2020/06/14 | Iñigo Aritza Ikastola

Artea Kalea, denbora eta aldaketekin jolasean

Ikastolaren helburua beti izanda, dagoen inguruari, herriengandik gertu egon eta ahal duen guztia eskaintzea. Ikastolak, ez baititu soilik haurrak euskaraz hezten, sortzaileak, kritikoak, eta azken finean pertsona askeak sortzeko fabrika izateko bokazioz sortu ginen duela 50 urte.

Arteari loturiko egitasmo hau bi urtez behin egiten dugu Sakanako ikastolok eta aurtengoa bosgarren edizioa da. Aurrez, beste disziplina eta artisten zein idazleen laguntzarekin burutu izan dira.

Aurtengoan, denboran zehar gure herrietako espazioak (edo ohiturak) zer nolako aldaketak jasan dituzten aztertu dugu, denboraren poligrafoak egungo errealitatea efimero bilakatzen duela azalaraziz. Sorkuntza prozesu honen bidez, beraz, gure ikasleek egungo errealitatea aldaezina auzitan jarri dute eta ikusi denborak egun aldaezin eta betiko dela erakusten diguna ez dela horrela. Modu honetan, espazioek izan dituzten aldaketak, edota ohiturek eta tradizioek jasandakoak azalarazi nahiko lituzke proiektu honek.

ERREALITATEA ALDATZEN DOAN IZAKIA:

Aurrez aipatu moduan errealitatearen irmotasuna jarri nahi dugu auzitan. Mugi ezin eta betikoak diruditen espazio, ohitura eta tradizioak betiko ez direla eta betidanik ez daudela erakutsiz. Horrela, gizarteak errealitatea aldatzeko duen gaitasuna ikusaraziko da eta indarrean jarri ere, errealitatea aldatzeko izan dezakegun gaitasuna.

Horrekin batera, ikasleek beraien inguru fisiko zein sozialak denboran zehar jasaten dituen aldaketekiko jarrera aktibo eta kritiko bat hartzea izan da helburua. Herritargoaren aktibotasuna bilatzea, subjektu eraldatzaile izate prozesuan beraien ideia eta gogoak aurrera ateratzeko duten gaitasunaz jakitun egin eta aktibatzea.

ETA HAU, NOLA?

Lan metodologiari dagokionez, sorkuntza prozesua taldeka egin da ikastolako Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Horrela, gela bakoitzean dinamizatzailea izango den tutoreak erabakiko du nolako taldeak osatu. Azpimarratzekoa da, ikastolako adin tarte desberdinek hartu dutela parte, txiki eta gazteenetatik nagusietaraino.

Sorkuntza prozesua burutzeko lehenik eta behin gaia edo sorkuntza prozesua, hau da iragana-oraina-etorkizuna begirada garatzeko gaia aukeratuko dute ikasleek.

Aukeratu diren gaien artean, besteak beste, Haur Hezkuntzan adibidez Olaztiko harrobia dago, Lehen Hezkuntzan, atzo eta gaurko jolasak eta DBHn berriz, festetako atorren bilakaera. Guztira, dozena bat gai aukeratu eta landu dira.

Beraz, sortze prozesu hau gune fisiko baten inguruan izan da baina baita, tradizioen bilakaeraren inguruan: Kintoen bilakaeran emakumeen parte hartzea adibidez.

Guzti hau burutzeko, obra bakoitza hiru planotan berezi dugu: Iragana, oraina eta etorkizuna.

Lehendabiziko lana beraz, oinarri hartu nahi dugun gaia eta espazioa izan da. Honek, gaia beraren garapen historikoa zein izan den lantzera eraman gaitu, horrela, plaza batek, eraikin batek, ohitura baten iragana, islatu dugu.
 
Lehen pauso honen bidez, iragana landu ahal izan dute, ingurunearekiko atxikipena indartuz. Lehen pauso honek etxean, familian gaia jorratzeko aukera eman die ikasleei, eta finean norberaren ingurune fisiko eta sozialarekiko atxikipen prozesua indartu.
Bigarrenik, egun aukeratu dugun gai horrek azaltzen duen egoera islatu dute ikasleek.

Bigarren pauso honen bidez, egungo egoera azalarazi dute beraz, eta hau modu oso desberdinetan islatu ahal izan da.

Eraldaketa prozesuak azaleratu nahi izan ditugu, eta hau ikasle talde bakoitzak hartzen duen bidearen arabera ibilbide eta garapen propioak hartu ditu.

Hirugarrenik, etorkizunera begira jarri gara. Zer nola izatea nahiko genukeen ikustera eta sortzea.

Azken pauso honen bidez, beraien gogoeta azalari nahiko litzateke, etorkizunean eragiteko izan dezaketen protagonismoaren jakitun egin.

Sorkuntza prozesu honen bidez, beraz ikasleek errealitatea aldatzeko duten indarraz jakitun egin nahi izan ditugu. Eta horretarako, ezinbestekoa dela iragana ezagutu, errealitatea aztertu eta etorkizuna irudikatu eta egia bilakatzeko lan egitea.

KORONAVIRUSA TARTEKO

Ikasleekin lanketa guztia egin dugun honetan eta obrak kaleratzea falta izan zaigunean iritsi da gure bizitzak eraldatu dituen birusa.

Hori dela eta, proiektu berezi eta polit hau atzeratu behar izan dugu eta ondorioz, herritarren esku uzteko pausoa eta ikasleek eginiko hausnarketaren gizarteratzea eten da.

Helburu nagusia, ikasleekin prozesua bera garatzea izan den arren, pena handiz hartu dugu, etenaldi hau.

Hala ere, azken pauso hau, egoerak ahalbidetzen duen neurrian emango dugu, nola ez!

 Dokumentua ikusi

Artea Kalea, denbora eta aldaketekin jolasean
Itzuli

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu