KiVa Nafarroako ikastoletan
Nafarroako ikastolak hezkuntza-eredu berritzaile bat dira, hobeto hezitako gizarte bat, euskaldunagoa eta balio sendoak dituen gizarte bat amesten duten gurasoen eta hainbat gizarte-eragileren eskaera zehatzei erantzuteko sortu zena.
Orainetik eta etorkizunari begira, ikastolek konbentzimendu horretatik beretik jarraitzen dute lanean edukietan zein metodologietan hezkuntza-berrikuntzak txertatuz, gizarte hobe bat eraikitzeko asmo horretan laguntzeko. Horrek haurrek eta gazteek biziko duten gizartea nolakoa izango den amesteko eta irudikatzeko ariketa ba suposatzen du.
Badakigu edukiak buruz ikastea ez dela nahikoa eta, horregatik, pentsatzen irakatsiko duen hezkuntza bilatzen dugu. Ikasleek dakitena gauza berriak sortzeko, analisiak egiteko eta sormenerako erabili behar dute. Norberak dakienaz jabetuz, funtsezkoan kontzentratuz ustekabeko aldaketei edo etorkizuneko arazoei aurre egin ahalko die.
Horretarako, funtsezkoa da ikasleek balio pertsonal eta sozial sendoak garatzea (errespetatzen jakitea, enpatikoa izatea, kritikoa, solidarioa izatea...).
Gizartea eraldatzeko eta hobetzeko bokazio horrekin, eta Ikastolek hezkuntza-aukera egokiagoak egiteko duten autonomiatik abiatuta, KiVa eredua aukeratu zen 2016an, Euskal Herriko Ikastolak erakundean dauden gainerako ikastolekin batera, hezkuntza ulertzeko eta eskola-jazarpenaren prebentzioan eta tratamenduan aurrera egiteko gure moduarekin bat egiten zuen eredua zelako.
Turkuko Unibertsitateak Filandian garatutako ereduak bilatzen genituen zorroztasun eta abal zientifikoaren baldintzak betetzen zituen. Bere ezarpena inflexio-puntua izan da ikastoletan. Sareko lana izan da, programa Nafarroako Ikastolen Elkarteari atxikitako 15 ikastoletan ezarri baita. Horrela, eredua Nafarroako geografia osoko tamaina eta ezaugarri desberdinetako ikastoletan jarri da, eta aniztasun hori oso aberasgarria izan da haren aplikazioan eta garapenean.
Eskola jazarpena fenomeno globala izateaz gainera, fenomeno sozial edo taldeko fenomenoa ere bada. Eskola jazarpena Nafarroako ikastolentzat kezka nagusia izan da beti.
2016an Nafarroako 15 ikastolek eskola jazarpenari aurre egiteko Finlandiako Turkuko unibertsitateak garatutako programarekin bat egiteko hautua egin zuten. Guztira Nafarroako 4.254 ikasleri eta 739 langileri eragiten die.
Froga ziurretan oinarrituta dago programa, hau da, zientifikoki frogatu da KiVaren eraginkortasuna. Lehen hiru urtetan lehen hezkuntzan jarri zuten martxan eta 2019tik aurrera DBHn ere.
Jazarpen kasu batean esku-hartzeko eta jarraipena egiteko programa ere baden arren, KiVak bereziki prebentzioan jartzen du indar handiena. Eskola jazarpena talde fenomeno bat dela kontuan hartuta, gakoa ikasleen jarreran eragitea da, haien jarreraren eta pertzepzioaren aldaketa proposatzen du. Gelan lantzen diren unitate didaktikoen bidez lortzen da hau.
KiVak ikastola komunitate osoa inplikatzen du eskola jazarpenaren aurkako programan eta komunitate osoa inplikatuz, eskola jazarpenarekiko sentikorrago egiten dira denak, bai ikasle, bai irakasle eta langile eta baita gurasoak ere. Ikastola bakoitzak KiVa taldea dauka eta ikasle guztiek dakite beraiengana jo behar dutela. KiVa bisualki ere oso presente dago gure ikastoletan (posterrak, jolas garaian KiVa taldearen identifikazioa…).
Horrek eskola jazarpen kasu asko eragozteaz gainera, prebentzioa asko lantzen baita, gertatuz gero, haiek azkarrago detektatzea errazten du, baita kasu bakoitza konpontzeko hartu beharreko bidea eta egin beharreko urratsak erabakitzea ere.
Nafarroako ikastolek KiVaprogramaren balorazio oso positiboa egiten dute:
Nafarroako ikastolen helburua eskola jazarpenik ez egotea da. Jakin badakigu hori lortzetik oraindik urrun gaudela baina hasi dugun bidetik jarraitzeko konpromisoa dugu.
Teknologiaren erabilera nerabeengan
Ziberjazarpenaren prebalentziak kezkatzen gaitu, izan ere gure nerabeek eta gazteek teknologia egunero erabiltzen dute eta beraien bizitzaren parte garrantzitsu bat da. Erabilera hori aztertzeko asmoarekin eta, NIEko artezkaritza batzordeak eskatuta, Nafarroako ikastoletan galdetegi bat pasa genuen 2022ko azaroan.
Horretarako UNICEFek 2021ean argitaratutako ikerketan oinarritu ginen Impacto de la tecnología en la adolescencia. Relaciones, riesgos y oportunidades. Madrid: UNICEF España. Ikerketa honetan Espainiako autonomia-erkidego guztiek parte hartu zuen.
11 urtetik (LH6) 16 urte bitarteko nerabeei (DBH1-4) galdetegia pasa zitzaien ikastoletako IKT dinamizatzaileen bitartez. Beraz, nerabe eta gazte hauen pertzepzioan oinarritutako datuak dira txosten honetan plazaratzen ditugunak.
Azterlan honetan parte hartu dute 14 ikastolek , LHn (10 ikastola), DBHn (9 ikastola) edo bi etapetan (5 ikastola). Partaide kopuruari dagokionez 1398 ikaslek hartu dute parte.
Galdetegi honek UNICEFek egin bezala, gure ikastoletako nerabeek harreman, informazio eta komunikazio-teknologien inguruan dituzten joerak, interesak eta kezkak ezagutzeko aukera eman digu. Bertan ondorengo 6 arloak aztertu ditugu:
- Sare sozialen erabilera
- Egoera desegokiak (segurtasuna)
- Bideo-jokoak
- Online apustuak
- Familiak
- Ikastola
Azterlan honek ematen digun informazio guztia gure ikasleek, irakasleek eta familiek Internet, sare sozialak eta Harremanetarako, Informaziorako eta Komunikaziorako Teknologiak modu osasungarrian eta arduratsuan erabiltzeko behar dituzten jarduerak bideratzeko erabiliko dugu.