2019/11/07 | Labiaga Ikastola

1984an sortu zen mendi taldea, ikastola sortu eta 10 urtera

BERA- Labiagatik Larunera edo Larunetik Labiagara? Erranen genuke Labiagakook Berako mendi ttonttorrekin badugula harreman berezia. Izan ere 1984an Ikastolako Larun Mendi Talde arrakastatsua sortu zen. Mendizaletasuna bultzatzeko, Berako txoko desberdinak ezagutzeko, gizarte osasuntsu bat hezteko, kirola bultzatzeko, ikastolako kideen arteko harremanak sendotzeko, eta naturaz gozatzeko sorturiko mendizale taldea dugu, bertzeak bertze, Larun Mendi Taldea. Duela 35 urte sorturiko taldeak partaide ezberdinak izan dituen arren, helburu berdinarekin taldea mantentzen saiatu gara. Horren berri emanen digute Mari Jose Errandonea Alzugurenek, Larun Mendi taldeko sortzaileetako batek;eta gaur egun taldea berriz martxan paratu duen Raul Iparragirre Alzurik.

Mari Jose, noiz sortu zen Larun Mendi Taldea?


MARI JOSE - 1984. urtean sortu zen Labiaga Ikastolako Larun Mendi Taldea. Ikastola sortu eta hamar urtera.

Zergatik sortu zen taldea?

M.J.- Gurasoek ikusten zuten haurrak igande goizetan telebistari begira egoten zirela. Orduan pentsatu zuten mendira eramatea egokia izanen zela. Bakarrik joan beharrean elkarrekin joateko ideia sortu zen eta horrela hasi ginen poliki-poliki irteerak antolatzen.

Nola egiten zenuten jendea irteeretara joateko?

M.J.- Hasieran, hilabeteko irteerekin taula bat egiten genuen eta ikastolako atean jartzen zen, geroxeago urteko taula egiten hasi ginen eta hau ere ikastolako atean zintzilikatzen zen. Astean behin egiten genituen irteerak, igandetan.

Nola antolatzen zenuten ibilaldi bakoitza?

M.J.- Bakar batzuk elkartzen ginen eta irteera desberdinak antolatzen genituen. Nora joan erabaki, zer ikusi, nondik egin bidea, ordutegia, adin desberdinetako pertsonentzat egokitu…

Gosaltzeko zer eramaten zenuten?

M.J.- Gosaltzeko normalean, etxeko bokadiloa eramaten genuen, mendian ginela bide erdian edo, gosaltzeko tenorean bokadiloak motxilatik atera eta atseden hartzen genuen. Gaur egungo gizartean ohitura hori aldatu dela iruditzen zait.

Nola joaten ziren Larun Mendi Taldekoak?

M.J.- Adin guztietakoak joaten ginenez martxa desberdinak eramaten genituen, ttikienak batzuetan kotxez hurbiltzen ziren eta bertzeak hasieratik oinez joaten ginen. Ibiltzerakoan batzuk martxa bizkorragoan, bertze batzuk jostetan eta ttikiak eskutik emanda igotzen genituen Berako ttonttorrak.

Nolako irteerak ziren?

M.J.-Hasieran hurbileko mendietara joaten ginen: Santabarbarara, Zigorriagara… Geroago urrunago joaten hasi ginen. Baina bertakoak ahantzi gabe, batzuetan urrun joaten gara eta ez ditugu hemengoak ezagutzen.

Zein hizkuntzatan solasten zineten?

M.J.- Gu, euskaraz solasten ginen beti. Ikastolako guraso, ikasle, lagun-tzaileak joaten ginen eta gure artean beti euskaraz egiten dugu.

Noiz berreskuratu zen Larun Mendi Taldea?

RAUL IPARRAGIRRE- 2019ko ilbeltza-otsailean berreskuratzeko prozesuan hasi ginen. Hasieran bilerak egiten genituen irteerak antola-tzeko, Larun Mendi Taldeko sortzaileekin elkartzen ginen ideiak har-tzeko. Gerora, apirila inguruan mendi ibilaldiak antolatzen hasi ginen, gaur egun arte.

Nola berreskuratu zenuten Larun Mendi Taldea?

R.I.- Ikastolako 3.mailako ordezkari bat nintzen, eta Ikastolako bertze gela-ordezkari bati Larun Mendi Taldea berreskuratzeko ideia bururatu zitzaion. Niri ideia gustatu zitzaidan eta mendi irteerak martxan jartzeko taldea osatu nahi izan nuen. Gauzak horrela, ikastolako hiru mendizale animatu nituen nirekin batera ibilaldiak antolatzeko, eta bertze pertsona batek ere bere burua eskaini zuen. Orain bortz mendizalek antolatzen ditugu Larun Mendi Taldeko irteerak.

Nola animatzen duzue jendea Larun Mendi irteeretan parte hartzera?

R.I.- Ahoz aho egiten dugu, anitzetan parkean elkartzen garenean jendea animatzen dugu gurekin etortzera eta kalean ere elkar ikusterakoan abisatzen ditugu. Gainera, irteera baino egun batzuk lehenago astekarian bidaltzen da informazio guztia Ikastolako familia guztiak irakurtzeko.

Nola erabakitzen duzue zein menditara goititu?

R.I.- Denok elkartzen gara eta bilera bat egiten dugu. Denok batera erabakitzen dugu zein menditara goitituko garen eta nondik. Bi beratar taldean daudenez bide gehiago ezagututa buelta desberdinak egiten ditugu.

Zenbatero egiten dira irteerak?

R.I.- Hilabetean behin egiten ditugu irteerak. Hilabeteko lehenengo asteburuan antolatzen saiatzen gara, nahiz eta batzuetan data aldatu behar izaten dugun egun bereziak direlako.

Zenbat denbora eramaten duzu Larun Mendi Taldean?

R.I.- Nik gutti goiti-beheiti 10 hilabete eramaten ditut Larun Mendi taldean. Urte hasieran hasi ginen lanean eta gaur egun arte nago hemen ber-tze lau mendizaleekin batera.

Lehenagotik Larun Mendi Taldea ezagutzen zenuen?

R.I.- Nik ez nuen taldea ezagutzen baina nire bikoteak bai. Nire lagunek ere ezagutzen zuten. Beraiek erraten zidaten nolakoa zen eta zeinen ongi pasatzen zuten.

Neskak zein mutilak animatzen dira?

R.I.- Bai, zorionez neskak eta mutilak animatzen gara eta horrela segi-tzea espero dut.

 Dokumentua ikusi

1984an sortu zen mendi taldea, ikastola sortu eta 10 urtera
Itzuli

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu