Herritik sortua, eta herriarentzat egina.
Auzolana herritarrek musutruk egiten duten lana da. Antzinatik datorkigun lankidetza sistema bat da. Auzolanak, auzotar, herritar, zein bizikideen artean auzo eta herriaren mesedetan izango diren zereginetan du oinarria. Herritik sortua, eta herriarentzat egina.
Historikoki, Euskal Herrian hagitz sustraitua egon da lankidetza sistema hau. Hasiera batean, auzokoen artean egindako lanak adierazteko erabili ohi zen. Auzoetako biztanleak bildu eta herriko bideak zabaldu, herriko eraikinak zaindu edo moldatu, zein bertzelako zereginetarako biltzen ziren auzolanean. Euskal Herrian hagitz errotua egon bada ere, Europa osoan zehar daude auzolanaren adibideak. Auzokideek ez zuten inongo ordainsaririk jasotzen euren lanaren truke, ordaina, auzo eta herriarentzat mesedea izanik. Lan mota honek, aunitzetan partaidetza bultzatzen zuen eta herriarenganako edo auzoarenganako sentipenak ere indartzen zituen.
Gaur egun, Euskal Herrian ohitura hau ia desagertu bada ere, gure artera berriz ere bueltatzen ari dela ikus dezakegu. Kasu batzuetan, antzinako sistema erabiliz eta bertze zenbaitetan, garaiko egoera berrietara egokitutako formak hartuz.
AUZOLANA ETA IKASTOLA
Ikastolen mugimenduak, jende aunitzek herri aunitzetan egindako borondatezko lanari esker hasi zuen bere bidea. Toki ezberdinetako Ikastolaren funtzionamendua bermatzeko oinarrizko tresna dugu auzolana gaur egun ere, Ikastola ttikietan batez ere, gurean erraterako.
Gure Ikastolaren ibilbidean, konta ezinak dira auzolanerako egin diren deialdiak. Batzuetan guti batzuen parte hartzearekin aski izan da, bertze batzuetan aldiz, talde ederra elkartu eta denen artean eta denontzako lanean aritu izan gara. Lan batzuk indar handiagoa eskatu dute, bertze batzuk ordea, ezagutza handiagoa, baina guztietan argi ikusi da, auzolana egin denean Ikastolako partaide bakoitzak egindako ekarpena ezinbertzekoa izan dela. Momentu guzti horiek ere, komunitate izaera, elkartasuna eta parte hartzea (familia, langile nahiz, ikasleena; baita ikasle ohi eta bazkideena ere) bezalako baloreak garatzeko aukera paregabeak bilakatu dira. Guzti honetaz gain, gure kasuan erraten ahal dugu, auzolanean aritzea, funtzionatzeko modu batean bihurtu dela, belaunaldiz-belaunaldi transmititzen den lan egiteko filosofia bat dagoela horren gibelean.
Ikastolan, alde batetik dirua biltzeko ekimenak egiten dira auzolanean, gure kasuan Bestetako ostatua edo Talo taldeak egiten duten lana, adibidez. Baina, bertzetik, dirua aurrezteko egiten diren auzolanak ere azpimarratu behar dira: lorezaintza taldea edo mantenimendu taldea, errate baterako. Bertzalde, familiak elkartu eta talde lanean egiten diren lanak ikusgarriak izaten dira, negu honetan 200 metro karratuko idorpe bat egin da, erraterako.
Auzolanaren filosofia horrek Ikastolako langile, irakasle, ikasle eta gurasoak ere bustitzen ditu, eta itzalean baldin bada ere, egunero-egunero borondatezko lan ttikiak egiten ari diren jende aunitz ari da Ikastolaren inguruan. Lan egiteko modu honek bereizten du Ikastola bertze ikastetxeetatik bertze deusek baino gehiago, eta azken finean ikasleek ere hori ikusten eta ikasten dute. Ikastolan ikasten ahal duten gauzarik garrantzitsuenetakoa da auzolanean aritzearena, bizi guztian arlo desberdinetan erabiltzen ahalko duten tresna bat delako.
LANTALDEAK ETA ANTOLAKETA
Jarraian izendatuko ditugun lantaldeak ikastolan borondatezko lanean ari diren lantaldeak dira. Denen batuketa eginez gero, urtearen buruan, lan batean edo bertzean parte hartzen duten 100 pertsona baino gehiago ateratzen dira familia eta langileen artean. Labiaga ikastolan 130 bat familia gaudela kontutan izanik, ez dago batere gaizki.
AZKEN URTEETAKO AUZOLANEN EMAITZAK: