberdinak lantzen dituzten mahai jolasak, escape room-a...
Beste aldetik, ingelesaren entzumena, irakurmena eta idazketa, ipuin eta komikien bidez ezezik, online plataforma baten bidez ere lantzeko aukera dago. Bertan, gamifikatutako jarduerak eta abestiak aurki daitezke.
Hizkuntzaren inguruko hausnarketa
Bestalde, proiektu berriarekin, ingelesaren inguruko hausnarketa momentuak txertatu dira. Batzuetan ariketen bidez, adibidez grafema-fonema korrespondentziaren inguruan ohartzen hasteko eta beste batzuetan norberak ikasi duenaren inguruan hausnartzeko (metakognizioa), ebaluazio hezigarriago baten bidez ikasle guztiek hobetzeko aukera izan dezaten.
Materiala
Hiru ipuin eta bi komikiz osaturik dago proiektua eta ondorengo gaiak lantzen ditu istorioen bidez: unibertsoa, erromatarrak Euskal Herrian, materiaren egoera aldaketa (ura / izotza), segurtasuna eta osasuna mendian eta azkenik, uraren kutsadura.
Aurtengo esperientzia
Zalantzarik gabe, aurtengo esperientzia guztiz positiboa izan da. Andra Mari Ikastolako LH 3. mailako ikasleak buru belarri murgildu dira istorioek proposaturiko antzezlanetan, modu honetan hasiera-hasieratik ipuinak proposaturiko hizkuntzaren bidez elkarri eraginez.
Gozamenez irakurri dituzte ipuin eta komikiak eta jolasen bidez landu dute ipuinak proposaturiko hiztegia, ondoren antzerkitxoak beraiek prestatuz, lan koadernoko jarduera desberdinak burutuz eta “escape room” moduko jarduera dinamikoetan parte hartuz. Eta noski, hau guztia egunerokotasunean ingelesa erabiltzen saiatuz.
Hurrengo urteetan proiektu berri honen inplementazioa finkatuko dugu ikastoletan, pixkana-pixkana bere zuku guztia atera ahal izateko. Luzerako iritsi da Buddy!