2022/12/18 | Erentzun Ikastola

Mekanografia ikastolan, txirula jotzetik teklatua jotzera Erentzun Ikastolako 6. mailako hainbat ikasle buru belarri daude hatzamarrekin idazten ikasteko.

Gaur egun edozein arlotan ordenagailua lan tresna garrantzitsua bilakatu dela ezin da ukatu. Eskuz idazten erakusten dugun bezala, gure ikasleei ordenagailuan arin idazten ere erakutsi behar zaiela pentsatzen dugu Eren-tzun Ikastolan eta horretarako, Hatz10 online aplikazioa erabiltzen dute.

Ikerketen arabera idazkera duela 3.100 urte sortu zen Mesopotamian. Etengabeko aldaketa izan du bere garaitik hona euskarri, itxura eta idazteko erabiltzen den teknologia kontuan hartuta. Gizakiak harria, zura, papiroa, buztina eta papera erabili izan ditu mendeetan zehar. 1860. hamarkadan idazteko makina sortu zen eta 1878. urtean QUERTY teklatua, gaur egun ezagutzen dugun teklen posizioa zehaztu zuena. XX. mendearen bukaeran, ordenagailu pertsonalen erabilera masiboarekin, urtez urte testuen digitalizazioak tokia kendu dio paper euskarriari eta baita eskuzko idazkerari ere.

Eskolak errealitate honetan bere burua kokatu behar du. Betidanik bere eginkizun bat izan da, eta jarraitzen du izaten, belaunaldi berriei irakurtzen eta idazten irakastea. Eskuz erakusten zaie ikasleei txiki-txikitatik eta honela izaten jarraitu behar duela ez da zalantzan jartzen. Honekin batera, adin batetik aurrera ikasgelan baliabide digitalak erabiltzen dira dokumentuak sortzeko, aurkezpenak egiteko, mezu elektronikoak bidal-tzeko, eta abar. Ikasleek gizartean beharrezkoa den konpetentzia digitala garatu nahi honetan, nolatan egon daitezke bi atzamar erabiliz idaztera behartuta?

Horregatik, duela 20 urte Erentzunen hasi ziren ikastolako proiektu pedagogikoan mekanografia txertatzen. Hau, eskola ordutegiaren barruan egiten da ikasle guztiek ikas dezaten. Urteetako esperientziaz baliaturik ikusi dute ikasteko ikasturterik egokien Lehen Hezkuntzako 6. maila dela. Maila horretan ikasleek behar duten kontzentrazio eta irmotasuna dute prozesua luzea egiten zaielako. Normalean 20 minutuko lauzpabost saio egiten dira astean, ba-tzuk ikasgelan eta beste batzuk etxean. Lau hilabetetan ikasleek oinarrizko karaktereen kokapena ikasten lortzen dute eta abiadura eta zehaztapen egokia. Gero, musika instrumentuekin bezala, norberak bere kabuz azkartasuna irabaziko du praktikaren bitartez.

Abantailak begi bistan daude: lana eraginkorragoa da eta denbora aurrezten da, pantaila eta teklatuari begira egon beharrean leku bakar batean zentratzen da atentzioa eta idaztean sortzen diren akatsak errazago ikusten dira.

Dislexia duten ikasleen kasuan abantaila izan daiteke teklatuarekin idatzi ahal izatea. Idazkera mota honetan beste prozesu kognitiboa erabiltzen denez, eskuzko idazkeran dituzten hainbat zailtasun samurtzen direla ikusi da. Bestalde, zuzenketa automatikoek laguntzen diete ekoizten dituzten testuak argiago eta biribilago izaten. Hau dela eta zenbait kasutan azterketak digitalki egiten uzten zaie ikasle hauei.

Desagertuko da idazkera tradizionala? Erentzunen ezetz uste dute. Bere tokia izan du eta jarraituko du izaten bertan gure nortasunaren zati bat islatzen delako. Gainera Sare Sozialek modan jarri dute kaligrafia sortzailea, “lettering” ingelesez, eta honen adibide eder ugari aurki ditzakegu interneten. Beraz, 3.100 urte dituen eskuzko idazkera zaharrak osasuna bikaina duela ondoriozta daiteke. Metafora polit honekin teklatu batekin idatzi dugun artikulu hau amaitu da.

 Dokumentua ikusi


Itzuli

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu